Hamabost BERRIAlagunek bitxikeriaz betetako ibilbidea egin dute Urdaibain

Gernika-Lumoko Errenteria zubian elkartu dira BERRIAlagunak, eta, Edorta Jimenez idazleak gidatuta, biosfera erreserba ezagutu dute. Are, Guggenheim museoaren proiektuak ekar ditzakeen ondorio batzuk ere aletu dituzte.

Bisita Edorta Jimenezekin
BERRIAlagun batzuk Urdaibai bisitatzen, Edorta Jimenezekin. EKAITZ ZILARMENDI
Olatz Silva Rodrigo.
Gernika-Lumo
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

«Helburua da ibilbidea literarioa izatea, fantastikoa, haluzinogenoa». Gernika-Lumoko (Bizkaia) Errenteria zubiaren parean, Edorta Jimenez idazleari adi daude hamabost BERRIAlagun. Urdaibaiko biosfera erreserba hurbiletik ezagutzeko elkartu dira, baita inguru horretan Guggenheim museoaren proiektuak izan dezakeen eraginaz aritzeko ere. Nahiz eta eguraldia ez zuten lagun lau orduko bisita egin zuten atzo BERRIAlagunek, Jimenezek gidatuta.

Guggenheim museoaren proiektua hasieratik ekarri du hizpidera Jimenezek. Izan ere, Zain Dezagun Urdaibai plataformaren parte da. Zubi ondoan dagoen Dalia lantegi zaharra seinalatuz, zera esan du: «Irudikatu Guggenheim hemen; baina bakarrik irudikatu». Oraingoz, ez dago museo baten zantzurik bertan, eta epe motzera behintzat, ez da egongo, bi urtez gelditu baitute proiektua.

1937ko bonbardaketa eta 1983ko uholdeak gogoratu dituzte lehenengo geldialdian. Eta, jarraian, Oka ibaiaren ezkerreko ibarrean behera, Urbietako ontzi hondakinaren parkera abiatu dira. «Hemen aurkitu zuten Euskal Herriko ontzirik zaharrena: XIV. mendekoa». Inguru horren ezaugarriak ulertzeko, hiru gertaera hartu behar dira kontuan, Jimenezen arabera. Bat: «XIX. mendearen hasieran, padurak lehortu ziren». Bi: «1888an, trena Gernikara heldu zen». Eta hiru: «XX. mendearen hasieran ibaia kanalizatu zuten». Jazoera horiek aldatu egin zuten Urbieta ingurua.

Ibaitik behera jarraitu dute gero, baina euri zaparradak gelditzera behartu ditu ibilbidearen erdian. Ezkerretara biratzeko bidezidorra hartu behar izan dute, eta Foruan babesleku hartu. Tren geltokiko aterpea baliatu du Jimenezek Guggenheimi buruz hitz egiten jarraitzeko. Hain zuzen, Kosta Legean ezarritako ingurumen babeseko maila aldatu izana kritikatu du. Kosta Legeak eragotzi egiten zuen Muruetako eremuan –bertako ontziolan egin nahi dute Guggenheim museoaren eraikin bat– itsasertzetik 100 metro baino gutxiagora eraikitzea. Aldaketaren ostean, berriz, hogei metrora murriztu dute babes esparru hori. Jimenezek ohartarazi du Espainiako Auzitegi Nazionalera jo dutela erabaki horren kontra egiteko.

Nahiz eta ingurumen babeseko maila aldatu, hainbat legek eta neurrik babesten dute ingurua oraindik ere. «Esaterako, Natura 2000 sareak eta Urdaibai legeak diote Murueta inguruan ezin dela ezer eraiki». Are, hegaztiak babesteko gune berezia eta interes kulturaleko tokia ere bada.

Gernikatik Muruetara

Bisitarekin jarraitzeko, autobusa hartu dute BERRIAlagunek: Gernikara joan, autoa hartu, eta Muruetara jo dute. 1894an sortutako teila fabrika ezagutu dute; hura izan zen industrializazio garaian eskualdean eraikitako lehenengo lantegia. Trenbidearen paraleloan dago eraikita, materialak garraiatu ahal izateko. Izan ere, urtebete lehenago eraiki zuten Gernikatik Sukarrietara doan trenbidea.

Teila fabrikatik Muruetako ontziolara begira jarri dira, Guggenheim museoaren proiektuaren parte bat egin nahi duten tokira. Hala, Jimenezek beste hainbat arrazoi eman ditu azaltzeko proiektuak ez diola onik egingo inguru horri. Eta arrano arrantzaleak ere ekarri ditu gogora.

Eguraldia gorabehera, Urdaibairi buruzko bitxikeria askoren berri eman du Jimenezek, eta argi utzi du biosfera erreserba zaindu beharreko gunea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.