Asteburuko proposamenak

Handia bainoago, benetakoa

'Maite zaitut' festa eginen dute larunbatean BECen: berrehun parte hartzaile baino gehiago izanen dira oholtza gainean, eta 12.000 ikusle. Ekitaldia Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek irakatsitako balioen isla izan dadin nahi dute antolatzaileek.

Musikariak, joan den igandean, ikuskizuna entseatzen. MAITE ZAITUT KULTUR ELKARTEA
Musikariak, joan den igandean, ikuskizuna entseatzen. MAITE ZAITUT KULTUR ELKARTEA
Iratxe Muxika
2025eko maiatzaren 1a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei omenaldia eginen diete etzi, Barakaldoko (Bizkaia) Bizkaia Arena aretoan. Orain hogei urte kaleratu zuten pailazoek Maite zaitut abestia, eta urteurrena probestuko dute herriak hirukoteari maite zaitut erran diezaion. Maite Zaitut kultur elkarteak antolatu du omenaldia, eta sorpresa anitz prestatu dituzte ikusleentzat. 

Amagoia Mujika Telleria Maite Zaitut elkarteko kideak argi du zer forma eman nahi dioten BECi: «Pailazoek irakatsi dizkiguten balio denen isla izango da larunbatekoa». Musikaren bitartez zabaldu dituzte mezuak Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, eta omenaldiaren protagonista ere musika bera izanen da. Hamalau musikari arituko dira une oro oholtzan, Xabi Zabalak koordinatuta. Haien ondoan kantari arituko dira Landarbaso abesbatzako berrogei haur eta gazte. Musikari horietako anitz pailazoen diskoen grabaketetan izanak dira, eta lotura hurbil horri eusten saiatu dira. «Hurbila, goxoa eta benetakoa izatea nahi genuen, eta pailazoen inguruko jende asko deitu dugu», azaldu du Mujikak. 

Pailazoak ikusleen artean eseriko dira, eta handik ikusiko dute omenaldia. Dena den, beren tarte berezia ere izanen dute, oholtzara igoko baitira agerraldi txiki bat egitera. 

Guztira, berrehun lagun inguru igoko dira oholtzara, baina larunbatera arte ez da jakinen bakoitzak zer eginen duen. «Pailazoek ere ez dakite zer egingo dugun: sorpresa izatea nahi genuke», argitu du Mujikak. Oinkari dantza taldeko berrogei dantzari arituko dira dantzan, baita Palestinako soul musika talde bat ere. «Gazan bonbardaketak etengabeak izan arren, kantuak grabatzen aritu dira. Hain zuzen ere, kantu horietako bat ekarriko dute Maite zaitut jaialdira: Nire umeak txoriak dira zeruan. Gazan sortutakoa eta grabatutakoa da, bonben azpian, eta eraildako haurrak ditu gogoan», azaldu du antolatzaileak.

Hirukoak urte luzez egin duen bidean, hitzek eta mezuek garrantzi handia eduki dute, eta omenaldiak ere kantuen hitzak goraipatuko ditu; horregatik gonbidatu dituzte hainbertze bertsolari. Horien artean izanen dira, erraterako, Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Jon Maia. Ekitaldiaren gidoia Ane Labaka bertsolariak idatzi du.  

Margo gorriak

Ekitaldiaren bertze berezitasunetako bat zuzeneko marrazkigintza izanen da, hainbat artista zuzenean arituko baitira marrazten eta ikuskizun bat egiten. Ikus-entzuleen parte hartzea bultzatu nahi dutenez, eta, bide batez, guztiak haur izatea nahi dutenez, bakoitzak margo gorri bat eraman dezan eskatu dute. «Omenaldiaren tarte batean guztiok aterako ditugu margo gorriak, eta ekintza bat egin», erran du Mujikak. «Pailazoek erakutsi digute koloretako herri batekin amesten, guztiontzat lekua duen herri batekin, elkar maite duen herri batekin eta aniztasunaren aldeko herriarekin. Guk erakutsiko dugu izan gaitezkeela ikasi dugun hori, eta gurea izan daitekeela herri hori», kontatu du Mujikak. 

14.000 lagun sartuko dira gehienez, baina oraindik gelditzen dira sarrera batzuk eskuragai. Mujikak espero du 12.000tik goiti izanen direla, eta jakinarazi du harmailak «bete-bete» dauden arren, pistara joatea posible dela oraindik. «BECeko pista herriko plaza bat bilakatuko da; kalejirak, erraldoiak eta dantzak eginen dira». Zutik egoteko lekua da pista, baina Mujikak erran du noiznahi esertzeko aukera izanen dela, eta, hortaz, haurrekin joateko ere «leku aproposa» dela. 

Ateak 15:30ean irekiko dituzte, eta 17:00etan hasiko da ekitaldia; guztira, gutxi gorabehera, bi ordu iraunen du. Handia izanen da, baina Mujikak ohartarazi du badela zerbait garrantzitsuagoa handia izatea baino: «Guk nahiko genuke benetako omenaldi bat izatea; handia baino, nahiago dugu hurbila eta erreala izatea». Hori baita, finean, pailazoek irakatsitako bertze baloreetako bat. 

Musikariez, abeslariez, dantzariez eta bertsolariez gain, dozenatik gora pailazo berri igoko dira oholtzara, «ikusteko etorkizuna hemen dagoela», Mujikak kontatu duenez. «Mundu bat ireki zuten Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek, eta orain erantzuna izango da erakustea bide horrek jarraipena duela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.