Irriak ez dira eskas errepika gelan. Igandeko estreinaldiari begira, azken prestaketen egiten ari dira. Bixkotxa, bazkari kontu, bilkuratxoa. Ondotik, errepika hasi. Gorputzak ongi berotu eta hasi. Hamabost gurasoak bat-batean sator bilakatzen dira. Telefono joko, diskotekako dantza, satorren bidez lurpeko bizi berezia irudikatzen dute Putxerriko Satorrak ikusgarrian. Nagusiki dantza da. Inprobisaketarik jalgia, laguntzaile duten Joxelu Berasategi aktorearekin josia. Antzerki doi bat bada ere, baina hitz guti. Jesus Aured akordeoi jotzailea musikari, igandean emanen dute. Azkaineko Kiroletan. 17:00etan. Adin guztietako haurrentzat pentsatua dute. Helduak ez direla enoatuko segurtatu dute. Euskara ez jakitea ez da muga lanaren ulertzeko.
Ondoko emanaldia maiatzaren 24an da, Beran. Gero, Kanbon, Seaskaren 40 urteen karietarako bestan, ekainaren 14an. Beste ikusgarri batzuen emateko prest dira ere. Arras «motibatuak» dira, guraso taldeko kide Josiane Agerre Valenciak esan duenez. Segitzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundekoak eta beste antzerki bultzatzaile batzuek gonbidatu dituzte igandeko. Proiektua sostengatu eta hedatzekoa da, beste ikastoletako gurasoek esperimentatu beharko luketena, Agerre Valenciaren ustez: «Gurasoen artean zerbaiten muntatzea biziki aberasgarria da». Anitz ikasi dute, antzerkian, dantzan, taldean lan egiten, bestearekiko konfiantza sakontzen, harremanak indartzen, beldurrak gainditzen, eta beste.
Ikusgarri soil bat baino urrunago doa Putxerriko Satorrak, gurasoek azaldu dutenez. Hasteko, diru irabaziak Integrazio Batzordearentzat atxiki izanak badu garrantzia. Besaulki gurpildunean den Jean-François Mercier ikusgarriko gurasoetako bat da. Ikusgarria Integrazio Batzordearen alde delako onartu du parte hartzea: «Haur elbarrituak ahal bezain goiz eta ahal bezain eskolatze sistema normalean integratzea ezinbestekoa da». Ikusgarria kari Mercierrek elbarritasunaz bere lekukotasuna irakurriko du frantsesez. Euskaraz mintzatzen ez daki, baina beste gurasoek euskaratu testua irakurriko du.
Errepikak berak, gehienbat euskaraz egiten saiatzen dira. Hamabi saio izan dituzte Berasategirekin. Euskararen sustatzeko beharra ikastolatik kanpo, hori izan da beste xedeetako bat: «Euskaraz zerbait egiten ahal dugula ikastolatik kanpo erakutsi nahi diegu haurrei eta aita eta amei. Nahiz eta batzuek euskara ez menperatu, euskaraz bizitzen ahal garela», esplikatu du Agerre Valenciak, etagehitu du: «Haurrak izugarri harro dira gurasoak dantzan eta antzerkian ikustean. Gurasoak ere aktore izan daitezkeela ohartzen dira».
Joxelu Berasategi gonbidatu badute proiektura, jadanik ikastolako haurrekin lan bat eraman baitu izan da. Pantxika Telleria dantzariarekin abenduko ikusgarria prestatu zuten haurrekin, itsasoa gaitzat hartuz. Orduan, guraso talde bat hasi zen baita ikusgarri baten muntatzen, ikastolako haur eta gurasoei eskaini zietena. Gustatu eta segida bat eman nahi izan zioten. Hara nondik heldu den igandekoa.
Proiektua ordaintzeko, Berasategirekin izan hamabi saioak baita afixak, iragarkiak, material alokatze eta beste, Azkaineko eta inguruetako saltzaileen itzulia egin dute. Euskararen Erakunde Publikoari ere galdegin diote diru laguntza. 2.500 eurokoa izan dute aurrekontua.
Gurasoak izarren pare
Azkaineko ikastolako gurasoek 'Putxerriko satorrak' ikusgarria estreinatuko dute igandean, Azkainen; diru irabaziak Integrazio Batzordearen alde atxikiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu