Udako proposamenak

Haitzulo bat ezkutuan

IV. Arkeologia Eguna eginen dute bihar Lekeition; bisita gidatuak, birtualak eta haurrentzako tailerrak eginen dituzte Zubiburua koba ezagutzeko.

Paleolitoko tresneria probatzen, Zubiburua koban. ZUBIBURUA KOBA
Paleolitoko tresneria probatzen, Zubiburua koban. ZUBIBURUA KOBA
Iratxe Muxika
2025eko abuztuaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxe dotore bat eraiki nahi zuten mendiaren magalean, eta horretan hasi ziren. Lehendabiziko pausoa: ingurua garbitu eta lurrak ireki. Ez zuten bigarren pausorik eman, edo bai, baina bertze lekuren batean. Hain justu, garbitzen ari ziren lurraren azpian sorpresa bat aurkitu baitzuten: haitzulo bat ezkutuan. 

Lekeition (Bizkaia) gertatu zen, eta gaur egun koba horretan lanean aritzen den arkeologo batek kontatu du historia, Iñaki Intxaurbek. Kobazulo natural bat zen, alegia, inork ez zuen haitzulo hori bizitoki bihurtu, eta 2022an eman zioten erabilera bat estreinako aldiz. Zubiburua Kobazuloa «laborategi» bat da orain, Intxaurberen arabera. «Bizidunik izan ez zenez bertan, Paleolito garaiko tresnak probatzeko erabiltzen dugu eremua; garai bateko bizitza simulatzeko eta ezagutzeko».

Ikerketarako ez ezik, jendeari erakusteko ere probesten dute ezkutuko ondarea, eta bisita gidatuak, erakusketak eta tailerrak egiten dituzte. Kantabriako Unibertsitateko Historiaurreko Ikerketen Nazioarteko Institutuak hitzarmen bat sinatu zuen Lekeitioko Udalarekin, eta Zubiburuan aldaketa batzuk egitea erdietsi zuten: egokitu, monitorizatu eta laborategi espiritual izateko prestatu; 2022an hitzartu zuten hori.

Behin koba azalberritu ondotik, Arkeologia Eguna ospatzen hasi ziren kobaren bueltan, eta bihar ospatuko dute haren laugarren aldia. Egitarau zabala prestatzen dute, baina helburua bertako langileen jarduna zein den erakustea da: zer egiten duten koban, zertarako balio duen, eta nolakoa den jardun hori. Behin hori eginda, Zubiburua bera «hurbila eta bertakoa» sentiarazi dezatela nahi luke Intxaurbek. «Lekeitiok ondare asko ditu, aztarnategi asko eta hainbat koba, eta guk herriari erakutsi nahi dizkiogu», erantsi du. 

Laborategira bisita

Normalki, hiru ekitaldi nagusi egiten dituzte, eta bihar ere bide beretik jarraituko dute. Alde batetik, bisita gidatuak eginen dituzte, Zubiburua kobazuloaren eraketa geologikoa ikusteko. Bide batez, Paleolito garaiko teknologia ikertzeko sortutako laborategi esperimentala erakusteko probestuko dute tartea. Bertzalde, tailer batzuk eginen dituzte; umeekin aritzeko, batik bat. Hainbat mineralekin, haien artean hematitea, limonita eta manganesoa, eta egur ikatzekin egindako pigmentu naturalak erabiliko dituzte, eta elkarrekin saiatuko dira Paleolito garaiko irudiak sortzen. 

Azkenik, bisita birtualak proposatuko dituzte. Egun osoan izanen da bisita mota hori egiteko aukera, eta inguruko labar artea dagoen kobetara joanen dira. «Lekeition bertan dagoen beste haitzulo baten erreplika birtual bat egingo dugu, Armintxeko kobarena, herritarren jakin-mina asetzeko eta daukagunaz jabetzeko», erran du Intxaurbek. 

«Oso positiboki» baloratzen du arkeologoak Arkeologia Egunaren eragina, eta sinistuta dago kobako langileen eta herritarren harremana asko sakontzea lortu dutela lau urteotan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.