Komunikazioa. Ekografiak

Harribitxiak

Jokin Labaien.
2011ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Irten da musikaria agertokira. Ezker oina egurrezko aulki tolesgarriaren gainean pausatu du. Gitarra hartu, eta ohi bezala makurtu ditu bizkarra eta lepoa. Kantu ezagunarekin hasi du emanaldia. Ahots leunez, umil-umil. Txaloen ondoren, gonbidatua aurkeztu du. Pieza ezagunaren moldaketa bitxia eskaintzera bide dator. Oholtza eskaini dio, eta bazter batean kokatu da, bazter batean dagoen egurrezko aulki tolesgarrian. Oraingoan, aulkiaren funtzioa eman dio. Gonbidatuaren abestiak iraun duen minutu luzeak bertan eman ditu, mugitu gabe. Adi-adi egon da, haur baten miresmen begiradaz. Gozamenez. Plazera eta eskerra darie haren begi itxuraz urtsuei. Amaierara arte, behin baino gehiagotan errepikatuko da eszena bera, gonbidatuak sartu ahala. Halako adibide gutxi datorkit akordura. Arrunta dirudi. Bereziki, agertokira irtendako musikaria Mikel Laboa zena izaki. Haren izaeraz apur bat dakienari izan litekeen gauzarik naturalena irudituko zaio. Demagun, baina, harekiko maitasunetik hainbat kilometroz urruntzen garela. Harekiko ezagutza urria dugula. Hil zenean izan genuela, lehenengoz, haren berri. Herri bat, hamaika kolorez osatutako herri bat, malkoz batu zuela haren hegaldiak. Herri bat batzeko gai diren musikariak imajina ditzagun, mundu guztikoak nahi badugu. Horietako zenbat ikusi dituzue oholtzaren izkinako egurrezko aulki tolesgarrian lasaitasunez, miresmenez, esker onez eta gozamenez haren gonbidatuei so? Nik, gehienak, gortinen atzealdean irudikatu ditut, haien txanda noiz itzuliko zain, txalo gosez, batez ere. Baina Mikel Laboaren kasuan, bizitzeko eta musika bizitzeko jarrera naturala baino ez zen adibide hain ezohikoa.

Une horrek eragindako ikasgaiaren gozamenagatik beragatik soilik merezi du egunotan ETB1en izan diren kontzertuetan murgiltzea. Hiru kantari gogoan izenburupean, Imanol Lartzabalen, Mikel Laboaren eta Xabier Leteren kontzertu bana eskaini digute. Hirurak gogoan dauzka herri honek. Hirurak miresmenez oroitzen ditu. Dena den, salbuespena ere badira hiru kantariok. Hil aurretik ere, miretsiak zirelako, hain zuzen. Eta baliteke, hainbat telebista kateren hemerotekak hilik zein bizirik dauden irudi eta soinu gogoangarriz beteta izatea. Ordea, omenaldiak hildakoentzat direla dirudien garaiotan, harribitxiok hautsak estaltzen ditu. Pena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.