Euskadi Irratiko arratsaldetako mezularia da Jaime Otamendi (Elduain, Gipuzkoa, 1966). Uda garaian, ordea, irratiko uhinetatik urruntzen da. Atseden hartzera bultzatzen du mareak; 2009ko abuztuan, ordea, korronteak Amerikara eraman zuen. Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen hegazkinez, Mexikon lurreratzeko. Irteera Mexiko Hirian; helmuga, berriz, San Frantziskon. Hilabete osoa ibilbidea egiteko, eta bidean, askotariko esperientzia eta sentipenak.
«Tijuanan hunkituta geratu ginen. Oso toki berezia da, yankiaren eta mexikarren arteko nahasketa». Harridura eragin zion han topatu zuenak: Mexiko eta AEBak banantzen dituen sare bat dago, eta, harekin, familia osoak bereizita. Gurasoak eta seme-alabak elkarrengandik aparte, baita bikoteren bat edo beste ere. Orduak ematen dituzte sarean tokia hartuta. Otamendik azaltzen duenez, normalean AEBetan legez kanpo dagoen jendea izaten da Tijuanaz bestalde egoten dena. «Gezurra dirudi 2011. urtean jendea aurrez aurre egotea, baina elkar ukitu ahal ez izatea, teorian Lehen Mundua den horretan».
Polizia postuez eta zaintza kontrolez inguratuta dago Tijuana. Prostituzioa, armak eta drogak sumatu zituzten Otamendik eta haren bidelagunek. «Badauka puntu morboso eta erakargarria, pixka bat iluna delako, baina alde tristea ere badu». Eurek ez zuten arriskurik bizi. «Betiko segurtasun neurriak hartuta ez dago inongo arazorik». Herriz herri joan ziren bidea egiten, aldez aurretik ibilbidea prestatu gabe. Puerto Vallarta eta Behe Kalifornia bereziki oroitzen ditu.
«Bidaiatzeko oso erosoa da Mexiko». Autobusez mugitu ziren alde batetik bestera. Badira autobus arruntak, baita luxuzkoak ere; azken horiek, etzateko aulki eta guzti. Batzuk ala besteak, guztien zerbitzu ona gogoan du. Eta garrantzitsuena: bertako jendearekin harremanetan jartzeko ematen duten aukera. Hori da Otamendik Mexikotik gustukoen duen gauzetako bat, jendea. Baita herrialdeko gastronomia ere: «Egin ditudan bidaia guztietatik bi sukalde izugarri gustatzen zaizkit. Vietnamgoa munduko onena dela iruditzen zait; garbia eta goxoa da. Mexikoko sukaldaritza, berriz, askotariko da. Herrialdea izugarri handia denez, aldea dago batetik bestera».
Tijuana eta AEBak banantzen dituen sarean ikusitakoak zirrara eragin zion, baita muga pasatzerakoan topatu zutenak ere. Oinez igaro zuten muga, eta AEBetara lanera zihoazen neskame, zerbitzari eta abarrez osatutako «sekulako errenkadak» izan zituzten alboan. «Harrigarria da horren metro gutxian halako ezberdintasuna egotea». Tijuanako herritar gehienak AEBetara joateko gogo biziz daude, «amets amerikarraren bila». Baina dena ez da buruan duten bezain idilikoa. «Hara heltzen zarenean konturatzen zara amets hori ez dela gehiegi existitzen».
Oso gustuko ditu Otamendik AEBak, baina aldi berean, haienganako «maitasuna eta gorrotoa» ditu. Bere burua oso newyortartzat du, erreferentziazko toki bat da harentzat, eta ia urtero egiten dio bisita. Han bizitakoa ikasbide izan du: «Zer-nolako zortea den zuria eta europarra izatea!». AEBetan europarra izatea historia bat izatea dela kontatzen du, toki erakargarri eta on bateko pertsona izatea. Euskalduna izateak ere badu bere balioa: «Mundua ezagutzen duten amerikarrentzat euskalduna izatea sustrai handiak izatea esan nahi du, erroak izatea; eta hori asko baloratzen dute».
AEBak bezala, Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika ere oso gogoko ditu. Mexiko, esaterako, bi aldiz bisitatu duen herrialde gutxienetakoa da. Iraganean egindako bidaiak gogoan, ibilbide bat proposatzen die bidaiatzea gustuko duten horiei: Hego Ameriketako hiri kolonialetatik zirkuitua egitea. Guatemalatik Antigua Guatemala da haren aukera; Kolonbiatik, berriz, Barranquilla. Azken hori oso maitea du, eta han egon zenean gertatutakoa ekarri du gogora: «Hiltzeko zorian egon ginen. Uholde bat sortu zen, eta momentu hartan auto batean gindoazen bost lagun. Ia-ia itsasora erori ginen». Perutik Cuzco eta Arequipa aukeratuko lituzke; Argentinatik, berriz, Salta. Brasiletik Manaos eta Mexikotik Guanajuato, ikasleen hiri bat. Horra hor Otamendiren gomendioa.
2009. Jaime Otamendiren uda
«Harrigarria da horren metro gutxian halako aldeak egotea»
Ipar Amerika bisitatu zuen Otamendik duela bi urte. Mexiko Hiritik abiatu, eta hilabete eman zuen San Frantziskora heldu arte. Elkarrengandik gertu dauden bi herrialde diren arren, kontraste ugari topatu zituen Mexikoren eta AEBen artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu