Denok berdin, denok ezberdin lelopean aurkeztu dituzte Bilboko aurtengo jaiak; «gustu, adin eta baldintza guztietara moldatutako ekintzez» gozatzeko aukera izango dute Bizkaiko hiriburura gerturatzen direnek, Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai Arloko zinegotziak azaldutakoaren arabera. Abuztuaren 20an txupinazoa botatzearekin egingo dute eztanda jaiek, eta bederatzi egunez luzatuko dira, hain zuzen ere, Marijaiari agur esateko garaia heldu arte. Egun horietan,musikak, dantzak eta antzerkiak hartuko ditu Bilboko kale eta plazak. Jai giroa hirian nagusitzeaz gain, su festek gaueko zerua bereganatu eta gaueko ekintza askori emango diete hasiera.
Aurreko urteetan bezala, guztiek goza dezaten prestatu dute egitaraua, baina aurtengoak «helburu berezia» du: integrazioa bultzatzea. Horretarako, besteak beste, pregoia zeinu hizkuntzan ere emango dute, eta kale antzerki eta umeentzako antzezlan guztietan zeinu hizkuntza interprete bat izango da. Horrez gain, jai gune gehienak gaitasun fisiko urriko pertsonek sartzeko problemarik izan ez dezaten moldatuko dituzte. Aurten, «pausu bat gehiago» eman nahi izan dutela azaldu du Urtasunek. Helburu horrekin, udaletxeko Jai Arloak eta WOP Walking On Project elkarteak ezohiko gaixotasunen aurka egiteko mila kamiseta jarriko dituzte salgai Mozkotarrak txosnan.
Urtero legez, musika, dantza, antzerkia, bertsoak eta festa giroa izango dira jaietan nagusi. Bertaratzen den orok jaiak gozatu ditzan gustu guztientzako 300 ekitalditik gora antolatu dituzte: musika emanaldiak, antzezlanak, bertsoak, herri kirolak eta bestelakoak. Musikak garrantzi handia hartuko du zaleen gozamenerako. Ohi bezala, Euskal Herriko eta nazioarteko zenbait taldek girotuko dute aurten ere Aste Nagusia.
Urtero bezala, Abandoibarreko eta Botika Zaharreko guneetan «gaurkotasuna duten talde ospetsuek» joko dute: Ken Zazpi, Gatibu, Kepa Junkera, WOP,Simple Plan, Medina Azahara, Malu eta Dani Martin, besteak beste. Plaza Barrian, aldiz, funk, hip hop, fado, reggae, jazz latinoa, flamenkoa eta euskal musikako taldeak izango dira. Horietako batzuk dira Joana Amendoeira, Alpheus, Pepe Rivero y su Big Band Cubana, Pepe Habichuela eta Carmonatarrak, eta Maddi Oihenart eta Amaia Zubiria.
Musikaz gain, bestelako arteek ere lekua izango dute Aste Nagusian. Aurreko urtean Igor Yebraren emanaldiak izandako arrakasta ikusita, aurten ere ballet ekitaldia egingo dute Abandoibarran. Han, nazioarteko lehen mailako dantzari euskaldunek hartuko dute parte. Bestetik, kale antzerkiak Arriaga plaza koloreztatuko du eguneroko bi emanaldirekin, eta nazioarteko hainbat talde Bilbora gerturatuko dira.
Guztiontzako Aste Nagusia
'Denok berdin, denok ezberdin' lelopean aurkeztu dituzte Bilboko Aste Nagusiko jaiak; 300 ekitalditik gora antolatu dituzte«Integrazioa bultzatzea» da aurtengo jaien helburuetako bat, Itziar Urtasunen arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu