Hala Bedi Bi, sukaldearen konkistan

Gasteizko irrati librearen euskara hutsezko kanalak sei saio estreinatu ditu, udan probatu eta bolada berrian programazioa hedatzeko

Hala Bedi irratiko saio bat, Aitziber Perez de Karkamo, Gaizka Amondarain eta Unai Gartziarekin. JUANAN RUÍZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Sei saio berri, 21:00 aldera, ordu erdikoak, sukaldean afaria prestatzen ari direnentzat pentsatuak. Hala Bedi Bi Gasteizko irrati librearen euskarazko kanala probatzen dabil ekainaren hasieratik, gero, irailetik aurrera, programazioa osatzeko.

Hala Bedi irratiak iazko abenduaren 28an abiatu zuen euskarazko kanala. Orain arte, musika izan da programazioaren oinarria. Kanten inguruko iruzkinak egiten zituzten, eta, tarteka, testuak irakurtzen zituzten. Ekainean hasi ziren saioak aireratzen.

«Hala Bedi Bin ez dugu saio luzerik egin nahi izan, baizik eta laburragoak, freskoagoak, mikrosaioak», dio Unai Gartziak, lantaldeko kide eta Motxaileen karabana saioko esatariak. Entzuteko errazak izango diren saioak egin nahi dituzte, arinak. Irratiaren lehen bi urteetan halakoak egin nahi dituzte. Ez dira, edonola ere, udara begirako saioak, baizik eta irailerako pentsatuak.

Saio guztiak 21:00etan hasiko dira. «Normalean jendeak irratia piztua izaten duen ordu bat aukeratu nahi genuen, eta uste dugu afaldu aurreko tarte hori izan daitekeela aproposena», dio Gartziak. Saioek, hasteko ordua badute ere, ez dute izango amaitzekoa. 30 minutuko tartea da erreferentzia, baina askatasuna izango dute 40 edo 45 minutu hartzeko.

Iraila prestatzen

Abuztuan atseden hartuko dute saio berriok, Gasteizko jaiak tartean direla eta. «Orain hasi gara, nahi genuelako jendeak ikustea Hala Bedi Bin gauzak egiten ditugula, ez dela soilik musika irratia», dio Gartziak. Horrez gain, hurrengo sasoirako prestatu nahi zuten. Izan ere, helburuetako bat beste jendea lanean jartzea zen. «Ez genuen gehiago zamatu nahi irratian urte asko daraman jendea, baizik eta gazteak erakarri eta saioak sortzen jarri, hurrengo saioan hutsetik ez hasteko». Lehen aldiz irratira hurbiltzen direnek ez dute zertan ezagutu nola dabilen hedabidea, Gartziak argudiatu duenez.

Gasteizen eta Gasteizerako euskaraz aritzen den irrati bakarra da Hala Bedi Bi, irrati libre baten ekimenez. FMko 88.8 frekuentzian zein Internet bidez entzun daiteke. Hala Bedi irratiaren 30 urteurrena ospatu zuten iaz. Euskalduntze prozesuari 1990eko hamarkadan ekin zioten, proiektu komunikatibo serioa bihurtu zela ikusita. Eusko Jaurlaritzak lizentziak emateko 2012an antolaturiko lehiaketan, euskara hutsezko irrati egitasmoa aurkeztu zuten, Hala Bedi Bi bihurtuko zena. Orduan adierazi zuten «interes komertzialak kontuan hartu gabe» hautatuko zutela musika. Programazioa hasieran «xumea» izango zela esan zuten, baina agindu zuten jendearen parte hartzea handitu heinean osatuz joango zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.