Amaia Urberuaga. North Queenslandeko Euskal Etxeko kidea

«Hainbat euskaldunek euren etxeak utzi behar izan dituzte Brisbanen»

xabier martin
2011ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskaldun australiarra edo Inghamgo lekeitiarra. Euskal Herria eta Australia lotzen ditu Amaia Urberuagak (Ingham, North Queensland, Australia, 1954). Uholde izugarriek ez diote kalte handirik ekarri; «fruta eta barazki freskorik gabe egon gara egun askotan», dio, baina badaki sufrikarioa han eta hemen zabaldu dela Brisbane inguruan. Townsvilleko Euskal Etxeak (North Queensland) ez du kalterik, edonola ere.

Zeruari begira al zaudete oraindik? Egoera baretuko zen, ezta?

Gutxi gorabehera, bai; okerrena pasatu da. Baina, azken orduetan, herri txiki batzuetan eritegiak eta zahar etxeak hustu dituzte, oraindik ere zenbait lekutan uholde arrisku handia dagoelako. Brisbanekoa ez da berriro ikusiko, hala ere; hiri horretan milioi bat eta erdi biztanle bizi baitira.

Brisbane izan da eremu kaltetuena; alde horretatik, zuek ez zenuten lazeria handirik pairatuko.

Guk Gabonetan izan genituen egun txarrenak. Izugarri bota zuen hemen ere, eta hiru egunetan etxetik atera ezinik egon ginen. Baina ohituta gaude, ez dezazula pentsa; urterokoa da hau. Brisbanen pasatu dena desberdina da, ordea. Hura itzela da.

Halakorik ikusita al zineten noizbait?

Sekula ez. Azken 75 urteetako handienak direla esaten dute komunikabideek hemen. Telebista kateetan etengabe azaltzen dira irudiak; izugarria da. Txarrena da elikagaiak ere agortu egin direla denda askotan. Dena dator errepidez hemen, kamioietan. Trenez eta hegazkinetan gutxi. Barazki eta frutarik gabe egon gara egun askotan, Brisbanetik banatzen baita ia dena; hemengo MercaBilbao dela esan daiteke. Bada, hori dena ur azpian dago oraintxe.

Brisbaneko euskaldun asko ezagutzen dituzu zuk. Zer moduz dira?

Orain dela pare bat egun deitu nien denei. Ondo daudela esan zidaten; baina batzuek euren etxeak utzi, eta lagunengana edota familia kideengana joan behar izan dute. Zauriturik ez dago, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.