ATZEKOZ AURRERA. Txaro Arrazola. Artista eta irakaslea

«Gutxiagorekin bizitzen ikasi behar dugula uste dut»

Txaro Arrazola da aurtengo Gasteizko jaietako pregoilaria. Ibilbide artistiko luzea du, eta, gainera, EHUko irakaslea da. «Kapitalismo basatiaren» inguruan hausnartzeko mezua helarazi nahi du.

RAUL BOGAJO / FOKU.
iraia vieira gil
Gasteiz
2023ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
1963. urtean jaio zen Txaro Arrazola, Gasteizen. Andre Mari Zuriaren jaiak bere bizitzaren zati garrantzitsu bat izan dira beti, eta aurten pregoilari izateko hautatu dute. Arte Ederretan doktorea da, eta munduko hainbat herrialdetan erakutsi ditu bere obrak; Espainian, Alemanian edota AEBetan, esaterako. Lan kritikoak sortzea gustatzen zaio, eta feminismoa, errefuxiatuen eskubideak edota zaintza lanen desoreka ditu aldarri nagusi. EHUko irakaslea ere bada.

Zer sentitu zenuen pregoilaria izango zinela jakin zenuenean?

Oso pozik sentitu nintzen, eta segidan pentsatu nuen: «Zergatik ni?». Minutu erdi eman nuen behin betiko erabakia hartzeko, eta, azkenean, baiezkoa eman nien. Bizitzan behin gertatzen diren gauzetako bat da pregoilari izatea, eta gurasoak asko poztuko zirela banekien. Hala ere, emozio kontrajarriak izan nituen: zer esan behar nuen ez nekien, baina, aldi berean, ohoretzat hartu nuen niri deitu izana.

Artea kritikoa egiten duzu. Zer emezuhelarazi nahi izan duzu pregoilari gisa?

Mezu gazi-gozoa da. Egoera gogor batean bizi gara; kapitalismo basati eta amaigabe batek amaiera duen mundu bat zuzentzen jarraitzen du. Gutxiagorekin bizitzen ikasi behar dugula uste dut. 16 urterekin bizi izan ditut nik jairik onenak: dirurik ez nuen, baina ogitarteko bat afaldu eta fanfarrearen atzean saltoka jartzen nintzen, zoro moduan.

Horrez gain, beste zerbait?

Mugak ixteko mezua ari da zabaltzen, eta ez zait gustatzen. Nire aitona-amonak inguruko herrietatik etorri ziren Gasteizera, eta, garai hartan, kanpotarrak ziren, mundua askoz ere txikiagoa zelako. Egun, zaintza lanak egiten dituzten emakume gehienak Saharakoak, Latinoamerikakoak edota Magrebekoak dira. Eraso egiten diete beren jatorriagatik, baina eskerrak eman beharko genizkieke.

Zer lotura du arteak Andre Maria Zuriaren jaiekin?

Kultura herrikoia artea da. Garai desberdinetara egokitzen da etengabean, eta orain ere hala ari da gertatzen. 1957. urtera arte ez zen Zeledonik egon, baina jaiak berdin-berdin ospatzen zituzten. Gizartearen beharren arabera aldatzen dira ohiturak. Zeledon gizon bat izatea zuzena ote den da egun geure buruari galdetzen dioguna.

Nola gogoratzen dituzu ume bat zineneko jaiegunak?


Nire aitaren familiak barraketatik gertu zuen baserrian bizi ginen. Amak eta izebek barraketara eramaten gintuzten beti; tonboletara joaten ziren haiek, eta gu barraka guztietara igotzen ginen. Txu-txu trenera joaten ginen, eta txurroak eta azukrezko kotoiak jaten genituen, guztiz ase arte. Nerabezaroari dagokionez, inoiz bizi izan ditudan jairik onenak izan dira.

Nolakoak dira orain? Zeozer aldatu da?

Ondo pasatzen dut, baina beste era batera. Gazteagoa zarenean, burua galtzen duzu, inolako lotsarik gabe ateratzen zara kalera, eta, heldu bihurtzen zarenean, hori guztia galtzen da. Gabonen garaia heltzen denean izaten dugun dilemaren antz handia du: Bizarzurin, Olentzeron edota Hiru Errege Magoetan sinesten zenuen garaiaren falta sumatzen dugu. Dena dela, jai bakoitzaren barruan doan zerbait dela uste dut. Jai izaera baldin baduzu, fanfarrea ikusi, eta saltoka jarriko zara.

Nola bizi ohi duzu jaietako azken eguna?

Urtero desberdin. Zeledonen igoera ikustera joan naiz askotan, eta, oro har, egun tristea da. Aldiz, deskantsatzeko egunik onena da; Gasteiz lasai eta garbi gelditzen da, eta udaz gozatzen jarraitzeko aukera duzu oraindik. Pertsonak serio bihurtzea da niretzat penagarriena. Jai giroan askoz ere jatorragoa da jendea; irekiagoa. Jaiak amaitzen direnean, ordea, berdin jarraitzen du guztiak, hilabete batzuk geroago inauteriak ospatzen ditugun arte.

Pregoia jo ostean, jaietako zure ohiturak aldatu al dira?

Uste dut baietz. Txikia nintzenean, balkoira igotzeko irrikaz nengoen. Helburu hori bete dut, baina jaiak benetan nolakoak diren ikusteko ariketa sakonak egin behar izan ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.