TXINA

Hamalau urtetik beherakoek egunean 40 minutuz baino ezingo dute erabili Txinako Tiktok aplikazioa

06:00etatik 22:00ak bitartean baino ezingo dira aplikazioan sartu, eta, gainera, eduki hezitzaileak lehenetsiko ditu Douyinek hemendik aurrera.

Txinako gazte bat, Douyin aplikazioa zabalik duela. ROMAN PILIPEY/EFE
jone arruabarrena
2021eko irailaren 20a
12:47
Entzun

Duela aste batzukonline jolasetan ibiltzeko denbora astean hiru ordura mugatu ondoren, neurri gehiago iragarri ditu Txinak: Tiktok aplikazioaren Txinako bertsioa erabiltzeko denbora ere egunean 40 minutura murriztuko du. Douyin dauka izena hango plataformak, eta hamalau urtetik beherakoek goizeko seiak eta gaueko hamarrak bitartean baino ezingo dute bertara sartu. Bytedance enpresarenak dira Tiktok eta Douyin bera, eta egunean 400 milioi erabiltzaile baino gehiago dituzte.

Baina nola ziurtatu neurria beteko dela? Gobernuaren arabera, erabiltzaileek beren benetako izena sartu beharko dute aplikazioan kontua sortzen dutenean, eta automatikoki «gazteentzako modua» gaituko zaie. Modu horrek berez ezartzen ditu denbora murrizketak.

Gainera, gazteentzako modua era egokian ezartzen ez bada edo sistemaren hutsegiteak atzemanez gero, 130 dolarreko ordainsaria eskainiko du enpresak akatsa jakinarazten dionarentzat, liburuak erosteko.

Gainera, beste doiketa bat ere egingo dute aplikazioan. Douyin enpresak jakinarazi duenez, hemendik aurrera «eduki historikoa, zientifikoa edo museoetako erakusketak» gomendatuko dizkie aplikazioak bere erabiltzaileei. Hala, hamalau urtetik beherakoei «arlo jakin batzuen gaineko interesa» piztu nahi die, eta aplikazioa «zerbait ikasteko» baliatzea ere nahi du.

Neurri horiek soka luzea dakarte. Izan ere, azken hilabeteetan Txinako Gobernuak eta haren hedabideek gogor jo dute Interneteko jolasen aurka. Economic Information Daily hedabideak hil hasieran argitaratu zuen artikulu batek, adibidez, jolas horiek «droga elektronikoak» eta «opio espirituala» direla zioen: «Ezin da onartu industria batek, kirol batek, edo halako ezerk belaunaldi oso bat suntsitzea», zioen idatziak. Jolas elektronikoak gehiegi erabiltzea eskolan nota txarrak ateratzearekin, miopiarekin, lo ezinarekin eta depresioarekin lotu ditu gobernuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.