Hamasei mila herritar ariko dira Donostiako danborradan

Zortzi danborrada berri aterako dira aurten San Sebastian egunean, eta, guztira, 135 talde eta 16.227 herritar ariko dira danborrak eta upelak jotzen helduen danborradan

Haur danborrada eguerdian aterako da Donostian. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
Donostia
2016ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo San Sebastian eguna Kultur Hiriburutzaren abiapuntua izango da. Urtarrilaren 18tik 23ra hainbat jarduera antolatuko dira, eta denek egingo diete keinuren bat 2016ri. Banderaren igoera Donostiaren Europako Kultur Hiriburutzaren urtearen inaugurazio ofizialerako programatutako lehen ekitaldia izango da.

2016ko Europako Kultur Hiriburutza urtearen inaugurazio ekitaldi ofizialerako deialdi gisa, hiriko auzoetatik bertaratutako haurren eta helduen danborradetako ordezkariak Kontxako hondartzan bilduko dira urtarrilaren 23an. Hiriko eremu bakoitzeko danborradetako kideekin osatuko den konpainia bakoitza leku jakin batean bilduko da. Ondoren, hondartzara joango dira, eta elkarrekin Donostiako danborradaren errepertorioko doinuak joko dituzte.

San Sebastian egunean, 135 danborrada aterako dira kalera Donostian. Erdialdean 26 ibiliko dira, Grosen eta Parte Zaharrean 23, Antiguan 20, Altzan eta Intxaurrondon 18, Amaran eta Loiolako Erriberan 15, eta Egian, Loiolan eta Martutenen 10. Hala, guztira 16.227 herritar ariko dira danborra jotzen (%39 emakumezko eta %61 gizonezko). 125 danborrada mistoak izango dira, bederatzi gizonezkoenak, eta danborrada bat emakumez osaturik egongo da.

135 danborrada horiei Urki arraun elkartearen herri danborrada elkartuko zaie Parte Zaharrean, urtero bezala, afaria amaitu ondoren.

Aurten, zortzi danborrada berri aterako dira: Herri Ametsa ikastolako helduen danborrada (Bidebieta), Kosakos (Altza), La Anunciata 75 elkartea (Altza), Tecnun (Ibaeta), Xexene danborrada (Antigua), Donosti Dolphins (Gros), Deustuko Unibertsitatea (erdialdea) eta Emakumeen Etxea elkartea (erdialdea).

Emakumeen Etxeak lehen aldiz joko du San Sebastian egunean; erdialdeko ibilbidea egingo dute, elkartearen egoitzatik abiatuta. Emakumeen Etxea, 2010. urtean ateak zabaldu zituenetik, berdintasunaren alde lanean diharduten taldeen eta norbanakoen topagunea da. Urtean 33.500 erabiltzailetik gora pasatzen dira Okendo kaleko egoitzatik, eta jarduera ugari antolatzen dituzte. Azken hilabeteetan lehenengo danborrada feminista sortzeko lan egin dute, eta urtarrilaren 20an erdialdeko kaleetan jotzen ibiliko dira.

Haurren danborradan, berriz, 50 talde aterako dira, eta guztira 12.000 haur inguruk parte hartuko dute.

Azkenik, atzo, Hiritar Merezimenduaren Dominak eman zizkieten Itzurun elkarteari, Juan Ojanguren Ulacia medikuari, Katxalin elkarteari, Nazaret ikastetxeari eta Chernobil elkarteari, eta, gaur, Cristina Iglesias eskultoreak Urrezko Danborra jasoko du.

Donostiako San Sebastian egunaren inguruko informazio gehiago, www.donostia.eus helbidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.