Albizuri Handi eta halako harri irregularrak jasotzeko abileziagatik egin zen ezaguna Santos Iriarte Errekartetxo. 1935ean egin zuen lehenbiziko apustua. 82 urteren ostean, Harria poesia liburua argitaratu du haren biloba Juan Manuel Uriak (Errenteria, Gipuzkoa, 1976). Iñaki Perurenak idatzi du aitzinsolasa, eta Uriaren El Gallo de Oro editorialak argitaratu du. Gaur aurkeztuko du liburua, Iruñeko Katakraken, 19:30ean.
Liburua zergatik da elebiduna?
Nire aitonarengatik, euskalduna baitzen, eta jorratutako gaiarengatik. Uste dut ezinbestekoa zela.
Harriari buruzko 130 aurpegi dira liburukoak, 130 altxaldi dio Perurenak. Pisu handikoak izan dira?
Metaforikoki pisua izan dute, bai, denbora daramadalako liburuarekin. Baina nire sorkuntza prozesua motela izaten da. 130 jasoaldi dira, baina poesiarekin, dagoen arinenarekin. Lan handia izan da, baina helburua lortu dut: harria altxatzea.
Poesia ezin adieraz daitekeena adieraztea dela diozu. Euskaldunen eta harriaren arteko harremana adierazi ezina da?
Nik uste dut adierazi ezina dela, baina moduren batean saiatu garela zehazten harriaren kultuaren bidez edo artearen bidez. Oro har, kultura guztiek izan dute harreman bat harriarekin. Gizakiaren eta harriaren arteko harremana, poesiaren bidez azaleratzen dudana, badu adierazi ezinekotik. Badu poesiatik eta ispilu jokotik, non gizakiak eta harriak elkar ikusten duten, eta gizakiak bere baitako zerbait ikusten duen, zerbait oso sakona.
Harriaren ispilu horretan begiratu duzu zeure burua? Zer ikusi duzu?
Poemak zuri buruzko gauza ezohikoak esaten dizkizu. Nik uste dut sortzaile orok bere buruari buruz ezagutzen ez zuen zerbaitekin topo egiten duela bere obran. Hori da sorkuntza baten magia eta bertutea. Idatzitako aurpegi bakoitzak niri buruzko zerbait islatu dit, sustraiekin, harriarekin eta aitonarekin ere banuen solasaldi horretan.
Albizuri Handi harriak zer esan nahi zuen eta zer esan nahi du orain zuretzat?
Sinbolo bat da. Harri irregularra da, jasotzeko zailenetakoa, nola hartu eta besarkatu jakin behar delako. Beraz, eskuen inteligentzia moduko bat behar da, intuizio bat. Hain zuzen ere, intuizio hori da harri-jasotzailea eta poeta parekatzen dituena. Ibilbide honetan, harri horretan murgildu naiz, eta gauza emozionalak agertu dizkit; saiatu naiz haren esentzia poetikoa ateratzen; gutxienik, aurpegi batean. Izan ere, liburu honek ez du harri-jasotzeaz hitz egiten, baina hori da katalizatzaile edo abiapuntua interesatzen zaidanari buruz mintzatzeko.
Harri-jasotzaileak eskuekin pentsatzen duela diozu. Eta poetak?
Poetak hitzekin eta lengoaiarekin pentsatzen du, eta paperean haziz doan bertsoarekin. Lengoaia poetikoak pentsatzen gaitu, eta bidea irekitzen pentsamendu poetikora.
Irakurketa oso mistiko eta mitikoa egiten duzu. Zergatik?
Ez dakit mistikoa den. Agian, mistikoa harriaren aurpegietako bat bezala, baina baita antropologiko, mitologiko eta, batik bat, poetikoa. Poesia testuetan dago, baina badago saiakera eta mitologia puntu hori. Aginan adibidez, harrespil txiki hartan etzanda, konexioa egiten da norberaren sakonenean dagoenarekin, immanentearekin, ez jainkozkoarekin edo sakratuarekin.
Lurrarekin eta (pre)historiarekin dagoen lotura aipatzen duzu. Horiekin konektatu beharra duzu?
Bai; batez ere, liburu honetan. Hitza eta harria denbora dira, eta horren ondorio da historia. Lurrarekin konektatu beharra dago, eta definitzen gaituen iraganarekin: gure historiarekin. Denbora, memoria, poetaren funtsezko materia da.
Nondik sortzen da zure poesia? Nola egiten duzu lan?
Zerbait azaltzeko beharretik. Nik ideia bat izaten dut, eta zehazten saiatzen naiz. Zuzenketak egiten denbora asko ematen dut, esaten dudana oso zehatza izatea nahi dudalako. Batzuetan gogobetetzen nau, baina askotan esan nahi dudanera gerturatu baizik ez naiz egiten.
Poesia, helburu bat baino gehiago, tresna bat da, orduan?
Ez nuke esango. Ohiko paradigma instrumentalaren arabera, denak zerbaitetarako balio behar du, denak eman behar du irabazi ekonomiko bat. Zorionez, poesia, edozein sorkuntza bezala, alferrikakoa da ikuspuntu horretan. Poesia sorkuntza gisa helburu da. Bitartekoa izatekotan, ezagutza bidea da. Gure burua sakon ezagutzeko balio dezake, edo zentzua emateko, agian zentzurik ez duen mundu bati.
Zerk bultzatzen du poeta bat poesia argitaletxe bat sortzera?
Sorkuntza prozesu paralelo bat da, beste autoreen testuetatik abiatutakoa, baina, batik bat, poesiarekiko eta liburuekiko maitasunagatik.
ATZEKOZ AURRERA. Juan Manuel Uria. Poeta eta editorea
«Harri-jasotzailea eta poeta parekatzen dituena intuizioa da»
Poesiaren bidez, bere buruari buruzko alde ezezagunak ezagutu ditu Uriak. Gazteleraz idazten du, baina 'Harria' liburuko testuak ele biz daude. Bere aitatxi Santos Iriarteren memoria dago oinarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu