ATZEKOZ AURRERA. Patxi Perez. Musikaria eta dantzaria

«Guaraniera pizten lagundu nahi diegu»

Euskal Herriko plazetatik Argentinakoetara igaro da Perez. Han ezagutu zituen guaraniak, iaz, eta haientzako hiztegiak erosteko dirua biltzen ari da orain; izan ere, guaraniera bultzatu nahi dute.

Bidatz Villanueva
Baiona
2016ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Herriko plaza askotan izan dira Patxi eta Konpania. Taldeko kidea da Patxi Perez (1966, Baiona), musikaria eta dantzaria ofizioz. Mikrofonoarekin jaitsi ohi da oholtzatik, festara joan direnei dantza irakasteko. Munduan asko ibilitakoa da, eta, aurten, proiektu bat du esku artean: Hego Amerikako guaranien herriari hiztegiak erosteko dirua biltzea.

Erronka bitxia hartu duzue. Nola sortu zen ideia ?

Maialen Zanponi Eusko Diasporako kideak galdegin zidan Hego Amerikara joateko. Argentina iparraldeko Corpus Cristiren Eusko Etxean nintzela jakin nuen guaraniei laguntzen dietela. Nik Maialeni erran nion zer edo zer egin nahi nuela.

Zergatik hiztegiak?

Haiek hizkuntza suspertu nahi dute, eta, horretarako, hiztegiak eskatu zizkiguten. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere dirua eman du eskola bat eraikitzeko.

Zer eginen dute hiztegiekin?

Guaranieraren batu moduko bat egiten ari dira. Brasil, Paraguai eta Argentinan hitz egiten da guaraniera, eta ez dira oso antzekoak.

Dantzaldietan dirua bilduta lagunduko duzue proiektuan.

Patxi eta Konpaniarekin herriko plazetan egonen gara. Kutxa bat jarriko dugu, jendeak nahi izanez gero dirua jar dezan.

Eta dantzaldietan emanen duzue proiektuaren berri?

Hori da. Afixa bat ere prestatzen ari gara, jendeak jakin dezan zertarako jartzen duen dirua. Taldeak irabazten duen zati bat ere horretan inbertituko du.

Zenbat diru lortu nahi duzue?

Ez dugu zehaztu, oraindik ez dakigulako zenbat balio duen hiztegi batek, ezta zenbat beharko ditugun ere.

Herriz herri hasi zarete jada dirua biltzen?

Patxi eta Konpania gure ofizioa da. Hortaz, deitzen gaituzten herrira edo lekura goaz. Hor proiektua azaldu, eta jendeak nahi duena jar dezake. Boluntarioa da.

Uda, beraz, emankorra izanen da.

Espero dut. Gu, gehienbat, herriko plazetan ibiltzen gara. Bost musikari gara, eta ni mikrofonoarekin ateratzen naiz plazara, dantzak irakastera. Aurrekoan, bestalde, Algortako [Bizkaia] San Nikolas eskolatik deitu ziguten. Proiekturako 35 euro jarri zituzten han izan zirenek. Bidarten [Lapurdi] ere kutxa jarri, eta 50 euro ukan genituen.

Herritarren erantzuna, hortaz, baikorra da?

Polita da irudikatzen duguna. Hizkuntza bat suspertzen laguntzeko proiektu bat da. Guaraniera pizten lagundu nahi diegu.

Gero, Argentinara itzuliko zara?

Urri hasieran joanen naiz, eta hilaren erdialdean egonen naiz Corpus Cristiren Eusko Etxean. Bi euskal etxe batuko dira, eta nik euskal dantzak irakatsiko dizkiet. Gainerako taldekideak beranduago doaz.

Iragan urteko ibilbide bera eginen duzu?

Ez. Iaz, Buenos Aires inguruan egon nintzen, eta hortik hegoaldera dauden euskal etxeetan. Oraingoan iparraldera joan nahi dut.

Bidaia zure kontu egiten duzu?

Iragan aldian, bai. Aurten, Euskal Kultur Erakundeak ordainduko du erdia. Taldeak irabazten duenarekin ordaintzen dugu zati bat.

Han egon zarenean, zerk edo zerk harritu zaitu?

Argentinako gauza asko europartuak egoteak harritu nau. Bestalde, Buenos Aires inguruko euskal etxeek eta hegoaldean daudenek ez dute ezer ikustekorik.

Zerk egiten ditu hain bestelako?

Diru aldetik eta migratzeagatik dira bestelakoak. Euskal etxeetan daudenak euskal migratzaileak dira. Europan gertatzen ari dena oroitarazten dit. Siria edo Iraketik ihes egin, eta frantsesek eta besteek erraten dute: «Gure ohiturekin bizi behar dute». Ulertzen dut zerendako gelditzen diren migratzaileak beren artean. Guaraniei gauzak inposatu zizkieten. Izugarri polita da ikustea euskal etxe batek laguntza ematen diela indigenei horrelako proiektu batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.