Komunikazioa

Hamaika TB Korrika Telebista bihurtuko da gaurtik hilaren 17ra arte

'Berria.info'-n webgune berezi bat izango du Korrikak, eguneko albiste, argazki bilduma eta bideoekin

2009ko Korrika, Gasteizko kaleetan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Euskarazko hedabideek arreta berezia jarriko dute gaurtik aurrera Korrikan. Irratiz, telebistaz eta Internet bidez jarraitu ahalko dira 17. Korrikaren gorabeherak. Honatx komunikabideek eskainiko dituzten edukiak:

Berria.info

Korrikaren inguruko webgune berezi bat jarriko dute martxan. Papereko albisteak, eguneko albisteak, bideoak eta argazki bildumak jarriko dituzte. Gaur, Korrikaren irteera zuzenean emango dute, 17:30ean. Halaber, Ibai Maruri kazetaria egunero Korrikan izango da, eta Berriketan.info-n bideko kontakizuna egingo du.

Hamaika Telebista

AEKrekin elkarlanean, telebista saio berezi bat prestatu dute, 17. Korrikaren gorabeherak bertatik bertara jarraitzeko asmoz. Gauero, 21:00etatik 22:00etara, Zuriñe Iarrituk aurkeztuko du programa. Gainera, bidean izango dira egunero Hamaika Telebistako bost lagun. Gaur, Trebiñuko hasierari buruz aritzeko, Ruben Sanchez, Gotzon Hermosilla, Jose Mari Agirretxe eta Jagoba Manterola gonbidatuko dituzte. Hurrengo egunetan ere Hamaikan izango dira AEK-ko eta Korrrikako hainbat lagun. Besteak beste, honako lagun hauen iritziak jasoko dituzte: Lutxo Egia, Mikel Martinez, Jakes Bortairu, Koldo Amestoi, Martxelo Otamendi, Xabier Amuriza, Jose Angel Iribar, Jose Luis Lizundia eta Ines Osinaga. Gaueko programaz gain, goizero eta arratsero herrietan jasotako irudiak ikusi ahal izango dira Hamaika Telebistan, baita Hamaika.tv eta Korrika.org webguneetan ere. Telefonoak zabalik izango dituzte, eta jendearen bideoak ere jasotzeko prest.

ETB3

ETB3ko kamera batek lasterketa osoa filmatuko du, gaur Trebiñun hasi eta hilaren 17an Donostian amaitu arte. Gauero, Korrika TB saioa emango dute, 22:00etan. Lasterketaren inguruko erreportajeak eskainiko dituzte, eta Korrikarekin harreman berezia duten pertsonekin hitz egingo dute. Horrez gain, Ana Castro Korrikako prentsa arduradunak bideoblog bat protagonizatuko du, bere ikuspuntu eta bizipenetatik abiatuz Korrikaren «narrazio emozionala» eginez. ETB3k Korrikaren jarraipena Hamaika eta Tokiko kateekin elkarlanean egingo du.

Euskadi Irratia

Mezularia saioak zuzenean eskainiko du gaur arratsaldean Korrikaren hasiera. Datozen egunetan, albistegietan eta programetan zuzeneko konexioak egingo dituzte, eta, horretarako, hiru berriemaile izango dituzte. Astegunetan, Goiz Kronika, Faktoria eta Mezularia irratsaioetan egingo dituzte konexioak. Asteburuan, Amarauna magazinak egingo du bat lasterketarekin. Korrikaren amaiera ere zuzenean eskainiko du Euskadi Irratiak, hilaren 17an.

Info7

Korrikaren jarraipena egingo dute ordu oro, 09:00etatik 21:00etara. Gotzon Elizaburu eta Ekhiñe Atorrasagasti Korrikako furgonetan joango dira.

Hala Bedi irratia

Korrikaren hasieraren gaineko saio berezia egingo dute gaur, 16:00etatik 19:00etara. Iparraldeko Euskal Irratiek bat egingo dute Hala Bediren emanaldiarekin, 17:00etatik 18:00etara. Oiartzun irratiak ere Hala Bediko emisioa partekatuko du, 16:30ean.

Eguzki Irratia

Korrikaren jarraipena egingo dute goizero, 11:00etan. Bihar irratsaio berezi bat egingo dute Korrikak Iruñerria zeharkatzearekin batera, 18:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.