Matxitxako lurmuturreko flysch beltza, Uarkako arroka bolkanikoak, Santimamiñeko kobak... Horrelako lekuen inguruko informazio interesgarria dakar Urdaibairen sorrerari buruzko lan batek: Urdaibai. Geologia interesguneen gidaliburua-k. Ikuspuntu geologiko batetik, tokiko kobazuloak, mendiak, hondartzak, ibaiak eta lurmuturrak azaltzen ditu, milaka urtetako prozesuen ostean sortutakoak, gaur egun ezagutzen ditugun moduan agertu arte.
Euskal Herriko Unibertsitateko hainbat ikertzailek osatu duteliburua, Urdaibaiko Biosfera erreserbako Geologia Interesguneen inbentarioan oinarrituta. Bertan, geologia aldetik interesgarrienak diren guneak azaltzen dira, zenbait arlo landuta: jatorria eta milioika urtetan gaur arte inguruneak izandako bilakaera.
Horretarako, azalpen zientifikoak emateaz gain, hainbat infografia eta irudi agertzen dira, irakurleek datuak hobeto uler ditzaten. Dibulgazio liburu bat da, hortaz. Liburuaren egileetako batek, Miren Mendiak, azaldu du bereziki geologoak ez diren pertsonentzat dela.
Gidaliburua hiru zatitan banatuta dago. Lehenengoan, sarrera moduan, ondare geologikoa zer den agertzen da, historia geologikoa azalduz. Bigarrenean, Urdaibai osoan zehar dauden gune geologiko interesgarrien gida dago. «Horiek adinaren arabera sailkatuta eta deskribatuta daude», ohartarazi du; hau da, triasikoa, jurasikoa eta tertziarioa, besteak beste. Azkenengoan, berriz, interesgune horiek ezagutzeko ibilbide batzuk proposatzen dira.
Ibilbide geologiko ugari
Gidaliburuak gune horiek zuzenean eta modu interesgarrian ezagutzeko hamahiru ibilbide aurkezten ditu. Gehienak oinez egitekoak dira, baina horietako bi autoz egiteko moldatu dituztela jakinarazi du Mendiak: «Ibilbide horiek, erreserba guztian zehar, leku jakin batzuetan gelditzeko antolatuta daude».
Ibilbide bakoitza Urdaibaiko inguruaren interesgune jakin batean oinarrituta dago; Aritzatxuko hondartzako olisolitoetan eta Bolunzuloko hobietan, esate baterako.
«Gehienetan kostatu egiten zaigu arroka bat ikusten dugunean hori zer-nolako testuinguruan eratu den pentsatzea», adierazi du Miren Mendia ikerlariak. Hori dela eta, ibilbideetan zehar panel informatiboak daude, interes gehien sor dezaketen lekuetan elementu horiek nola sortu ziren azaltzeko. Guztira, 28 dira, ibilbide guztietan sakabanaturik. Horiek, liburuan adinaren arabera sailkatutako mapetan non kokatuta dauden zehaztuta daude.
Ibilbide gehienak zirkularrak dira, errazago egin ahal izateko. Hortaz, abiapuntua eta helmuga bat dira kasu gehienetan. Liburuan bertan, ibilbidea egiteko zenbateko denbora beharko den kalkulatuta dago. Baina, zirkularrak ez diren ibilbideetan, joaneko denbora baino ez dute neurtu.
Proposatutako ibilbideak egitean, gauza ezberdinak aurki daitezke. «Toki batzuetan, antzinako kostalde tropikalak ikus daitezke, eta beste batzuetan, berriz, arroka bolkanikoak», zehaztu du Mendiak.
Guztira, liburuan 52 interesgune geologiko azaltzen dira, eta horietan oinarrituta daude ibilbide guztiak. Hala ere, Mendiak azaldu du irisgarritasun arazorik sortzen ez den tokietan soilik daudela panelak; Matxitxako lurmuturrean, Mundakan eta Laidan, besteak beste. Ibilbide guztiak, orokorki, erraz egitekoak dira, zailtasunik gabekoak.
Urdaibai. Geologia interesguneen gidaliburua lanak formatu «berritzailea» duela adierazi du Miren Mendiak. Izan ere, liburu berria izatearekin batera tokiko ondare geologikoari buruz gauza askorik ez dela argitaratu ohartarazi du. «Liburu honekin, lurraren historiari bere balioa eman eta zaindu nahi izan dugu. Izan ere, horren historia guztiaren erregistroa arroka horietan dago», dio Mendiak.
Harrien historia ezagutuz
Urdaibaiko geologiaren milioika urteetako bilakaera ezagutu eta ulertzeko, hamahiru ibilbide antolatu dituzte inguru osoan zeharBiosferaren interesgune horien informazioa biltzen duen liburu bat argitaratu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu