Iruñeko harresien bilakaera urratsez urrats ezagutzeko eta eraikuntza multzoak Iruñeko hiriarekin izan duen harremana hobeki ulertzeko aukera emango dute San Bartolomeko gotorleku txikian jarri duten interpretazio zentroan. Hori bakarrik ez, udalak urrutirago joan nahi du. Zentroak ondarea sustatzeko eta turismoa bultzatzeko balioko duela uste du.
San Bartolomeko gotorlekua XVIII. mendean eraiki zen. Zaharberritutako Iruñeko barruti harresituaren azken zatia izan da. Gaur zabalduko dute, 11:30ean, eta barruan jarri duten interpretazio zentroa ezagutzeko aukera izango du bisitariak. Horretarako, bonba erasoak jasateko eraikitako gotorlekuko bost kasernatan sartu behar du. Haietan, Iruñeko harresien bost kilometroek biltzen duten historia ezagutzeko parada izanen du.
Interpretazio zentroa Aralar eta Arrieta kaleen artean dago, zezen plazaren atzean. Argazkiak, marrazkiak, testuak eta ikus-entzunezkoa uztartuz harresien historia eta harri multzoak Iruñearen bilakaeran izan duen eragina erakusten da. Zentroko bost kasernetan dauden baliabideaklau hizkuntzatan daude: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez.
Plaza gotortua
Sartu eta ezkerretara dagoen kaserna argibideak lortzeko gunea da. Gotorlekuaren eta Iruñeko historiaren argitalpen espezializatuak saltzeko gunea ere izanen da. Areto nagusian —guztietan handiena—, harresien garapena erakusten dute, eta Iruñea, plaza gotortua dokumentala ematen dute 8x3ko hormako batean. Hamar minutu irauten du, eta, birtualki egindako jostaldiekin,aktoreak erabiliz eta hiriko irudiak uztartuz, XIII. mendetik gaur arte Iruñeko harresiak nola aldatu diren kontatzen du. Dokumentala pantailaratzen den toki berean, Iruñea eta bere harresien garapena azaltzen duten panelak daude: 1423. urtea baino lehen zeuden harresietatik hasi eta XVIII. mendean hiriko kanpoko babesak eraiki ziren arteko historia.
Bestalde, sartu eta eskuinetara, zentroaren beste hiru kasernak daude. Bigarrenean, gotorlekuko erasorako eta defentsarako estrategiak azaltzen dira beste dokumental baten bidez. Zortzi minutukoa da, eta hor erakusten da gudarako artilleriaren garapena nolakoa zen, harresietako zatiak zertarako erabiltzen ziren eta harresietan izaten ziren armak zertarako erabiltzen ziren. Hirugarren kasernan, berriz, Iruñeko gotorlekuko garai bateko bizitza nolakoa zen ikus daiteke. Horretarako, Iruñeko bost pertsonaiaren bizitza kontatzen da:poeta bat, artillari bat, zaintzaile bat, 1915ean hiriko alkate zen Alfonso de Gaztelu eta XXI. Mendeko emakume bat. Bakoitza garai batekoa, haien lekukotzaren bidez hiriak izan duen bilakaera suma daiteke.
Azkenik, bosgarren kasernan eta zertzelada gutxitan, munduko gotorlekurik garrantzitsuenen eta bereziki pentagono itxura dutenen ezaugarri aipagarrienak bildu dira. Nafarroan dauden beste gotorlekuen aipamena ere egiten da.
Behin ibilbidea bukatuta, kanpoan totem elkarreragile bat dago bisitariaren zain. Bisitariari, ordura arte ikusi duenaren ingurukogaldera erantzun joko bat proposatzen dio. Gotorlekuaren goialdean, bestalde, harresia eraiki zen garaiko kanoiaren erreprodukzioa ikus daiteke artillari baten irudiarekin batera.
Gaur, soldaduak zaindari
Historian atzera eginez, San Bartolomeko gotorlekua kaserna bilakatuko da, eta XIX. mendeko Espainiako Independentziako gerrako soldaduek «babestuko» dute gaur, 11:00etatik aurrera.Gotorlekua kuarteleratze toki bihurtuko da, eta ordu erdiro guardia aldaketak izanen dira. Gotorlekura joaten diren gazteak bildu, eta Armadan bezala instrukzioa egiten jarriko dituzte. Soldaduek suharrizko fusilak hartu, eta salbak joz ibiliko dira. Aragoiko (Espainia) Historia Elkarteko kideak ariko dira antzerki lan horretan.
Gaur eta bihar ordutegi berezia izanen du zentroak. Ikusi ahal izateko, aurretik 010 telefonora deitu behar da izena emateko. Heldu den asteartetik aurrera, ordutegia hau izanen da asteartetik igandera: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Ekainera arte, bisita doan izanen da. Ondoren zer egin ez du erabaki udalak.
Harresiak interpretazio gune
Gaur irekiko dute Iruñeko harresien interpretatzio zentroa, udalak berritutako San Bartolome gotorlekuanHarresien bilakaera eta hiriarekin izan duen harremana aztertzea ditu helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu