Arropak erabat txikituta, oinutsik eta ahul. Hala iritsi ziren Joan Sebastian Elkano eta haren itsasgizonak atzo Getariako portura (Gipuzkoa), Victoria itsasontzian. Lau urtean behin antzeztu ohi dute herritarrek balentria entzutetsua: atzo, 270 lagun inguruk parte hartu zuten;horietatik 70ek, antzezten.
Bozgorailuko ahotsak eman zuen abisua bostetarako bost minutu falta zirela. Bertakoen eta atzerritarren artean, ehunka lagun zeuzkaten zain itsasgizonek. Han ziren udal eta foru ordezkariak ere. Lau urtetik behin gertatzen da irudi bera: herria paralizatu, eta antzoki erraldoi bihurtzen da pare bat orduz.
Epikaz jositako arratsaldea izan zen atzokoa, alde zaharrean zehar entzuten zen musikaz girotua. Unerik gogoangarrienetako bat Elkanok berak portua zapaldu, eta lurrari muin eman zionekoa izan zen. Bertaratutakoen txalo zaparrada jaso zuten guztiek: itsasgizonen itxura eskasak, antzeztua izanda ere, denen bihotzak samurtu zituen. Antzerkia izan arren, Getarian erreproduzitzen dutena benetakoa baita, duela 492 urte gertatutakoa.
Pauso motelez, aldapan gora joan ziren itsasgizonak, San Salbatore elizaraino. Tradizioari jarraiki, Antiguako Amari eskerrak ematera joan ziren bertara, bidean topatutako oztopoak gainditzen laguntzeagatik —munduari bira emateko bidaia hasi zuten bost barkuetatik Elkanorena izan zen itzuli zen bakarra—. Kale estuetan gora, Gudarien plazara joan ziren gero, Elkanoren omenezko monumentura. Bertan jaso zuten itsasgizonek udalbatzaren eta herritarren harrera beroa.
Herriaren harrotasuna
Itzala garesti zegoen atzo: aterkia eraman ez zuenak, eguzkitakoa zeukan babesteko. Kutuna dute Elkano Getarian, eta, beroa bero, lehorreratzea baino ordubete pasatxo lehenago, portu inguruko txoko guztiak jendez lepo zeuden. Antzerkiak, lau urtean behin eginagatik ere, ikusmin izugarria sortu zuen.
Antolatzaileak urduri egoten dira. Ekitaldiaren berezitasunagatik batetik, eta dena ondo irtetearen desioagatik, bestetik. Amaia Iribar Getariako Kultura zinegotziak, esaterako, ez zuen geldirik egoteko tarte handirik izan atzo. Baina momentuko estresari gaina hartu zion ekitaldiaren zirrarak. «Pentsa, 1922tik egiten den ekintza da. Getariarrek oso barruan daramate Elkanoren lehorreratzea. Oso hunkigarria izaten da guretzat».
Gudarien plazaren ondoko errepidean zegoen Unai Aldalur, antolatzaileen txalekoa jantzita. Lasai, hiru ordu inguru itxita egon baitzen zirkulazioa herrian. «Guretzat Elkano herriko pertsonarik garrantzitsuena da, eta ekitaldia lau urtean behin egiten denez, berezia izaten da. Jende asko etortzen da kanpotik ere, eta oso harro gaude lehorreratzearen antzerkiaz getariarrok».
Jone Muxika elgetarra bizikletaz joan zen Getariaraino Eibartik (Gipuzkoa). Lehenago ikusia bazuen ere, beste era batera bizi nahi izan zuen eguna: «Haurra nintzela askotan ikusi izan dut portutik bertatik, baina azken urteotan ez dut aukerarik izan, eta gaur animatu egin naiz».
Urte moldaketa
Lau urtetik behin antzeztu ohi dute Elkanoren lehorreratzea, eta, izatez, iaz egitekoak baziren ere, laster urteurren esanguratsuak datozenez, urtebete atzeratzea erabaki zuten.
2019an bidaia hasi zutela 500 urte beteko badira ere, beste bi izan dira antzerkia egiteko urtea aldatzeko arrazoia: 2022a eta 2026a. Batik bat, azken horri eman nahi izan diote garrantzia, 500 urte beteko baitira Elkano hil zela. 2022an, berriz, beste bi urteurren berezi egokituko dira: 500 urte lehenago Elkano eta haren itsasgizonak San Lucar de Barramedan (Andaluzia, Espainia) lehorreratu zirela, batetik, eta Getarian balentria hura antzezten hasi zirenetik ehun urte igaro direla, bestetik.
Harrera beroa seme kutunenei
Joan Sebastian Elkano eta haren itsasgizonen lehorreratzea gogoratu dute Getarian: 492 urte dira 'Victoria' itsasontziarekin munduari bira eman ziotenetik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu