Txema Goñi. Harrerako haurra izandakoa

«Harreran hartu ninduen familiari esker naiz gaur egun naizen bezalakoa»

Egoera zailak bizi izan zituen Goñik hamabi urte bete arte. Orduan hasi zen argia ikusten Zumaiako familia batek harreran hartu zuenean. 33 urte ditu gaur egun, eta emaztea eta alaba ditu.

jon eskudero
2013ko apirilaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez bat, ez bi... Oztopo dezente gainditu behar izan ditu bizitzan Txema Goñik (Pasaia, Gipuzkoa, 1979). Sei urtera arte ama biologikoarekin bizi izan zen. Ordea, umearen kargu egiten jarraitzerik ez, eta adingabeentzako zentro batean sartu zuten. Zortzi urte zituela Kataluniara eraman zuten, adopzioan: «Oso esperientzia txarra izan zen!». Bi urte igaro zituen bertan, eta berriro ere Euskal Herrira itzuli zen. Segurako (Gipuzkoa) zentro batera, hain zuzen ere. Hamabi urte betetzearekin bat hasi zen argia ikusten, Zumaiako (Gipuzkoa) familia batek harreran hartu zuenean.

Zure bizitzaren lerroak irakurrita, ez da zaila edonor hunkitzea.

Ez dut bizitza erraza izan, egia esan. Hamabi urte bete arte nora ezean ibili nintzen, baina gero bizitzan gertatu zaidan gauzarik onenetako bat gertatu zitzaidan: Zumaiako familia batek harreran hartu ninduen. Lehendik ere hiru seme-alaba baziren familian, eta ni beste bat bezala tratatu ninduten hasiera-hasieratik. Ordura arteko esperientziak ahaztea ezinezkoa zen, eta gaur egun ere ezinezkoa zait, baina ez nuen inolako zailtasunik izan bizitza normala egiteko.

Dena den, hasiera batean ez zenuen harrera familia baten esku geratzerik nahi.

Egia da. Egoera zailak bizi izan nituen aurrez, eta beldurrez gainezka nengoen: nola moldatuko ote nintzen Zumaian, gainontzeko senideekin zer-nolako harremana izango nuen... Gogoan dut: larunbat batez ezagutu nuen familia. Bi aukera nituen: berriz ere Segurara itzultzea, edo euren etxean lotan geratzea. Gustura sentitu nintzen, eta haien etxean lotan gelditzea erabaki nuen. Ondoren urtebete egin genuen elkar ezagutzen, haien etxera bizitzera joan nintzen arte. Seme bat bezala tratatu ninduten lehenengo egunetik.

Hamabi urterekin halako erabakiak hartu beharra ere...

Zailduta nengoen ordurako. Adinez umea nintzen arren, pertsona heldu baten pentsaera neukan. Seguran jarraituz gero, banekien etorkizun iluna edukiko nuela, eta baloratu nuen hobe nuela Zumaiara joan. Ni baino pertsona helduago batzuk zein bide hartzen ari ziren ikusten nuen, eta ez nuen hala bukatu nahi.

Ez zaizu sekula damutu egindakoa.

Ezta pentsatu ere! Harreran hartu ninduen familiari esker naiz gaur egun naizen bezalakoa. Bizitza zor diet nire gurasoei. Hamabi urte nituenetik 24 bete arte egon nintzen Zumaian. Ondoren independizatu egin nintzen. Emaztea daukat egun, eta bi urte betetzear den alaba bat ere badaukat. Harrera familia batek hartu ez banindu, ez dakit nola bukatuko nuen, baina egun nagoen bezala behintzat ez.

Gaur egun, ba al duzu traturik guraso biologikoekin?

Aita ez dut inoiz ezagutu, eta ama hil egin zitzaidan. Ordura arte, hori bai, hilabetean behin ikusten genuen elkar. Harremana beti mantentzen genuen. Zumaiako gurasoekin, berriz, astero egoten naiz, eta berdin anai-arrebekin. Seme batek eduki ohi duen tratua daukat nire familiarekin.

Orain badakizu zer tokatzen zaizun.

Bai, noski. Emaztea eta biok sarri hitz egin dugu horren inguruan, eta harreran haur bat hartzeko asmoa badaukagu. Egoera zailean bizi diren haurrei lagundu egin behar zaie. Nire garaian baino ume gehiago daude egun familia baten premian. Diputazioen zentroetan ikusten den errealitatea benetan da gordina. Gure esku dago egoera horri buelta ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.