Bere buruaren jabe izatea. Hori da egun Xabier Silveira bertsolari eta idazlearen asmoa, eta autoekoizpenaren bidea hautatu du horretarako. Bai A las nueve en el Faisán (Bederatzietan Faisan-en) izeneko bere bigarren liburua argitaratzeko, baita bertso saioetan parte hartzeko ere. Berak antolatuko ditu bere saioak. «Askatasun ideologikoarekin lotutako arrazoiengatik hartu dut bide hau, baina baita egun horretarako nahikoa aukera badelako». Liburu dendetan eta tabernetan jarri ditu liburuak salgai, eta bertso saio bidez egingo ditu aurkezpenak otsailetik aurrera. Haren web orrian dago informazio guztia: www.xabiersilveira.com.
Lehenengo liburuaren jarraipena da bigarrena. Kale borrokaren urterik bizienak kontatzen dituzu protagonista beraren bidez. Muga zeharkatzen bukatzen zen lehena, eta atxiloketarekin hasten da bigarrena.
A las ocho en el Bule atera nuenean, nabarmen gelditzen zen kontakizuna jarraipen beharrean. Tamalez, inoren historiak ez zuen Arrats izeneko protagonistarenaren moduko amaierarik izan. Beste zati hori behar zuen. Hasieratik irudikatu nuen kontakizuna hiru liburutan. Hirugarrenaz ziur dakidan bakarra da euskaraz izango dela eta elkarrizketa bidez landuko dudala.
Zergatik?
Pertsonaien hizkera landu nahi dut. Ez dago euskara bakarra, liburuetan hori ematen duen arren. Euskaraz irakurrita beste euskalki bat gehiago dirudi idatzitakoak. Nik errealitatea idazten dut, eta errealitateak ezin du gezurrezko hizkuntza horretan izan. Euskal gazteen hitz egiteko moduak islatu nahi nituzke. Baina hori orduan azalduko dizut.
Lehen liburua gazteleraz idatzi zenuen, eta polemika piztu zen. Bigarrena ere bai, baina lehen orrian bertan ageri da polemika horri buruzko aipamena. Erantzun bat da liburua?
Nahiko eragin zidan polemika hark; animikoki, behintzat. Xabier Silveirak egin zuelako izan zela pentsatzen dut oraindik. Badaude euskal idazle gehiago erdaraz idatzi dutenak, baina ez da izan halako kritikarik. Gauzak gaizki egin izanaren lotsa puntu batekin agertzen nintzen saioetan, adibidez. BERRIAko azalera heldu zen gaia, eta Interneten urte eta erdiz jarraitu dute batzuek egurra ematen. Ez dut biktimismoz esaten, ze Xabier Silveira izaten jarraitzeko laguntza bat izan da. Aurretik, kaltea izan zen, ordea. 'Ez duzue lortu, libre naiz oraindik', esateko modu bat da liburua. Baina argi utzi nahi dut ez diodala nik muzinik egiten euskarari. Belaunaldi baten isla dira liburuak, eta hirugarrena euskaraz izateak jende askok izandako prozesua kontatzeko modua da. Erdaraz bizi, kartzelan euskara ikasi, eta euskaldun atera.
Lotuta doaz liburuan kale borroka eta drogak.
Liburuko pertsonaiek drogak kontsumitzen dituztela, baina haiek egiten dutena ez dago onartuegia. Kale borrokan batzuk bai drogatzen ziren, baina beste askori oso gaizki iruditzen zitzaien.
ETAn sartu ez sartu dabilenean, hori da Arratsen kezketariko bat.
Batzuk kale borrokaren historia ofiziala egiten hasi direnez, badirudi horretan ibiltzen ziren guztiak drogatu egiten zirela. Niri ez zait inoiz gaizki iruditu, baina, garai batean, zorrotza zen ezker abertzalearen drogen kontsumoaren aurkako kanpaina. Gutxi batzuk ziren drogatzen zirenak, eta horregatik hautatu ditut libururako: gutxiengo baten barruko gutxiengo disidentea zirelako.
Ideologiarik ez da ageri, baina barne ezinegon ikaragarria dute pertsonaiek.
Nire iritzia da hau, baina esango nuke matxinada garaietan hori dela herri bati balio diona. Matxinadaren aurretik edo ondoren eztabaidatu behar da bileretan zeinek duen arrazoi parterik handiena. Belaunaldi honek hori eskaini zion herri honi: prestutasun ikaragarria beste batzuek pentsatu eta erabakitzen zutena gauzatzeko, inolako konplexurik gabe soldaduak izateko. Dena zen oso injustua. Ideologia ez zen buruan zuten zerbait, barruan sentitzen zuten zerbait baizik.
«Oso irakurzale ez direnentzat» omen da liburua.
Ni neu ere ez naiz oso irakurzalea.Irakurtzea niretzat ez da nik egin beharreko zerbait, baizik eta liburuak egin behar didan zerbait. Ireki, eta berak bukaerara eramaten ez banau, nik ez dut esfortzu hori egingo, film bat ikusiko dut. Jende askori gertatzen zaio hori, eta biderkatuta. Oso pozgarria da jendeari entzutea ikastolatik atera ondoren irakurri duen liburu bakarra A las ocho en el Bule dela.
Xabier Silveira. Idazlea eta bertsolaria
«Gutxiengoaren baitako gutxiengo disidentea da liburuan ageri dena»
Kale borrokaren urterik bizienetan kokatu du Xabier Silveira bertsolariak bere bigarren liburua ere. Bere kasa argitaratu du liburua, eta bertsoz lagunduta egingo ditu aurkezpen saioak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu