Erik Sanjuan eta Oscar Garrido. Ermuko Beti Txarto taldeko ordezkariak

«Gure desioa jaietako kontzertu guzti-guztiak herriko taldeek eskaintzea da»

2013ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Gaur, bihar eta etzi hainbat musika emanaldi izango dira Valdespina Markesaren parkean, 22:00etatik 05:00etara bitartean. Ermuko Beti Txarto taldeak antolatu ditu emanaldiak. Erik Sanjuan eta Oscar Garrido Beti Txartoko bozeramaileek azaldu dituzte kontzertuen eta elkarteen nondik norakoak.

Ermuko jaietan herriko taldeek presentzia handia izango dute. Beti Txarto taldeak lortu du hori, ezta?

Bai noski, elkarte moduan batzeak asko lagundu digu bide berean lan egiteko. Ermuan aniztasun handia dago musikaren arloan, eta horrek trabak sortzen zituen agertokira saltoa emateko orduan, batez ere gutxiengoak diren taldeei dagokionez. Hasieran, Valdespinako rock kontzertuak egiten ziren soilik, eta, egun, folk pop eta elektronika saioak ere izaten ditugu.

Herrikoa bultzatzea da zuen filosofia, ezta?

Erabat ados. Gure desioa jaietako kontzertu guzti-guztiak herriko taldeek eskaintzea da.

Jaietan herriko zenbat taldek joko dute?

Guztira, zazpi saio eskainiko dituzte: bi talde eta bost DJ.

Taldeek nolako jarrera erakusten dute? Gogotsu daude edo asko kostatzen da kontzertuak lotzea?

Ba, nahiko zaila da, jaiak izanda, batez ere, zaila egiten da konpromisoa aurkitzea. Eta Ermuan, zorionez, kulturarekiko apustu handia dagoenez, urte osoan batzuek nahiago dute beste baterako lagatzea aukera hori eta jaiez eta aisialdiaz disfrutatzea kontzerturik eman gabe.

Publikoari begira, aniztasuna kontuan hartu duzue?

Bai, azken finean, onarpen handiena duen produktua herrikoa da. Lehen esan bezala, aniztasunaatsegin dugu, alderdi ekonomikoak uzten digun neurriaren arabera. Hori dena kontuan izanda, badirudi bide onean ari garela, ezta?

Zein da Ermuko musika taldeen egoera egun?

Seigarren diskoa kaleratu duten hainbat talde daude, eta beste batzuek laugarrena kalean dute.Baditugu produkzio garrantzitsuekin mundu mailan Beatporten Top 100ean dauden DJak ere. Azkenik, hasiberriak ere badira gurean, ideia freskoekin etorri direnak. Ezin gara kexatu.

Zein garrantzi dute horrelako ekitaldiek taldeengan?

Askorentzat, aukera oso baliagarria da, lehenengo kontzertuez ari garelako. Ez da edozein zuzeneko kontzertu; esfortzu handia egiten dugu soinu tekniko profesionalak ekartzeko; beraz, horrek aukera esanguratsua sortzen du lehenengo kontzertuetan, eta hori ezin dezake edozein taldek esan.

Beti Txarto taldeak urteak daramatza lan ildo horretan. Horrela jarraitzekoak zarete?

Bai bai, inongo zalantzarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.