Juan Mari Azkue. Aiako Aristerrazuko erromeriako antolatzailea

«Gurean bezalako erromeriarik ez da antolatzen dagoeneko beste inon»

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
70 urtetik gora dira Aiako Andatza auzoan erromeria egiten dela. Hasieran noizean behin egiten zuten, baina duela 40 urte ingurutik hona han izaten da dantzarako aukera igandero. Auzokideek antolatu izan dute erromeria urte luzez, gazteek batik bat, baina «duela hogei urte inguru gazteek antolatzeari utzi zioten, normala den bezala, kalerako bidea hartu baitzuten». Orduz geroztik, Juan Mari Azkue eta beste bi lagunek erromeria antolatzeko ardura hartu zuten. Aiako Aristerrazu jatetxean egiten dute, urrian hasi eta ekainera arte. Igande honetan izango da denboraldiko azkenengo erromeria.

Hainbeste urte erromeriak antolatzen, zer-nolako arrakasta du zuenean antolatzen den asterokoak?

Jendea oso ondo dabil bolada honetan. Orain dela pare bat urte arte gaueko hamarretatik gauerdira arte egiten genuen, baina jendea gutxitzen hasi zela sumatu genuen. Orduan pentsatu genuen arratsaldetan antolatzea, eta, egia esan, jendeak oso ondo erantzun du.

Eta zer jende etortzen da dantza egitera?

Orokorrean 30 urtetik gorako jendea izaten da batez ere, eta 50 eta 60 urte inguruko asko. Baina gazteak ere etortzen dira, egunaren arabera. Baina, hori bai, etortzen den jende guztia dantzatzera etortzen da.

Arrakasta badaukazuela esan daiteke, beraz. Zein da giltza?

Urte asko daramagula, eta, batez ere, sekula ez dugula utzi. Tarteka, iganderen batean huts egiten dugu, baina erromeria hor dago, igandero. Garai zail batzuk ere izan ditugu, eta horietan ere eutsi egin diogu. Trikitilariek ere hauxe daukate; hauxe da gelditzen zaien erromeria bakarra, eta eutsi egin behar zaio.

Zailtasun garaiak aipatu dituzu. Noiz izan zen hori?

Orain dela urte batzuk izan ziren trikitilari talde batzuk famaizan zutenak, Gozategi, Alaitz eta Maider eta tankerakoak. Gurera ere etortzen ziren, eta orduan gazte asko inguratzen zen. Baina talde horiek desagertuz joan ziren bezalaxe, gazteek ereetortzeari utzi zioten. Helduek talde berri horietara ez ziren inguratzen, eta tarte horretan izan zen momentu bat nahiko bihurria.

Eta orain zein bolada dago?

Berriz ere lehengo erak hasi ziren bueltatzen, eta gaur egun soinua eta panderoa dira gehien dabiltzanak. Horretara helduak asko mugitzen dira orain...

Erromerien egoera nola ikusten duzu Euskal Herrian?

Trikitilariekin hitz egiten dut, eta esaten dute hemen ibiltzen den kuadrilla hau nonbaiteko festetan topatuz gero orduan erromeria izaten dela. Bestela, ezin dela jendea dantza egitera animatu. Gurean bezalako erromeriarik ez da antolatzen dagoeneko beste inon.

Aristerrazuko erromeria erreferentzi bihurtu dela esan daiteke?

Erreferentzi? Ez dakit ba, agian bai...

Hemengo erromeria antolatzeko garaian, testigua norbaitek hartuko al du?

Zaila dago. Hemen jarri izan gara maiz pentsatzen. Gu zahartzen ari gara, eta trikitilariak ere bai. Hauek gelditzen diren egunean egongo al da erromeriarik? Kezka badago.

Dantza gidatuen eredua izan al daiteke etorkizunerako giltza?

Jendea mugitzeko izan daiteke etorkizunerako giltza, baina ez dakit. Egun jakin batean joango dira dantza egitera, baina beste erromeria bat antolatzen denean agian joan ere ez. Horietara ere joan egin behar da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.