Durango

«Gure abesti bat BERRIAko zutabe batean oinarritzen da»

2013ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Hamargarren urteurreneko ekitaldien barnean, kontzertua eskainiko du etzi Inoren Ero Ni taldeak, Durangoko Plateruena antzokian. Gronholm, Fosbury eta Fregoli lanek osatzen duten trilogia zuzenean joko dute andoaindarrek. Okene Abrego abeslariarekin hitz egin du BERRIAk; taldea Okenek berak, Mariano Hurtadok, Borja Iglesiasek eta Guanchek osatzen dute.

Urte luzea igaro da Fregolikaleratu zenutenetik. Zertan da taldea?

Fregoli-ren aurkezpen birako azken kontzertuak eskaintzen ari gara, eta lokalean ere lanean gabiltza. Grabaketa horren ondoren, bateria jole berria sartu zentaldean —Guanche—, eta, orain arte, nire anaiak —Mikel Abrego taldeko bateria jole ohiak— eginikoa jotzen ibili da. Badugu gogoa garai berri honetako abesti berriekin hasteko. Zuzenekoetan, indartsu ibili da, gero eta hobeto; beste estilo batetik dator, eta, hasieran, ohitu egin behar izan zuen, baina, hala ere, primeran murgildu da gurean. Egun, gurekin konposatzen ari da.

Zer eskainiko duzue etziko ikuskizunean?

Berez, hasiak gara lokalean garai berri honetako abestiak prestatzen, baina, oraindik, ez ditugu zuzenean erakutsiko. Gure lan guztietako abestiak joko ditugu, baina, batez ere, Fregoli-rekin itxi dugun trilogiako abestiak joko ditugu; lehen diskoko batzuk ere joko ditugu.

Zer esan nahi du zuentzat halakojaialdi batean parte hartzeak?

Guretzat aukera ona da hor gaudela esan eta babesa emateko; BERRIAri laguntza eskaini nahi diogu. Behar duen proiektu bat du esku artean BERRIA Taldeak, eta zenbat eta oihartzun handiagoa lortu, orduan eta hobe. Ahal dugun neurrian egingo diogu ekarpena proiektu horri.

Zein ekarpen egiten dio BERRIAk euskal musikari eta kulturari?

Erabateko laguntza ematen du, euskaraz egiten den egunkari bakarra delako; badago lan ikaragarri bat, eta egunkari formatuan hori egiten duen bakarra da. Urteetan egon diren gorabeherekin ere hor egoten jakin du. Oso ondo ikusten dugu nola babestu duen euskal kultura, eta indarra ere eman dio.

BERRIA kontsumitzen al duzu?

Lehen, harpideduna nintzen, baina, oraingo garaiak direla medio, utzi egin nuen. Gehiago maite dut paperean irakurtzea, baina egunerokoa Internetekoarekin egiten dut; egun osoan minutu batzuk hartzen ditut irakurtzeko.Tabernaren batean BERRIA baldin badago, irakurtzen dut.

Zer gustatzen zaizu gehien BERRIAtik?

Gehienbat, kultura saila; bertako artikuluak osorik irakurtzen ditut. Hasierako iritzi eta zutabeak ere maite ditut; bere garaian, abesti baten hitzak —Ondo bizitzeko beldur— Maialen Lujanbioren zutabe batetik atera genituen. Haren zutabearen jarraitzailea nintzen; egunero irakurtzen nuen. Egun batean, bat egin nuen gaiarekin, lehenengo hitzetik bukaeraraino. Telefonoz deitu, baimena eskatu, eta hitz horiek erabiliko genituela esan nion. Berak ere pozik hartu zuen deia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.