Ez zen deus ere, sasiak ez besterik. Duela hamarkada bat, Zizurko eta Lakabeko (Nafarroa) gazte talde batek okupatu zuen Gardalain (Nafarroa), mende erdiz utzita zeraman Bizkaia haraneko herria. «Ez zegoen ezer, teilaturik ere ez. Sarajevo bezala zegoen dena. Sasiz josia zegoen; ez zen ezer ikusten», kontatu du Izaskun Fernandezek. Hasieratik darama berak Gardalainen, gainerakoekin batera, «beste modu batera» bizitzea erabaki zuelako. Lan handia egin dute ordutik: «Orain herri itxura du».
Batzarretan erabakitzen dute dena: hori da bertan funtzionatzeko manera. «Ez gara komunitate bat; talde bat gara. Bakoitzak bere bizitza eta lana du, baina gure herria egiten dugu, beste modu batez funtzionatzeko». Proiektua aurrera ateratzeko elkarte bat osatzen dute denek.
Beranduago ailegatu direnak badira: Miren Zuriñe Martinez duela bi urte joan zen Gardalainera bizitzera. «Puiun bizi ginen [Nafarroa], baina beti nahi izan dugu apartean bizi». Berak azaldu ditu proiektuaren oinarriak: «Herria berreraikitzea, komuneko bizitza, beti batzordearen bidez funtzionatzea, eta autogestioa eta autohornitze eredua». Proiektuaren hastapenetan herri bat erostea pentsatu zuten, baina krisi garaia zen, eta zailtasunak zituzten. Utzitako herria okupatzea erabaki zuten, beraz.
Gardalaingo bizimodua
Hamar lagun bizi dira herrian, eta proiektuan hamasei pertsona ari dira. Ura, argia eta hobi septikoa dute komunean, eta zenbait eraikin berreraiki dituzte: eliza elkartea edo gune komuna da; harrizko bost etxe dituzte, eta tailer gisa erabiltzen duten borda bat. Horrekin batera, behin-behineko bi etxe dituzte, egurrez egindakoak. Lehen harri hondakinakziren tokian, orain herri bizi bat dago.
Bazkide bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilabetero, eta diru hori herrian inbertitzen da. Hilabete bukaeran auzolana egiten dute, baina lana egunero egin beharra dago. «Langileak gara. Bailaran ere hartu dugu gure tokia», azaldu du Fernandezek.
Bide zaila izan da. Iazko uholdeetan kide bat galdu zuten, eta herrira doan bidea hondatu zen. Administrazioak konponduko zuela esan zuen, baina, azkenean, haiek egin dute. Zailtasunak zailtasun, aurrera jarraitzen dute harri artetik herria goratzen.
Harri artetik goratu da herria
Duela hamar urte okupatu zuten Gardalain herria. Bestela bizitzeko jo zuten hara: autogestioa eta autohornitze eredua dira komunean bizi diren herritar horien oinarria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu