Hamar urte bete oroimen

Hamar urteko ibilbidea laburbiltzen duen 'Kukai 2002-2012' erakusketa jarri du dantza taldeak Errenteriako Xenpelar etxean; hilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

Kukai dantza konpainiako sei kide, erakusketaren aurkezpenean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
Errenteria
2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Arrapaladan pasa dira hamar urte Kukai dantza konpainian. Izenik ere ez zuten garai hura atzo izan zela dirudi, baina argazkiek eta beste oroigarriek agerian uzten dute egia: hamar urte igaro dira, eta aldatu dira gauzak. Urte horietako ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa «xume» bezain erakargarria atondu du Errenteriako dantza konpainiak Xenpelar etxean: Kukai 2002-2012. Hilaren 26ra arte ikus daiteke erakusketa, 17:00etatik 20:00etara.

«Gauza batzuk dibertigarriak egiten zaizkit, orain dela hamar urteko gauzak gogoratzeagatik. Harrotasun puntu bat ere bai; azkenean, horrelako proiektu bat hamar urtez garatzea ez da erraza. Hor irauteak esan nahi du lana txukun egin dugula». Jon Maia dantzari eta koreografoaren hitzak dira. Gutxik dakite hark bezain ongi nolakoa izan den Kukairen ibilbidea. Pozik nabari zaio.

Kronologikoki antolatu dute erakusketa. Atearen ondoan, hastapenak daude; lehen antzezpenen argazki eta materiala eta Tanttakarekin hasitako elkarlana. Hiru ikuskizun eman zituen elkarlan horrek, Mireia Gabilondo zuzendari zutela: 1937, Gogoaren bidezidorretatik, Otehitzari biraka eta Hnuy illa. Elkarlana amaituta, jarraian datoz Kukairen beste obrak: Taupadak, Soka, (Sok)2, Sorgineta, Karrikan, Hostoak eta Out/In. Lan horiez gain, Kukaikoek hainbat kolaborazio egin dituzte hamar urte hauetan, eta haiek ere lekua dute erakusketan.

Dantza ikuskizunen argazkiak ez ezik, argazki informalagoak, egunkarietako ebakinak, emanaldietako arropa, atrezzo zatiak, argitaratutako DVDak, jasotako sariak eta ikastoletako haurren marrazkiak bildu dituzte. Deigarri egiten da, batez ere, erakusketa gelaren erdian dagoen soka, baita urteotan egindako emanaldi guztiak biltzen dituen zerrenda ere, pareta batean jarrita. Argazki eta oroigarrietan taldearen bilakaera antzeman daiteke. Nola dantza tradizionala hartu, eta dantza garaikidea uztartzen hasi ziren. Sustraiak ahaztu gabe dantza garaikideak gero eta garrantzi handiagoa hartu zuela, adibidez.

Maiak azaldu duenez, «bizirik» daude Kukairen lan guztiak, oraindik ere emanaldi guztiak «berezko martxan» antzezten dituztelako. Gernikako bonbardaketen urteurrenaren harira, 1937 Gogoaren bidezidorretatik obra berreskuratu zuten. Lan zaharrak eta berriak uztartzea «polita eta gogorra» dela dio, «gorputza egungo mugimendura ohituta» dagoelako eta zaila egiten delako momentuko ikuskizunetara moldatzea.

'Komunikazio-inkomunikazioa'

Bi lan ildo ditu egun Kukaik. Batetik, sorkuntzarekin jarraitzea. Datorren martxoaren 1ean eta 2an Komunikazio-inkomunikazioa obra aurkeztuko dute, Bilboko Arriaga antzokian, Tanttakarekin elkarlanean berriro ere. Bestetik, Errenteriako Udalarekin duten hitzarmenarekin jarraitzea, herritarren artean dantza eta kultura zabaltzeko asmoarekin.

Atzoko prentsaurreko aurkezpenaren ondoren, han izan ziren dantzariak argazkiak begiratzen geratu ziren minutu luzez, irri artean. Finean, dantza konpainia bat baino gehiago dira Kukaiko kideak: familia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.