Jandillek ospeari eutsi diote. Aurtengo entzierrorik arriskutsuena izan zen azkena. Hamaika korrikalari ospitaleratu zituzten, horietatik lau adarkatuta. Telefonica parean erori ostean,Gavioto zezenak makina bat arrisku une eragin zuen. Askori iazko Capuchino etorri zitzaien gogora. Hala ere, Gavioto-ren adarkadek ez zuten hain ondorio lazgarririk eragin. Azkenean, aurtengo entzierrorik luzeenetan bigarrena osatu zuten: lau minutu eta 23 segundo.
Entzierro gehienetan bezala, Udaletxe plazan zezen batek joaldunak aurreratu eta ziztu bizian jo zuen aurrerantz. Ia beti zezenek bihurgunea kanpoaldetik hartzen dute. Ia beti, ordea. Zezenen portaera inoiz jakiterik ez dagoela erakutsi zuten Jandillek.Mercaderesera heltzean, taldearen buruan zen zezen beltzak eskuinaldean ziren korrikalariengana jo zuen, eta bi korrikalari indarkeria handiz aurrean eraman zituen. Bereziki arriskutsua izan zen bigarrenaren kolpea. Bihurgunea barrualdetik hartu zuen.
Adi bihurgunean
Oso arriskutsua izan zen unea. Tokirik txarrenen estropezu egin zuen korrikalari batek, eta oso motel altxatu zen. Ordurako taldea bere gainean zen, eta zezenetako batek adarrekin bultzatu zuen, lurretik altxatuz eta eskuinerantz joz. Ondoren, zezen horrek berak, eskuin aldera babes bila jo zuten hiru korrikalarirengana joan zen, izu handia eraginez. Lasterketan izan litekeen egoerarik okerrenetarikoan zeuden hirurak. Alde batera, Estafetako horma; bestera, zezena.
Aurtengo entzierro ia denetan bezala, zezenek erakutsi zuten sasoian zirela, eta oso azkar egin zuten lasterka. Amaieran, ordea, Telefonica parean erori egin zen Gavioto, eta bere anaiek plazara jotzen zuten bitartean, horrek erabat galdu zuen arreta. Hor hasi zen benetako arriskua, eta zenbaiten aldetik, zuhurtzia fata.
Parrandan erabilitako kapela zuen gazte bat Gavioto-ren aurretik gurutzatu, eta zezenak ez zuen barkatu. Gaztea adarkatu eta gogor astindu zuen. Haren alboan zen korrikalaria ere adarkatu zuela dirudi. Ondoren, Gavioto-k bi aldiz jo zuen indar handiz kontrako norabidean Estafeta alderantz, eta unaiek eta lasterkari onek lan handia egin behar izan zuten plazarantz zuzentzeko.
Zuhurtzia falta
Bizia arriskuan jartzen dutela dakiten korrikalarien artean benetako ergelak ere badaude. Bereziki harrigarria Gavioto nora ezean zebilela lasai asko metro eskas batzuetara zeuden zenbaiten jarrera, edo zezenak eskuineko hesiaren aurka jo zuenean mutiko batek zezena hesirantz deitzea. Udaltzainek eta foruzainek jo egin zuten arduragabea. Isuna ere merezi zuen. Agidanez, zenbaitentzat entzierroak Disneyworld izaten jarraitzen dute. Hori ez da aurten amaitu.
Plazara sartzean, zentimetro gutxigatik ez zuen adarkatu Julen Madina. Zorte gutxiago izan zuen ezkutalekuetarantz zuzendu ordez, plaza erdian geratu zen gazte ingeles batek. Gavioto-k larrutik ordainarazi zion zuhurtzia falta. E.R. 24 urteko ingelesari izterrean sartu zion adarra.
Triskantza eragin zuten Jandillek. Lau adarkatu: 23 urteko asturiar bat bularraldean eta izterrean adarkada zuen, eta 19 urteko madrildar bat besapean. 27 urteko iruindar bat ere besoan adar puntarekin ukitu zuen zezen batek. Beste zazpi korrikalari ospitaleratu zituzten. D.C. 30 urteko irlandarrak, besteak beste, bularraldean kolpe handia du, hiru saihets hautsita eta masailezurra ere hautsita. Beste lauri senda-agiria eman zieten arratsaldean. Gaur ez da entzierrorik egongo. Gehienez, billabesarena.
Guztietan zailena
Jandilla ganadutegiko zezenek aurtengo entzierrorik arriskutsuena eragin dute, 11 lasterkari zauritu dituztelako, lau adarkatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu