Haritz oneko urde barailak

Hogjaw AEBetako hegoaldeko taldearen rock kolesterolduna eta Jon & Sugramas entzun ahalko dira Arrasaten

Erredakzioa
2011ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Arizonakoak dira, eta Hogjaw (urde baraila edo matrailezurra) dute izena. Horrek ondo erakusten du zein musika egiten duten. AEBetako hegoaldeko rock garagardozalea entzuteko aukera izango da gaur Arrasateko Amaia antzokian (Gipuzkoa).2006. urtean sortu zuten taldea elkar institutu garaitik ezagutzen zuten lau adiskidek. Jolas moduan elkarrekin jotzen urte asko pasa ondoren, Devil in the Details eta Ironwood diskoekin erakutsi zuten denborak talde sendoa bihurtu zituela.1970eko rock gogorra naturaltasunez gaurkotzen du Arizonako basamortuko laukoteak. Gaur hegoaldeko talderik hoberenetakoa dira, Powder Mill eta Blackberry Smokerekin batera, besteak beste. Arizonako aintziretan arrantza egitea maite dute, korroskadak botatzen dituzte beldurrik gabe eta ahots sakonez istorioak kontatzen dituzte.

Estatubatuarrekin batera, Jon & Sugramas taldea arituko da. Arima Beltza taldeko abeslarieta Uek taldeko bateria jole ohi Jon Gurrutxagaren azken egitasmoa da Jon & Sugramas. Legen Beltzako Ekaitz Garmendia eta Ivan Hernandezek laguntzen diote gitarran eta baterian, hurrenez hurren, eta Andrakan taldeko Andoni Mujikak baxuan. Ingelesez eta euskaraz abestutako rocka, 1970eko hamarkadako rock taldeen eragina duena.

HOGJAW, JON & SUGRAMAS

Noiz. Gaur, 19:30ean. Amaia antzokian (Arrasate).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.