Robert Caparen Mexikoko maleta famatuarekin paralelismoa egin dakioke, «baina ez da gauza bera». Argazkilari hungariarrak David Chim Seymour y Gerda Tarorekin batera 1936ko gerran atera zituen milaka argazki bildu zituen maleta horretan, eta 1939an AEBetan erbesteratu zenean Imre Weiszi eman zion zaindu zitzan. Hamarkada luzez itzalpean egon ondoren, 2011n argitara eman ziren, eta oihartzun mediatiko itzela eragin zuten. Eta Haritz Rodriguez blogariak paralelismo hori egin du Miguel Cañizal bere osaba handiarekin. Joan den urtarrilean argitaratu zituen Tokitan.tv blogean Cañizalek 1936ko gerran atera zituen argazkiak, urte luzez Rodriguezen amonaren ganbaran gordeta egon ondoren. Horregatik egiten du Caparekin paralelismoa, itzalpetik atera direlako argazkiak. «Baina ez da gauza bera, nire osaba handiak argazki gutxiago atera zituelako».
Gutxiago izanagatik, ordea, horrek ez dio baliorik kentzen gerra garaian Cañizalek egin zuen lanarekin. Apaiza zen, eta Kirikiño batailoiarekin egon zen frontean. Bertan kamerarekin erretratatu zituen gudari, lubaki eta eguneroko eszenak. Baina bere argazkietan, batez ere, galdutako belaunaldi baten erretratuak agertzen direla dio Rodriguezek: «Badago erretratu bat, laino artean agertzen den gudari batena, buru makur eta erdi irribarrez. Niretzat sekulakoa da argazki hori; asko esaten du».
Indalecio Ojanguren argazkilariarekin ere bat egin zuen Cañizalek; «biak ziren Eibarkoak, eta elkar ezagutzen zuten». Baina 36ko gerran ez ziren batera aritu lanean. Eta hori grafikoki ikusi daiteke. «Biek dauzkate lubaki berari ateratako argazkiak, baina Ojangurenek hutsik erretratatu zuen, borroka amaitu ondorenekoa». Eta Cañizalek gudariekin batera erretratatu zituen.
Balio handiko argazkiak berreskuratu ditu Rodriguezek, eta espero ez zuen harrera beroa jaso du ordainetan. «Banekien jendea harremanetan jarriko zela, baina jasotako erantzuna handiagoa izan da». Edozein modutan, dei moduko bat ere egin nahi izan du bere osaba handiaren argazkiak argitaratu ondoren: etxe askotan egon daitezkeen ezkutatutako argazkiak argitara ematea. Caparen maletaren antzeko istorio gehiago egon daitezen.
Hamarkada luzez isilik egon den berriemaile grafikoa
Miguel Cañizal apaiza Kirikiño batailoiarekin batera ibili zen 36ko gerran, eta ehunka argazki atera zituen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu