ATZEKOZ AURRERA. Ruben Rosas. Komunikazio teknikaria eta dokumentalgilea

«Gu geu gara gizartea modu kolektiboan egituratzeko traba»

Euskal Herrian mendetan egin den atsolorraren ohitura jasoko du Rosasek dokumental labur batean. Auzolanaren eta zaintzaren gizarteratzea nabarmendu, eta ohitura zaharra ezagutarazi nahi du.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
itziar ugarte irizar
Donostia
2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Atsolorra proiektuarekin IV. Benito Ansola saria jaso du Ruben Rosasek (Donostia,1984), Euskaltzaleen Topaguneak eta Euskal Zine Bilerak sustatuta. Euskal Herriko baserri giroan emakume batek haurra izan eta osatzen zenean inguruko andreekin egiten zuten festa da atsolorra; auzolanaren eta zaintzaren gizartearen eredu. 2012tik hainbat herritan berreskuratu dute ohitura zaharra. Hori guztia erakutsi nahi du Rosasek sariari esker egingo duen dokumental laburrean.

Komunikazio teknikari gisa dihardu lanean egun Rosasek, baina tarteka ikus-entzunezko proiektuak izaten ditu esku artean; laburrak eta dokumentalak egin izan ditu. «Zinearen bigarren maila batean» mugitzen dela dio.

Modan dago auzolana?

Ez dut uste. Euskal Herrian beti egon da auzolana. Iraganean asko praktikatu da, eta egun zailagoa da, baina egokitu da. Gaur denok gara lehiakorragoak eta indibidualistagoak, eta horri aurre egiten dio auzolanak. Hori aldarrikatzen du atsolorrak.

Gizartea modu indibidualistanbaino gehiago, modu kolektiboan egituratzea?

Hori da. Kasu honetan, umeen zaintza ez dela gurasoen kontua soilik, komunitatearena ere badela.

Nola uztartu daitezke biak?

Ereñotzuren (Gipuzkoa) moduko komunitate txikietan errazagoa da zaintza familiaren esku bakarrik ez geratzea. Herri edo hiri batean zailagoa izango da.

Hor ikusten duzu traba gizartea era kolektiboan egituratzeko?

Etengabe jasotzen ditugu modu indibidualistan jarduteko mezuak. Baina uste dut, oro har, gu geu garela traba nagusia.

Ereñotzun jarriko du fokua dokumentalak?

Oraingoz bai. Azkenean, eurak hasi ziren atsolorra berriz egiten 2012an, eta, hori aitzakiatzat hartuta,Ereñotzuren kasuistika bereziaz hitz egitea da asmoa. Gipuzkoako Foru Aldundiak entitate txiki moduan izendatua du. Hernanitik oso gertu dago, baina zortzi kilometrora; auzoa izateko urrunegi, baina herriaren barruan. Horrek herri sena garatzeko bide eman die bertakoei.

Nola kontatzeko asmoa duzu?

Egungo atsolor batera joango den familia baten egun osoa irudikatuko dugu, tartean dela ospakizuna. Eta, bitartean, beste ildo narratibo bat egongo da iraganeko atsolorra kontatuko duena. Ez naiz dokumentalean fikzioa sartzearen zalea, baina kasu honetan pasarte batzuk sartuko ditut; ume zenean atsolorra jaso zuen emakume batek egun hura nola irudikatzen duen kontatzeko. Ezin dut hori ez-fikzioan baizik azaldu. Pasarte horietan Ereñotzuko emakumeak agertzea nahi dut, euren aurrekoak omentzeko.

«Emakumeen bidez» kontatu nahi duzula esan zenuen saria jasotzean. Zer esan nahi duzu?

Azkenean, emakumeen historia da atsolorrarena. Garai hartako emakumeek etxeko lanean ematen zuten bizitza. Atsolorra aitzakia ia bakarra zen emakumeak batzeko. Gainontzean ez zuten elkarrekin egoteko eta jairako beste aukerarik izaten.

Emakume askorentzat parranda eguna zen, nolabait?

Bai, eta askotan ez dute askorik esan nahi horren inguruan. Bertan egiten zutena han geratzen zen. Antzeman izan dudanez, jai galantak egiten zituzten.

Ez dira hain aspaldiko kontuez, ala?

Tira, atsolorra XVI. mendetik 1970era arte egon zen indarrean, gutxi gorabehera. Gero galtzen hasi zen, eta dokumentalean saiatuko gara horren arrazoiak azaltzen.

Nola ikusten dituzu atsolorra berreskuratzeko egin diren saioak?

Oso onuragarritzat jotzen ditut. Egokitzapen bat da; gaur ezinezkoa da lehengo atsolorra egitea. Baina, neurri batean, atsolorra eguneratzeak aurreko emakumeek egindako lana goraipatzea dakar. Eta etorkizunera begira ere badago: gaur egungo haurrei bertako ohitura zahar bat transmititzen ari zaie. Hori da kultura, denon artean sortu behar dugun hori. Ez da iragana oroitzea soilik, etorkizuna zaintzea da.

Oiartzunen, Oñatin eta Urduñan, kasurako, udalak egiten die harrera urtean jaiotako umeei. Atsolorra instituzionalizatu dela gehitxo esatea da?

Norbaitek hartu behar zuen ardura, eta udalek hartu dute. Herri denek hartu dute antzeko bidea. Ereñotzun, esaterako, haur oso gutxi jaiotzen dira urtean, eta gurasoei bisita ere egiten zaie etxean.

Zein rol jokatzen dute gizonek atsolorraren berreskuratzean?

Iraganeko atsolorrean gizonek ez zuten parte hartzen, umearen ardura emakumeena zelakoan. Baina dokumentalean saiatuko naiz irudikatzen egun umeen ardura emakumearena beste dela gizonarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.