Juan Mari Azkue. Aiako Aristerrazuko erromeriko antolatzailea

«Gurean bezalako erromeririk ez da antolatzen dagoeneko beste inon»

Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
70 urtetik gora dira Aiako Andatza auzoan erromeria egiten denetik. Hasieran noizean behin egiten zen, baina duela 40 urte ingurutik hona, bertan izan dute zita dantzazaleek igandero. Auzokideek antolatu izan dute erromeria urte luzez, gazteek batik bat, baina «duela hogei urte inguru gazteek antolatzeari utzi zioten, normala den bezala, kalerako bidea hartu baitzuten». Orduz geroztik, Juan Mari Azkue eta beste bi lagunek erromeria antolatzeko ardura hartu zuten. Aiako Aristerrazu jatetxean izaten da zita, urrian hasi eta ekainera arte. Igande honetan izango da denboraldiko azkenengo hitzordua.

Hainbeste urte erromeriak antolatzen, zer nolako arrakasta du zuenean antolatzen den asteroko zitak?

Jendea oso ondo dabil bolada honetan. Orain dela pare bat urte arte gaueko hamarretatik gauerdira arte egiten genuen, baina jendea gutxitzen hasi zela sumatu genuen. Orduan pentsatu genuen arratsaldetan antolatzea, eta egia esan jendeak oso ondo erantzun zuen.

Eta zein perfil inguratzen dantza egitera?

Orokorrean 30 urtetik gorako jendea izaten da batez ere, eta 50-60 urte inguruko asko. Baina gazteak ere inguratzen dira, egunaren arabera. Baina hori bai, inguratzen den jende guztia hona dantzara etortzen da.

Arrakasta badaukazuela esan daiteke beraz. Zein da giltza?

Urte asko daramazkigula, eta batez ere utzi ez dugula sekula egin. Tarteka iganderen batean huts egiten dugu, baina zita hor dago, igandero. Momentu zail batzuk ere izan ditugu, eta horietan ere eutsi egin diogu. Eta gero trikitilariek ere horixe daukate, hauxe dela gelditzen den erromeri bakarra eta eutsi egin behar zaiola.

Zailtasun garaiak aipatu dituzu. Noiz izan zen hori?

Orain dela urte batzuk izan ziren trikitilari talde batzuk fama izan zutenak, Gozategi, Alaitz eta Maider eta tankerakoak. Gurera ere etortzen ziren, eta orduan gazte asko inguratzen zen. Baina talde horiek desagertzen joan ziren bezalaxe, gazteek ere etortzeari utzi zioten. Helduek talde berri horietara ez ziren inguratzen, eta tarte horretan izan zen momentu bat nahiko bihurria.

Eta orain zein bolada dago?

Berriz ere lehengo erak hasi ziren bueltatzen, eta gaur egun soinua eta panderoa dira gehien dabiltzatenak. Horretara helduak asko mugitzen dira orain...

Erromerien egoera nola ikusten duzu Euskal Herrian?

Trikitilariekin hitz egiten dut, eta esaten dute hemen ibiltzen den kuadrilla hau nonbaiteko festetan topatuz gero, orduan erromeria izaten dela. Bestela ezin dela jendea dantza egitera animatu. Gurean bezalako erromeririk ez da antolatzen dagoeneko beste inon.

Aristerrazuko erromeria erreferentzi bihurtu dela esan daiteke?

Erreferentzi? Ez dakit ba, agian bai...

Hemengo erromeria antolatzeko garaian, testigua norbaitek hartuko al du?

Zaila dago. Hemen jarri izan gara maiz pentsatzen. Gu zahartzen ari gara, eta trikitilariak ere bai. Hauek gelditzen diren egunean egongo al da erromeririk? Kezka badago.

Dantza gidatuen eredua izan al daiteke etorkizunerako giltza?

Jendea mugitzeko izan daiteke etorkizunerako giltza, baina ez dakit. Egun jakin batean joango dira dantza egitera, baina beste erromeri bat antolatzen denean agian joan ere ez. Horietara ere joan egin behar da!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.