Maud Fontenoy. Nabigatzailea

«Gure etorkizunari begira zaindu beharko genituzke itsasoak»

ADRIAN GARCIA.
Adrian Garcia.
Poitiers
2011ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Maud Fontenoy nabigatzailearen (Meaux, Frantzia, 1977) irudia baliatu dute Zortzigarren kontinentea aurkezteko. Pertsona ezaguna da oso Fontenoy Frantzian. Itsasoari eskaini dio bizia, eta hainbat marka hautsi ditu. Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea zeharkatu ditu arraunean, eta munduari bira eman dio belaotzian. Kirol kutsua dute haren bidaiek, baina alderdi ekologiko eta gizatiar bat ere gordetzen dute. Borondatea izanez gero proiektu oro aurrera atera daitekeela erakutsi dio munduari Fontenoyk. Unesco eta Ozeanoen Munduko Sarearen bozeramailea da, eta hezkuntzan ingurumenaren inguruko kontzientzia sustatzeko fundazio bat sortu du.

Meaux-en jaioa zara, kostatik nahiko urrun. Nola sortu zitzaizun itsasoarekiko zaletasuna?

Meaux-en jaio nintzen berez, baina astebete bakarrik nuela itsasoratu nintzen lehen aldiz. Aita itsas arkitektoa zen, eta, ni jaio berritan, aingurak altxatu eta munduari bira emateari ekin genion 15 urtez. Nire bizitzaren erdia baino gehiago itsasontzi batean igaro dut. Bira horretatik bueltan abiatu nintzen bakarrik nire abenturetan.

Zer da bidaia horietatik gogorrena, bakardadea ala bidaiak eskatzen duen esfortzua?

Bakardadea oso gogorra da, noski, denbora asko egon bainaiz bakarrik. Lau edo bost hilabete iraun izan dute bidaiek. Bestalde, esfortzu ikaragarria eskatzen du bakarrik joateak, ezin baituzu lo egin jarraian zuk nahi adina. Arraunean 20 minutu egin dezakezu lo gehienez, eta belaontzian ordubete. Une oro haizeaz, eguraldiaz eta ontziaz erne egon behar zara. Azkenean, gorputza ohitu egiten da lo kuluxka txikien bidez deskantsatzen.

Nola lagun dezake hezkuntzak itsasoaren babesean?

Nire fundazioak gazteen hezkuntza sustatzea du helburu. Gazte horiek izango baitira etorkizuneko enbaxadoreak. Itsasoa ingurumena zer den erakusteko baliatu daiteke. Behin erakutsita, ingurumen hori maitatu dezaten ahalegindu behar da, haiek gero maitatzen duten hori babes dezaten.

Zer mundu mota utziko diegu etorkizuneko enbaxadore horiei?

Itsasoa oso eremu handia eta sakona da. Horrek, hein handi batean, pentsarazi digu itsasoak edozer gauza jasan dezakeela, itsasora edozer gauza botata ere itsasoak dena xurgatuko zuelakoan. Duela mende batzuetatik hona, batez ere aro industrialetik aurrera, ikaragarri ustiatu dugu itsasoa. Egun, marea beltzek, pestizidek sortzen duten marea berdeek eta gain ustiaketak mehatxatzen dute itsasoa. Hala ere, itsasoa ustiatzeko era positiboak sortu dira, dagoen arrain kopurua zainduz. Horrek lurra eta itsasoa ustiatzeko modu inteligenteak badaudela frogatzen du. Ozeanoek sufritu egiten dute egun, eta horregatik da beharrezkoa gizakiari ulertaraztea zenbaterainoko garrantzia duen itsasoak gure iraupenerako. Itsasoko animaliengatik baino, gure etorkizunari begira babestu beharko genituzke itsasoak. Ozeanoek, elikadura eta oxigenoaz gain, medikuntzarako sendagaiak eta energia ematen digute. Ikuspuntu ekologikotik harago, itsasoa deskantsurako, inspiraziorako eta zibilizazio eta kultura desberdinen elkar ulertzerako puntua da.

Zer sentitu zenuen zortzigarren kontinentea deiturikoa ikusi zenuenean lehenengo aldiz?

Itsaso zabalera nabigatzera ateratzen zarenean, ez duzu inoiz espero horrenbeste zabor ikustea, normalagoa izaten baita hondakinak kostaldetik gertu egotea. Baina ez da hala, Antartiko aldean ere zabor masa handiekin topa zaitezke. Itsasoaren kutsaduraren %80 lurretik dator, kostatik urrun dauden lurraldeetatik.

Zure bidaiak emakumeen aldarrikapen moduan uler daitezke?

Atlantikoa eta Ozeano Barea zeharkatu duen lehenengo emakumea izan naiz. Egia da nire bidaiek eragina izan dutela emakumeengan; konfiantza eta segurtasuna emateko balio izan dute. Emakume gutxi ateratzen dira itsasora, eta nik gogoa nuen frogatzeko gizonek bezala nabigatzeko gai nintzela, nahiz eta haiek baino beso txikiagoak izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.