BIDAIA SAHARA OKUPATUAN. II. EZKUTUKO HITZORDUA AAIUNEN

Hamar ordu Brahimekin

bilera egin du kazetariak giza eskubideen aldeko elkarteetako ordezkariekin. 1975. urtean Marokok herrialdea inbaditu eta gero izandako errepresioaz mintzatu dira. 30 urte hauetan Rabatek desagerrarazi dituen sahararren senideek Marokoren gainean presioa egiteko eskatu diote nazioarteko komunitateari.

Pastor
2005eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Errusia, RH: positiboa. NBEk Mendebaldeko Saharara bidalitako soldaduaren uniformean haren jatorria eta odol ezaugarriak ageri dira idatziak, mahuka eta bularrean.Soldadu errusiarra eta biok elkarrekin irten gara igogailutik, baina bide desberdinak hartu ditugu. Bera hoteleko jangelara joan da, gosaltzera-edo; nik, ostera, kalera egin dut denbora galdu gabe. Lakouara hotelean ez geratzea da kontua, badaezpada ere. Aukerarik ez ematea ni hor harrapatzeko. Horregatik, azkar dutxatu eta lehenbailehen alde egin dut handik, atsedenik hartu gabe, egunkaritik agindu bezala. Kalera irten bezain laster kamioi militar bat pasatu da aldamenetik. Ezkerreko kalean behera, espainiarrek eraikitako katedralerantz jo dut, hoteletik hurbil-hurbil. Hango plazatxoan bi polizia daude zutik. Haiengandik urrundu eta banku batean eseri naiz, orain urte batzuk itxita dagoen eraikin erlijiosoaren aurrean. Telefonoz deitu diot Aaiungo kontaktuari. Zuhur erantzun du. Ondo hitz egiten du espainieraz. Frantsesez ere ederto daki, baina seguruagoa da espainieraz egitea: frantsesa nahikoa hedatua da Mendebaldeko Saharan eta edonork entzun eta uler lezake gure hizketaldia; espainiera, aldiz, gero eta gutxiago egiten da.Kontaktuak nora joan behar den azaldu du poliki-poliki. «Zauden kalean gora bazoaz, turismo bulegotik haratago kale nagusi bat ikusiko duzu, betiere aldapan gora. Al Massira hotelera helduko zara. Aurrean Atlantic kafetegia ikusiko duzu, eta ondoan ziberkafe bat. Hortxe elkartuko gara hamarretan». Ez diot esan nola joango naizen jantzita, badaezpada ere, baina haren itxuraz galdetu diot. «Nola jakingo dut nor zaren?». «Ziberkafeko atean egongo naiz».Kalean gora abiatu naiz. Eguzkia gogotik jotzen hasi da Aaiunen. Jende gutxi dabil kalean. Soldaduren bat edo beste ageri da, edo poliziak. Ume batzuk albotik pasatu dira. Haietako batek Barçaren elastikoa darama. Ronaldinho zaharrak eta Eto'o gazteak elkarri begiratu eta irribarre egin diote. Gorako bidean Parador hotelean sartu naiz, soinean jokalari brasildarraren elastikoa daraman turista xelebrearen arrastoa uzteko. «Zenbat balio du lagun batentzako gelak?». «660 dinar». 55 euro inguru. Lakouaran 22 euro ordaintzen da gaueko, baina ez dago konparatzerik, noski.Parador hoteletik irten eta turismo bulegora. Hango arduraduna gela batean dago sartuta, liburu bat irakurtzen. Turista gutxi hartzen ohituta dagoela igartzen zaio gizonari. Lekuak atseden-etxea ematen du, zaratarik gabe, lasai-lasaia, munduko edozein turismo bulegoa ez bezalakoa. Han bera dago, beste inor ez. Eraikina zaharra da, zeregin horretarako xume egokitua. Gizona presa barik altxatu da. Afixa pare bat besterik ez dago hormetan. «Hementxe dituzu liburuxka turistiko batzuk. Espainiarra zara?».Al Massira hotelaren kanpoaldean MINURSO Nazio Batuen Erakundearen Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Misioaren bi ibilgailu daude aparkaturik. Mekka bulebarra Mechour plaza handitik Dchira plazaraino doa. Bide luzean Rabateko botereak 30 urteko okupazioan Maroko Hegoaldean jarritako eraikin ofizialak daude. Guztietan bandera marokoarra, guztietan zaindariak, poliziak edo soldaduak, batera eta bestera. Hotelaren aurrean Atlantic kafetegia dago, eta alboan, ziberkafearen kartela. Hitzordu lekura sartu aurretik liburudenda baten ondoan gelditu naiz. Baten bat atzean dudan begiratu dut, disimuluz. Espioi film bateko protagonista naizela ematen du. Boligrafoak eta bezperako egunkari bat erosi ditut. Ez dago eguneko egunkaririk. Ez frantsesez idatzirik behintzat. Aaiunen aireportua dago baina hegaldi askorik ez Casablancarantz. Mendebaldeko Saharako hiriburuan ez dago tren zerbitzurik; hemen autobusak dira ohiko garraiobideak. Eguneko prentsa iluntzeko autobusean iristen da.

«Euskalduna zara?»

Atarian sartu eta gora begiratu dut. Lehen pisuan, eskaileren amaieran, gizon bat dago zutik, eskuak poltsikoetan. Telefonoz agindutako lekuan eta orduan dago: ziberkafeko atean, goizeko hamarretan. Igotzen hasi naiz. Harengana heltzean begi maltzur eta ahots leunarekin agurtu nau. «Euskalduna zara?». Irribarretsu erantzun diot. Elkar besarkatu dugu, besterik esan gabe, aspaldidanik elkar ikusi ez duten txikitako lagunak izango bagina bezala. «Zatoz gora».Etxebizitza apartamentu txikia da, terraza batekin. Etxeak horma urdineko gela nagusia du, besaulki zabalak eta mahai txikia barru-barruan kokaturik, ezker aldean. Haien ondoko leihotik Aaiungo teilatuak ikusten dira, eguzkiak koloratzen hasiak. Erdirago, ordenagailua dago. Gela nagusiaren eskuin aldean logela bat dago, sukaldea eta bainugela txikia. «Nola joan da bidaia? Arazorik izan duzu?». Kontaktua ura irakiten ari da tea prestatzeko. Gizon argala da, biboteduna, berrogei urte oraindik bete gabea, begirada argi zorrotza. Harengana Polisarioak (Sahara eta Rio de Oroko Askatasunerako Frontea) Kanariar Uharteetan duen ordezkariaren bidez heldu gara. Egunkaria erresistentzia sahararrarekin harremanetan jarri da aste batzuk lehenago dena prestatzeko. Marokoko Poliziak Kristina Berasain lankidea Saharatik kanporatu zuenetik jardun du horretan. Berasain bost orduz atxilotuta eduki zuten, eta ondoren indarrez sartu zuten hegazkinean, Mendebaldeko Saharatik botatzeko. Segurtasun eta duintasun nazionalari egindako «iraina» argudiatu zuten haren kontra. Ekainaren hasieran gertatu zen hori. Gerora, baimen ofiziala eskatu genuen kazetari bat bidaltzeko, baina erantzunik ez. Azkenean, turista bat infiltratzea izan da aukera bakarra.Kanarietako Polisarioko ordezkariari Aiaunera jaitsi baino egun bat lehenago zehaztu zaizkio bisitaren nondik norakoak, eta hark denborarik laburrenean lotu behar izan du guztia Aaiungo sarearekin. Kontaktuak baso txiki bat luzatu du tez betea. Gozo dago. Mahaiaren gainean lan tresna bakarrak ipini ditut. Hiru boligrafo, tinta beltz eta punta gogorrekoak.Ez daramat ordenagailurik, ez grabagailurik, ez koadernorik. Kontaktuak ekarriko ditu orriak idazteko. Elkarrizketak eskuz idatzi beharko dira, letra irmo eta argiaz. Hark folioak eskaneatuko ditu, egunkarira posta elektronikoaren bidez bidaltzeko. Horixe da onena, poliziek edo soldaduek turista kazetaria izango ote den susmoa izan ez dezaten. Ziberkafearen gaineko etxebizitzan egingo dira elkarrizketa eta harreman guztiak. Horixe izango da topagunea.Logelako atea ireki da eta gizon bat irten da, irribarretsu. Berrogeitaka urte izango ditu. Brahim Sabbarrek agurtu egin gaitu. Marokok Giza Eskubideen Kontra Egindako Urraketen Biktimen Saharako Elkarteko idazkari nagusia da Sabbar. Saharako giza eskubideen aldeko militanteak sostengatzeko batzorde batean ere ari da lanean, lehendakariorde. «Mendebaldeko Saharan giza eskubideen alde lan egiten duten erakunde edo elkarte guztiak debekaturik daude. Ez dago legezko talderik.1975eko inbasioaren ondoren, Marokoren errepresioaren biktima asko desagertu ziren. Haietako 105ek desagertuta segitzen dute egun. Saharar batzuk bizirik lurperatu zituzten Marokoko tropek, taldeka. Beste batzuk hegazkinetatik behera bota zituzten».

Hamar urte desagertuta

Hamar urtean egon da preso, kartzela batean desagertua: inork ez zekien, ez senideek ez lagunek, bizirik edo hilik ote zegoen. Ezta haren gorputza edo gorpua non zegoen. «1991n armak isildu ondoren eta NBErekin akordioa lortu ondoren, Marokok desagerrarazitako 321 preso askatu zituen: haietako 270 Kalaat Magonako espetxean zeuden, eta 51 Aaiunen». Horiek ez ziren desagertu guztiak izan baina. Beste batzuk ez ziren inoiz ere agertuko. Bizirik behintzat. «Kalaat Magonan 43 desagertu hil ziren tortura edo gaixotasunen ondorioz. Aaiungo espetxe beltzean 14 hil ziren. Desagertu guztiak, hildakoak eta bizirik geratu zirenak, 378 izan ziren guztira, haietako 73 emakumeak. Hemeretzi jaioberri hil ziren haien amak bahitu eta gero».1998tik 2001era arte Sabbar Rabaten egon zen lanean, Marokoko hiriburuan sahararren aldarrikapenen berri emateko. «Hiru urte eman genituen han, politikariekin, giza eskubideen elkarteetako kideekin mintzatzeko. Auziarekin zerikusia duten ministerioekin ere jarri ginen harremanetan, baita Europako eta AEBetako enbaxadekin ere. Gero, Marokok pasaportea kendu zidan».Hizkera pausatua du, soinu gozoa. Gizon lasaia ematen du. Kontaktua jaiki egin da eta te gehiago ekarri du mahaira. Atea ireki da eta mutil gazte bat agertu da. Lagunak agurtu ditu eta ondoan jarri. Bisitari ezezagunaren elastikoaz ohartu da. «Bartzelonaren zalea zara? Ni, Real Madrilen jarraitzailea nauzu». Robinho, Ronaldo, Ronaldinho... Txantxetan jardun dugu Madril eta Bartzelonako brasildarren kontura.Sabbarren ustez, Maroko ezer gutxi egiten ari da sahararren giza eskubideak errespetatzeko eta urte luzeetako errepresioaren ondorio latzak benetan ikertzeko. Nazioarteko erakundeen laguntza ezinbestekoa da Rabat presionatzeko. «Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioa Mendebaldeko Saharara etorri zen ikerketa egiteko, eta desagertuei buruzko 1.500 txosten osatu zituen. AI Amnesty International ere urtero edo bi urtean behin etortzen da egoera aztertzeko».Hizketa eten du. Jende gehiago sartu da gelan. Joan-etorri askotako eguna da. Kontaktua telefono deiak jasotzen ari da etengabe. Hark ere sarri deitzen du, egun bakarrean egin beharreko hitzordu guztiak lotzeko. «Nekatuta zaude bidaiaren ondoren. Begietan nabaritzen zaizu, bai. Laster jango dugu, ogitartekoak ekarriko dizkigute». Sabbarrek tea edan du. «Desagertuen aldeko batzordeak osatzen hasi ginen. Batetik, Maroko onartutako desagertuak daude; bestetik, ofizialki onartzen ez diren desagertuak. Batzorde horiek biktimen lehen oihuak izan dira, haiek sortu aurretik inork ezin zuen hitzik egin, ez zegoen horretarako aukera eta baliabiderik». Indar guztiak batzeko kongresua egin zuten, eta Marokok Giza Eskubideen Kontra Egindako Urraketen Biktimen Saharako Elkartea sortu zuten. «Batzorde eta talde guztiak batu nahi izan ditugu estrategia bateratuak elkarrekin zehazteko. Elkartea, Marokoko Zuzenbidearen arabera, legez kanpokoa da».Janaria ekarri dute mahaira, ogitartekoak. Te gehiago ere bai. Kontaktua arabieraz mintzatu da Sabbarrekin. Gero behera joan da, ziberkafera, lehen elkarrizketen folioak eskaneatzeko agintzeko. Bitartean, zangoak mugitzeko jaiki naiz, eta terrazara irten, aireratzeko. Kanpoko murruraino joan naiz. Aaiungo teilatuak ikusten dira bertatik, Mekka bulebarreko mugimendua, trafikoa, taxi handiak eta txikiak, herritarrak eta, nola ez, soldaduak eta poliziak. Aurrean Al Massira hotela. Atearen ondoan UN siglak idatzita dituzten MINURSOren autoak. Eta haruntzago, basamortua. Bat-batean ukondotik heldu didate. «Ez zaitez kanpora agertu. Etxea zelatatzen ari dira hotelaren aurreko auto batetik, eta beharbada ikusiko zaituzte hemen goian», esan dit kontaktuak.Elkarteak aurten mobilizazioak egiteari ekin diola azaldu du Sabbarrek. «2004ko abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean manifestazioa egin nahi genuen, baina Poliziak debekatu egin zigun. Aurtengo martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Egunean ere kaleratzen saiatu ginen. MINURSO zegoen hotelera jo genuen manifestazioa egiteko. Hil berean, martxoan, preso politikoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak egin genituen».Dinamika hori maiatzean areagotu zen. Maiatzaren 1ean, Lanaren Nazioarteko Egunean, Autodeterminazioa eta Maroko kanpora leloak baliatu zituzten manifestazioetan. «Agintariak urduri zeuden, haserre. Marokoko sindikatuak ere oldartuta zeuden. Poliziak ez zigun pasatzen utzi». Maiatzaren 7an lehen kongresua egin zuen elkarteak. Maiatzaren 20an, Fronte Polisarioa sortu zeneko 32. urteurrenean, gutun bat idatzi zuten erreferenduma egiteko eskatzeko. Eta egun bat geroago beste manifestazio bat. «Maiatzaren 21ean protesta egin genuen preso sahararrak Aaiundik Marokorantz urruntzearen aurka. Egun horretan Poliziak oso bortizki jo zuen gure kontra. Geroztik manifestazioak izan dira, protestak ez dira eten».

«Ahaztu egin gaituzte»

Marokok Giza Eskubideen Kontra Egindako Urraketen Biktimen Saharako Elkarteko lehendakariordea da El Ghali Djimi, etaSabbarrekin batera dabil lanean. Desagertu Sahararren Senideen Elkarteko kidea ere bada. Haren amona 1984ko apirilaren 4an bahitu eta desagerrarazi zuten, 60 urte zituela. «Ez zuen zerikusirik politikarekin. Bahitzeko arrazoi bakarra sahararra izatea izan zen. Agadirko etxean atxilotu zuten, Polisarioaren babeslekua zela esanez. Geroztik ez dugu haren berririk izan».Andreak elkarteak egindako txostena erakutsi du. «AIren arabera, desagertu zibilak 200 inguru dira, baina gurekin 114 familiak kontaktatu dute». Txostenean kasuz kasuko informazioa ageri da, argazkiekin: nor, noiz eta non atxilotu zuten. Eta, garrantzitsuena: bahiketa nork egin zuen, eta erabili zen autoaren matrikula ere bai. Hala ere, ez da prozesurik abiatu susmagarrien kontra. Horiek lanean segitzen dute, eta askok goranzko karrerari eutsi diote Armada edo Polizian. «Marokorentzat ez gara inor. Kanpoko ordezkaritzak datozenean Gobernuak gizarte zibilaren ordezkariekin hitz egiteko esaten du, baina gu ez gaitu kontuan hartzen». Oso lasai mintzo da. Senarra gelako beste muturrean dago, Interneteko berriei begira. «Nekatuta zaude?», galdetu du idaztean, batzuetan, atzamarrak luzatzen ditudala ohartuta. «Apur bat». «1975etik ez dugu geure senideen berririk. Badaude emakumeak, gizona duela 30 urte galdu zutenak. Nazioarteko presioa behar da Marokori senideak non ditugun esanarazteko. Marokok dio desagertuak soilik marokoarrak direla. Ikuspuntu humanitariotik heldu behar zaio auziari. Gurearen berri ematen dugunean haien alde humanoa ere nabaritzen dugu. Ez dago gure sufrimendua ezkutatzeko arrazoirik».Bisitari gehienak joan direnean ordenagailuaren aurrean jarri gara azken orduko albisteak ikusteko. Egunkari eta agentzietan etorkin afrikarren auzia da aipagai nagusia. Bat-batean kea usaindu dut atzean. Kontaktua komunean dago makurturik, eskaneatutako orriak erretzen, arrastorik ez uzteko. Egunkarira deitu dut, posta elektronikoz orri horien kopiarik heldu zaien jakiteko. Oraindik ez. Iluntzeko zortziak dira. Brahim Sabbarrek eskua luzatu dit agurtzeko. Gelan utzi dut. Kontaktuak ateraino lagundu dit. «Eta orain irteteko, arazorik izango dut? Baten batek zerbait esaten badit?», galdetu diot. «Zuk esan ziberkafean egon zarela egun osoan, neska-lagunarekin txateatzen. Ezin da ala?», erantzun dit. Bera ere Brahim deitzen da.

Etzi: 'Ezusteko bisita Lakouara hotelean' (III)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.