Juan Arrosagarai. Bideogilea

«Gure historia politikoak ia inkontzienteki eragin diguna zabaldu nahi dut»

Euskal Herriaren azken 30 urteak autoerretratu politiko baten bidez aztertzen ari da artista 'Argi ta garbi' egitasmoan. Gaur estreinatuko du Iruñean; gero Bilbora, Gasteizera eta Marseillara eramango du.

Edu Lartzanguren.
2013ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Juan Arrosagaraik (Iruñea, 1967) bideoa, argazkigintza eta euskarri digitalak irakasten ditu Gasteizko Lanbide Eskolan. Argi ta garbi bideo egitasmoa estreinatuko du gaur, 20:00etan, Iruñeko La Hormiga Atomica liburu dendan. Argazkiz, bideoz eta blog batez osatu du erakusketa. Lanak ikusi ondoren, «jai giroko mahai inguru bat» egingo dutela agindu dute. Azaroan, Bilbon egongo da ikusgai, Bilbaoarten; Gasteizen, 2014ko urtarrilean, eta, ondoren, Marseillan (Frantzia).

'Argi ta Garbi' egitasmoa zeure autoerretratu edo autobiografia politikoa dela diozu. Zein zentzutan «politikoa»?

Lehen pertsonan bizi izan ditudan Euskal Herriko historia politikoaren une batzuk berrikustea da nire asmoa, eztabaida sortzeko helburuarekin. Adibidez, bigarren atalean bonba poltsen inguruan ari naiz, Alfredo Agirre haurraren kasuaren bitartez. Poltsa batean ezkutaturiko bonba horietako batek hil zuen Xabierko aldapan, Iruñean, 1985ean. Geroztik, poltsarik ez ostikatzeko esaten ziguten amek. Gure historia politikoak ia modu inkontzientean egin diguna zabaldu nahi dut, orainaz eta geroaz hausnartzeko.

Orain artista asko dabiltza istorio autobiografikoak eraikitzen. Horrek ez al du perspektiba historikoa ezinbestean eta izugarri deformatzen?

Oso gai minbera da, eta edozein ikuspuntutik jorratuta, beti haserretu daiteke baten bat. Norberak bizitakotik kontatzen baduzu, inork ezingo dizu esan «hori ez zen horrela izan». Bestalde, ez naiz konpetentea diskurtso orokorrak egiteko. Gauza txikietatik abiatu nahi nuen, handiak bezain garrantzitsuak direlakoan. Basili Grossmanen Bizitza eta Patua hartu nuen erreferentziatzat, juduen aurkako jazarpena familia baten bidez kontatzen baitu. Zehatzetik unibertsalera; balioko estrategia da, eta oso aberatsa.

1978ko San Ferminen eta German Rodriguezen hilketaren inguruan ari zara bideoan.

Izan ere, hori da nire lehen oroitzapen politikoa. Etxeko irratiarekin Poliziaren komunikazio kanala entzuterik zenuen, eta jolas gaizto bat zen, reality beldurgarria, «denak akabatuko ditugu» esaten zutelako. Jende askok grabatu egiten zuen.

Haurtzarotik abiatzen den istorio hau zein garaitaraino eramango duzu?

Dagoeneko eginda ditudan bost atalak 1992. urtean amaitzen dira, Marseillan [Frantzia] egin nuen graduondoan. Seigarrenak 1990eko hamarkadako Gasteiz haren inguruan hitz egingo du, orduko urrezko kultur aroaz. Oraindik geratzen da zerbait, Hala Bedi irratia, esaterako. Epilogoa gaurko garaiaz mintzatuko da, eta nahiko nuke beste atalak ikusi dituztenen artean eraikitzea, egoera honetatik nola atera galdetzeko.

Zure adineko jende askok antzeko bizipenak izango ditu. Ondorio beretara heltzea espero duzu?

Ez dakit. Badira adinkideak bizipenkide ez ditudanak, eta baditut adinkide ez diren bizipenkideak. Eta tartean, mota guztietako pertsonak daude. Marseillan ginenean, frantsesek eta italiarrek esaten ziguten euskaldunok beti politikaz ari ginela. Orduan ezin nien ukatu, baina orain ez naiz horren ziur. Uste dut serioegia dela politikoen eskuetan uzteko eta, agian, garaia dela berriz politikaz mintzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.