XII. eta XIII. mendeen artean, Euskal Herri osoan zehar eliza berri ugari eraikitzen hasi ziren. Kanpotik iritsi berri zen joera baten ondorioz, kristautasuna irudikatzeko arte berri bat sortu baitzen: erromanikoa. Europan mende bat lehenago hasi zen hedatzen estilo hori, eta geroago iritsi zen euskal lurraldera. Baina kontinente osoan zabaldu berri zen eraikuntzaren sukarra Euskal Herrira ere iritsi zen. Mende horietan, klima aldetik baldintza egokiak zeuden eraikuntzarako, eta asko eraiki zen. XIV. gizaldian erraztasun horiek zaildu egin ziren, eta izurritea, hotza eta izozteak ugaritu. Era horretan, eraikuntzaren sukarra apaldu egin zen, eta bolada batez ez zen ezer berririk eraiki. Etenaldiaren ondoren, berriz ere erromanikoko joerak ezarri ziren, baina une horretan Europan gotikoa zeritzon estilo berri bat hedatzen hasi zen. Ondorioz, eraikin berrietan bi estiloak uztartzen hasi ziren Euskal Herrian.
Garai historiko horretan eraikuntza ugari egin ziren, eta horietako askok egundaino iraun dute: eraiki ziren gisan, edo gizaldiz gizaldi egindako aldaketekin. Ziren bezala, edo ondorenegindako esku sartzeekin, erromaniko estiloko eraikin horiek guztiak ikerketa lan batean bildu dituzte.Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian inoiz erromanikoaren inguruan egin den ikerketarik «sakonena» egin baitu Santa Maria la Real fundazioak. Erromaniko garai osoa hartu dute ardatz, XII. mendetik hasi eta XIV.era arte. Atzo aurkeztu zuten Bilbon EAEko erromanikoaren entziklopedia, eta arte horrek duen presentziaren argazki osatu bat irudikatu nahi izan du fundazioak.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erromanikoaren entziklopedia hori, Santa Maria la Real fundazioa Iberiar penintsula osoan zehar egiten ari den entziklopedia sailaren barruan ulertu behar da. Orain arte Nafarroa eta Espainiako hainbat autonomia erkidegotako ikerketak argitaratu dituzte, eta etorkizunean Herrialde Katalanak eta Galiziako erromanikoko ikerketek amaituko dute entziklopedia saila.
Bien bitartean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan zehar egindako ikerketa aurkeztu dute. Erromanikoko 292 ondare bildu ditu entziklopediak hiru lurraldeetan. Horietatik gehienak, Araban topatu dituzte ikertzaileek, 227; Bizkaian, 33, eta Gipuzkoan,berriz 32. Baina kopuru horiek lekukotasunak dira, ez du esan nahi eraikin guztiak osorik daudenik. Izan ere, 65 eliza oso katalogatu dituzte, horietatik 62 Araban, eta gainerakoak Bizkaian. Lekukotasun horiek lau urtetako lanaren ondoren bildu dituzte, eta, ikerketa horren ondorioz, atera da hiru tomoko entziklopedia. Lekukotasun horiek kokatzeko, 183 plano eta 1.100 argazki bildu dituzte.
Aztarna geologikoak
Ikerketa lanean, bildutako aztarna bakoitzarekin fitxa bat osatu du Jose Javier Lopez de Okariz historialariak koordinatutako taldeak. Baina katalogazioaz gain, hainbat analisi ere bildu ditu EAEko erromanikoaren entziklopediak. Lopez de Okarizek berak, Erdi Aroko Arabaren inguruko ikerketa plazaratu du, eta Miren Eukene Martinezek, Bizkai eta Gipuzkoako erromanikoan sakondu du. Luis M. Martinez Torres geologoak, ordea, beste ikuspuntu bat eskaini die orain arte erromanikoko ikerketa lanak egiten zituzten ikerlariei.
Martinez Torresen ikerketan, Arabako lautadako garaiko harrobiak topatu ditu, erromaniko garaian eraikinak egiteko erabili zirenak, hain justu. Harri mota bereizgarria da Arabako elizetan topatu dutena; emaitza onak lortzen dituen materiala dela argitzen du ikerketak. Eta ondorioa ere plazaratzen dute: harrobi horiengatik, eta materialak zuen kalitateagatik, Arabako lautadako hauspo gisa uler daitekeela harria lantzea. Eta agian, erromanikoa horregatik hedatu zela horrenbeste Araban.
Ikerketa hori ez da eraikitako arrastoetan bakarrik oinarritu. EAEko erromanikoaren entziklopediak, material horien jatorrira jauzi egin baitu ikerketa geologiko horren bidez.
Ezarian. Arte erromanikoa
Harri entziklopedia paperera
Santa Maria la Real fundazioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arte erromanikoaren entziklopedia osatu du. XII. eta XIII. mendeetan eraikitako elizen bereizgarriak eta katalogazio lana biltzen ditu argitalpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu