Deir Mar Musa,uztailak 6, 138 km
Kaixo, eder hori:
Kilometro batzuk egin ditinagu dagoeneko eta edonora begiratuta ere, desertuak inguratuta gaudela konturatu gaitun gaur, zer uste zenuten, bada? Ariko haiz pentsatzen, ezta? Eta paisaia ikusi hutsarekin irudika dezaken zer nolako beroa dugun lagun!! Izan ere, atzo bertan, aireportua utzi eta berehalaxe erakutsi zigunan Siriako eguzkiak hemengo lurretan azti ibili beharra dagoela, eta aurrerako kilometroetan bidelagun izango dugun tenperaturaren aurrerapen txikia eskaini zigunan.
Beroari aurre egiteko gerizpean ibiltzea dun egokiena, ezta? Argazkian itzal goxoa emango digun zuhaitzik ikusiko bahu deitu berehalaxe, mesedez!! Zuhaitzik ez, baina ondo begiratuz gero, ziur hor nonbait dabilela zakur basatiren bat. Edozein txokotatik agertzen zaizkigun zaunkaka, bazirudin Siriako zakurrek ez dutela gustuko gu beraien lurretan ibiltzea, eta hala hasten dun lasterketa, nor lehenago nekatu; zakur alua edo txirrindulari ausarta.
Homs,uztailak 8, 249 km
Gaur erraz egin ditinagu kilometroak, aldapa behera denak, Homsera iristeko. Hauxe dun gure bidaiako lehen hiria. Postalean ikusten dunana bertako azoka edo merkatua dun (kar, kar, Amaia desiratzen zegonan halakoren bat ikusteko behingoz). Hemen ez zagon Urbil edo Garberarik! Labirinto izugarriak ditun azokak, jendea ero moduan zabilen hara eta hona, oinez, bizikletan, motorrean edo motokarroan...
Denetik eros daiteken bertan: haragia, bizikletak, arropa, komunerako trepetak... Eta txokolatina goxo-goxo eta merke-merkeak, kolore eta tamaina guzietakoak! Zerbaitegatik zaukaten siriarrek gozozale fama, bai. Jendea oso jatorra dun kalean gurekin, kasu egin, ura eskaini, argazkiren bat edo beste guri atera... beti badun zerbait. Horrexegatik, guk ere adeitsu agertzekotan, txokolatina pila erosi ditinagu, esker onez, beraiei eskaintzeko.
Kalat al Hons,uztailak 9, 311 km
Gaztelu ederra postalekoa, ezta? XIII. mendean eraiki zinaten, gurutzaden garaian. Kanpotik zoragarria ikusten badun, barrutik harrigarria dun, pasabide eta gela ezkutuz beterik. Hori bai, jakingo bahu nolako aldapa eskalatu behar izan dugun gure bizikleta xaharrekin hor gora iristeko, izutu egingo hintzateke. Seguru nagon, bere garaian, soldaduek aldapa hori ez igotzeagatik, albotik pasa eta aurrera egingo zutela, gaztelua erasotu gabe.
Behintzat hotel merkea topatu dinagu, bertara begira. Pentsa, merkeago zunan ohean lo egitea alboan dutxa eta guzti, harri gainean kanpinean baino.
Hama,uztailak 11, 412 km
Bagoazan iparraldera eta jada Haman gaitun. Bizikleta gainean, honezkero, 400 kilometrotik gora egin ditinagu, 400 kilometrotik gora Siriako bero sapa honen torturapean. Hiri hau bi gauzagatik dun ezaguna: argazkian ikusten ditunan noriengatik, eta 1982an bertan izan ziren gatazkengatik. Oraingo presidentearen aitak guztiz bonbardatu zinan, bertan matxinatutakoak eta hiri osoa aurretik eramanez.
Hama zulo batean zagon, Orontes ibaiak zulatutako bailaran, eta noria horiek inguruko lurrak ureztatu ahal izateko eraiki zitiztenan. Harrigarria! Egurrezkoak ditun, eta izugarriak —batzuk 20 metro ere baditizten—. Mordo bat zauden hirian bertan eta inguruetan. Gozamena dun hauen inguruan ibiltzea, bai guretzat eta baita bertakoentzat ere. Paseoan jendetza ibiltzen dun hauen inguruan, berriketan, bertatik lurrundutako uraren freskuran. Eta soinua! Hori dun ederrena, herriko traineruaren estropuek egiten duten soinua gogorazten zidan; baina hau ez dun gelditzen egun osoan, ezta gauean ere. Turista gizajook hortxe ibiltzen gaitun, noriak mugitzen dituzten motorren bila, tonto moduan, inguruan siriarrak barrez direlarik, motorrik ez dutelako. Uraren indarrak mugiarazten ditin!
Kalat al Mudik ,uztailak 12, 475 km
Jende jatorra argazkikoa. Gaurko gaua beraien etxean egingo dinagu.
Kalat al Mudik honetara eguerdian iritsi gaitun, bertan diren erromatar garaiko hiriaren hondakinak ikustera, Apamea izenekoak. Aldapa bizia igo behar izan dinagu bertara iristeko, eta beroak jan gaitin ia-ia. Eskerrak sarreran itzalpe bat bazegoen. Hiri zaharraren hondarrak ikusteko presarik gabe, hantxe egon gaitun batekin eta bestearekin ttor-ttor-ttor. Iskanbila ere sortu dun hurrengo egunean hartu beharreko bidearen inguruan.
Herrian hotelik ez zagon, baina beste askotan bezala, herritar bat hurbildu zaigun bere etxean lo egingo genuela esanez. Adeitasun zoragarriz hartu gaitizten beraien etxean, eta beraiekin egin dinagu bazkari legea, lurrean eserita eta jateko erremintarik gabe, beraiek ohi duten gisan.
Hizkuntza komunik ez izan arren, imintzio eta argazki makinaren laguntzaz lortu dinagu orain artean elkar ulertzea.
Idlib ingurua,uztailak 13, 575 km
Errepide bazterretan ia etengabe ikusten ditinagu beduinoen kanpalekuak, moztutako laboreen gainean oihalezko etxeak jarrita. Lur gainean alfonbra koloretsuak paratuta, haizeari, eguzki argiari eta arrotzei zabalik zauden beti. Beduinoak, beste siriarrak ez bezala, arropa koloretsuz janzten ditun, eta tatuajeak izaten ditizten sarritan. Oro har ongi hartuak ditun, baina, bazterkeriazko hitzen bat ere entzun dinagu beraiez.
Beduinoek, siriarren artean, arrotzekin abegitsuenak izateko ospea dinate. Guri ere sarritan egin ziguten tea hartzeko gonbita bizikletan gindoazelarik, baina lotsaren eraginez ,edo gelditu eta berriro ez abiatzeagatik beharbada, ez gaitun oraingoz baietz esatera ausartu. Aurrerago seguru baietz!
Halab (Alepo),uztailak 16, 641 km
Alepo famatuan gaitun jada. Damaskorekin batera, Siriako hiririk garrantzitsu eta zaharrena dun hauxe. Ez pentsa, kosta zaigun hiriaren bihotzera iristea, ez dun erraza izaten dabilen trafiko izugarriarekin. Baina merezi izan din, istorio oso polita gertatu baitzaigun bertan. Mezkita aldamenean harrapatu gaitin otoitz egiteko orduak eta han etorri dun gizon andana, Alari errezoak eskaini asmoz. Noski, bat baino gehiago hurbildu zaigun berriketa egitera, eta inguruan jolasean ari zen ume batek gure lagun egin nahi izan din! Umeak eman zion gaurkoan lezioa geroago gerturatu zaigun agureari. Gizonak diosala Imanolentzat baino ez zeukanan, eta ni, ikusi ere egin ez banindu bezala, alboan, geldi. Umeak niri ere kasu egiteko ez zion ba esan, haserre samar!
Agureak ikusi nahi izan ez duena haurrak ikusarazi zion. Zerbait aldatzen ari den seinale ote?
Latakia,uztailak 18, 845 km
Gaur lehenengoz itsasoa ikusi dinagu, mendi gainetik lehenik, baina bertatik bertara ondoren. Nik ezin izan zionat bainatzeari eutsi, noski, baina Amaia ez dun ausartu. Izan ere, emakumeak argazkian ikusten duan moduan bainatzen ditun hemen (je je, halakorik ez eskura gure nexka pertxentak).
Hemen, emakume gehienek zapiarekin burua estaltzen dinate, eta horietako askori, begiak baino ez zaizkien ikusten. Halere, gutxi batzuk (kristauak nagusiki), ibiltzen ditun hainbeste estali gabe. Badakin, ohitura kontuak...
Sirian erlijio ugari zagon: kristau ortodoxoak, kristau katolikoak, juduak... baina denen gainetik, musulmanak ditun ugarien. Gezurra bazirudin ere, beraien artean ondo konpontzen ditun, ez zagon arazo erlijiosorik. Beno, juduak kenduta, hauek ez ditizten gustuko musulmanek. Sarritan ekartzen ditizten hizpidera beraiekin berriketan garenean, Palestinako egoeraz galde eginez.
Gu behintzat ongi hartzen gaitizten, arropaz arin samar ibili arren. Egia esan, ahal dugun neurrian saiatzen gaitun gu ere nabarmenegi ez ibiltzen.
Tartus,uztailak 19, 944 km
Bidean aurrera goazela, halako irudiekin ere egiten dinagu topo, ikusten dunanez, desertua baino zerbait gehiago ere badun inguru hauetan. Hemen gehienak nekazariak edo merkatariak ditun, industriarik apenas ikusi dinagu. Eta edozein makina sofistikatuk egingo lukeen lana burutzeko familia guztia eta inguruko bizilagunak elkartzen ditun baratzeko lanetan. Ikusten dunan bezala, auzolana ez dun gure asmakizuna!
Pedalei eragiteari utzi gabe eskuaz agur egiten zienagu nekazari langileei, bideari kilometroak lapurtzen jarraitzeko.
Homs,uztailak 20, 1043 km
Eoooooo!!!! Apo!!!
Bizikletan egin beharrekoak egin ditinagu, eta, atzera ere, Homsen gaitun jada. Hemendik aurrerakoak autobusez egingo ditinagu, desertu erdian den Tadmur-era udan bizikletaz joatea gehitxo izan baitzitekeen. Hasierako asmoa hori zunan, baina erabat jota gaudela esan ziguten hamaika aldiz, beraz...
Nik uste aurtengo honetan zerua irabazi dugula, nahiz eta hemengo beroagatik infernuaren antz handiagoa izan.
Irudian ikusten dunan emakumea gaur ezagutu dinagu, terrazatxo batean geundela. Irakiarra dun, eta Sirian errefuxiaturik bizi dun senarrarekin, beste hainbeste bezala, halabeharrez. Irakasle izan zunan, eta orain alde egin behar izan din —berak behintzat ahal izan din—. Hori indarra berea.
Gainontzeko siriar guztiek egin bezala, galdetu ziguten ezkonduta ote gauden, seme-alabarik badugun... Inshala! esan zienagu, eta irribarrez erantzun ziguten.
Tadmur (Palmira),uztailak 22
Tadmur arabiarrentzat, Palmira ekialdeko turistontzat, Sirian ezagutu beharrekoen zerrendan agertzen dun beti. Ez zaien ez arrazoirik falta. Palmeren hiria, desertuaren erdian loratu zunan kristo ondorengo lehen mendeetan, bertako oasiaren altzoan. Hiria oso ezaguna izan zunan Zenobia erreginarengatik, erromatarrei harrotasunez aurre egin zielako.
Hona heltzeko 150 km egin ditinagu hauts, hondar eta harrizko basamortuan eta bidean zenbait militar gune besterik ez dinagu ikusi.
Aldamenean dudana bide bazterrean jasotako siriar bat dun!
Damasko,uztailak 26
Etxerako hegazkina hartu aurretik, hemen azken postala, bihotzaren zatitxo bat ostu digun Siria urrun honetatik. Lau arrazoi emango dizkinat bertara etortzeko: azoketako zoramena, janaria, jendea eta jendea. Bidaia hau eder egin dutenak siriarrak izan ditun, zalantzarik gabe. Musulmanak gaizkiletzat hartzen dituen mendebaldean gauza askotan badinagu zer ikasia. Baditen zama astun bat bizkar gainean: gaiztoak ez direla erakutsi beharra.
Jendearekiko tratuan izugarrizko kategoria erakutsi ziguten, bai beraien artean, bai gurekin, arrotzak eta ezezagunak izan arren.
Eguzki jasanezina jendearen berotasunak arintzen din!
Ezarian. Bidaia eta Mendi Kroniken Lehiaketa
Hamaika postal Siriatik
Originala da Siriara bizikletaz egindako bidaiaren inguruan Amaia Elorzak eta Imanol Manterolak idatzitako kronika; pedal kolpeen eta bidaiako bizipenen berri postalez jantzitako testuen bidez eman dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu