Azkarragoa izan da aurten Fuente Ymbroko zezenen entzierroa. Aurreko urtekoarekin alderatuta, arin ibili dira Cadizko (Espainia) ganadutegikoak. 2.19ko denboran amaitu dute San Domingoko aldapatik zezen plazarainoko ibilbidea; iaz, hiru minututik gora iraun zuen. Arriskutsuak dira Fuente Ymbrokoak, baina ez da adarkadarik izan gaurko entzierroan. Gurutze Gorriaren arabera, behintzat hamar zauritu artatu dituzte.
Udaletxeko bihurgunean bi zezenek aurrea hartu diete besteei eta joaldunei une batez, baina Estafeta kalean berriro batu dira denak. Ezustekoak izan dira bertan: behintzat bi lagun harrapatu dituzte zezenek, eta horietako bat airean altxatu. Aurreko egunetan baino jende gutxixeago ikusi da entzierroan, baina horrek ez du ekidin jendea Estafetan zehar pilatzea. Tentsio uneak izan dira, eta hainbat korrikalariren gainetik igaro dira zezenak eta joaldunak. Pareko heldu dira zezen plazara, bata bestearen atzetik.