Ezarian. Txotxongiloak. Nerea Ibargutxi. Panta Rheiko kidea

Haritik zintzilik, baina sendo

Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiak 30 urte bete ditu aurten. Asteburu honetan bukatuko da aurtengo ekitaldia. Urteen joan-etorriarekin, sendotu egin da jaialdia.

Pedro eta otsoa ipuin ezagunak adiera bat izan dezake kultura bakoitzean. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Herrixka global batean bizi gara gaur egun. Gizakiak gero eta gehiago bidaiatu behar du, eta horrek guztiak zuzenean eragiten dio antzerkiari eta kulturari», Concha de la Casa Bilboko Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiko zuzendariaren hitzetan. Asteburuan hasi zen txotxongilo jaialdia, eta aurtengoarekin 30 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, herrixka globalaren leloa hartu du jaialdiak. Eta ez alferrik, gainera. Izan ere, urte horietan guztietan mundu osoko txotxongilolari ugari igaro dira Bilboko agertokietatik, eta aurten oraindik gehiago izatea nahi izan dute. Bost kontinenteetako hamasei konpainiak euren lanak eskaini dituzte eta eskainiko dituzte igandea bitarte. Japonia, Hego Korea, Kolonbia, Mexiko, Argentina, Tunisia eta Euskal Herriko taldeek, besteak beste.

Munduko kulturetako ordezkaritza ahalik eta zabalena lortzen saiatu dira antolatzaileak, eta inoiz baino jaialdi pluralagoa osatu dute. «Lekuan lekuko kulturaren eta ohituren arabera, ipuin ezagunek egokitzapen bat edo beste izan ditzakete, eta guk horren isla izan nahi dugu», azaldu du De la Casak.

Nazioartekotasun ahalik eta zabalena lortzen saiatu dira Txirlora elkarteko antolatzaileak. Edozein modutan, txotxongiloen munduan gero eta teknika ugariagoak erabiltzen dituzte, eta aniztasun hori ere ekarri nahi izan dute Bilbora. Eskularru teknika, hariarena edo itzalen bidezkoak dira erabilienak, «elkarren artean erabat ezberdinak», De la Casak adierazi duenez. Teknika horiek guztiak, dantzarekin, antzerkiarekin edo operarekin uztartzen dituzte egungo sortzaileek. «Geroz eta gehiago, gauza ezberdinak egiten saiatzen dira, eta aurtengo egitarauan hori ere agerian utzi nahi izan dugu».

Txotxongilo artea garatzen

Etengabe garatzen ari da txotxongilolaritza, baina azken 30 urteetan izandakoa sekulakoa izan dela deritzo Concha de la Casak. «Jaialdia antolatzen hasi ginenean, 1980ko urteetan, kanpoko jendea etortzen zen hona, eta hemen ere eskaintza handirik ez zegoen», gogoratu du. «Parte hartzaileek txotxongiloak afizio modura hartzen zituzten, ez ofizio modura, eta gaur egun gero eta artista gehiago dago txotxongiloetatik espresuki bizi nahi duena», esan du jaialdiaren zuzendariak.

Hala ere, interpretazio modu hori egiteko modua ere asko aldatu da, «antzerki baten barruan sartzen zaren unetik beretik zerbait gehiago baita». Kaleko txotxongiloetatik antzerkietarako saltoa ematea, beraz, azpimarragarria da, txotxongilolariak ere hein handi batean interpretaziorako pausoa ere eman baitu. Horretan, gainera, egungo gazteek gero eta kultura zabalagoa daukatela dio De la Casak, eta horrek guztiak etorkizunean garatzen jarraitzeko giltza dela uste du.

Aurrerapausoa ez dute txotxongilolariek bakarrik eman, ordea. Ikusleek ere eman dute. «Betiko irudipena da txotxongiloak haurrentzat direla, baina hori ez da horrela. Ez baita haientzat bakarrik», dio. Gaurko egunean, helduentzat gero eta ikuskizun gehiago daude, eta horietako bakoitzak bere bereizgarriak dauzka, noski. «Helduentzako ikuskizunak unean bertako gozamena daukate, baina haurrentzakoak 15 urteko perspektibarekin jokatu behar du». Izan ere, haurrentzako txotxongilo emankizun horiek etorkizunean alor horretan sakontzeko bidea jarri behar dutela uste du De la Callek.

Baita atzera begira ere

Ikusleei ahalik eta eskaintza zabalena eskaintzeko, jaialdiko antolatzaileek garapen horien guztien berri dute. Baina antzinako teknikak ere ez dituzte ahazten. Horien artean dago, esaterako, Japoniatik ekarri duten panpina automata. «XVI. mendetik XVIII.era bitarte era horretako panpinak asko erabili ziren, batez ere erlojuetan». Teknikoki konplexuak dira panpinak, eta Haramitsu Hanya maisuak horietako bat garatu du. Asko kosta zaie panpina hori Bilbora ekartzea, teknologiaren ikuspegitik garraiatzea oso konplexua baita. Baina ostiral honetan Campos antzokian ikusi ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.