Joseba Azkarraga. Soziologoa eta irakaslea

«Gutxiagorekin bizitzea exijentzia fisiko bat izango da etorkizunean»

Sistema bera krisian dagoela eta, hala ere, gizartearen heldulekua oraindik hazkunde ekonomikoan oinarritzen dela adierazi du; horri buelta emateko aldaketa bat egon behar dela esan du.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Soziologian doktorea eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Joseba Azkarraga (Abadiño, Bizkaia, 1972). Zenbat eta gehiago, orduan eta hobeto? Etorkizuneko gizarteaz eta bizieraz mahai inguruan mintzatuko da, Jose Maria Hernandez Kristina Enea Fundazioko presidentearekin eta Leo Argote ingeniari agronomo eta Basherri mugimenduko Azabaratza taldeko kidearekin batera. Gaur, 19:00etan, Errenterian, Reina aretoan (Gipuzkoa).

Zeri buruz hitz egingo duzu?

Gure ongizaterako, funtsezko hiru iturri daude: lehenengoa ekoizpen ekonomikoa da, truke ekonomiko bidez lortzen duguna eta BPGak neurtzen duena. Bigarren iturriak dira trukeak, baina diru oinarririk ez dutenak. Hirugarrena ere badago, ekosistemak, eta hortik lortzen ditugun produktu eta zerbitzuak: ura, oxigenoa, petrolioa... Gure gizarteetan gertatu dena da gehiegi hedatu dela ekoizpen ekonomikoa eta beste bi iturriak kaltetu dituela. Gizarteak heltzen dira puntu batera, zeinetatik aurrera materialki gauzak hobetzeak ez duen esan nahi ongizatea hobetzen denik.

Krisi garai honetan bizi-kalitatea okertu dela uler daiteke?

Nabarmena da sektore zabal batentzat krisi honek pobretze masibo bat ekarri duela, eta estualdi eta beldur egoera bat. Orduan, bai ikuspegi materialetik bai psikikotik, halako eraso masibo bat ekarri du. Deshazkunde prozesu bat gertatzen ari da sektore zabal batean, baina oso modu desordenatuan: jende asko oso gaizki pasatzen ari da, eta luxuaren sektorea, berriz, %20 hazi da. Hazkunde mugagabearen ideian erabat oinarritzen den gizarte bat deshazkunde prozesuan sartzean, sufrimendua pizten da. Agian arazoa ez da deshazkundea, hazkunde mugagabean oinarritutako gizartea bera baizik.

Garai aproposa al da aipatu dituzun beste bi puntuak lantzeko?

Bai. Garaia da hazkunde ekonomiko mugagabearen ideia bera zalantzan jartzeko. Krisi garai honetan gure esperantzak daude batez ere hazkunde ekonomikoan jarrita, baina hazkunde ekonomiko mugagabeak ekarri gaitu gauden lekura. Horrez gain, ezberdintasun sozioekonomikoak inoizko handienak izatera ekarri gaitu. Baita antsiolitikoen kontsumoa urtero bikoiztera ere; eta ez, orain, krisi garaian, baizik eta hazkunde garaian. Eta, hala ere, jarraitzen du guretzat izaten halako helduleku ia magiko bat.

Nork eman behar ditu pausoak?

Beharko genuena, ziurrenik, paradigma aldaketa bat da. Hau ez da erreforma txikiz egin daitekeen zerbait. Krisi sistemiko batean gaude, eta talka baterantz doa gizadia zuzen-zuzen. Ikuspegi ekonomikotik oso garbia egiten zaigu, baina badaude beste talka garrantzitsuago batzuk zerikusia daukatenak ekologiarekin, energiarekin eta klimarekin. Horri guztiari aurre egiteko, era guztietako interbentzioak beharko ditugu eskala guztietan: lokaletik nazioartera. Gainera, eragile guztiek sentitu beharko lukete interpelatuta. Guztien ekintza koordinatuak aurre egin ahal izango dio kontu horri.

Nola imaginatzen duzu etorkizuna?

Etorkizunean ziur gauzak aldatuko direla. Gutxiagorekin bizitzea exijentzia fisiko bat izango da. Gainera, datozen aldaketak iraultzaileak izango dira. Gizarte industriala oinarritu da egitura erraldoi eta zentralizatuetan. Etorkizunak eskatuko duena da eskala txikiagoko egiturak sortzea eta deszentralizazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.