Harriketarren urrezko aroa

William Hanna eta Joseph Barberak sortutako 'Harriketarrak' telesailak 50 urte bete berri ditu. 80 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli izan dute; euskaraz, egunero ikus daitezke gaur egun, ETB3n goizero eskaintzen baitute.

Nagore Rodriguez.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Harri Aroan, Harkaizpe herrixkan bizi ziren Pedro eta Vilma Harriketarrak, eta Pablo eta Betty Atxurdin, Harriketarrak (The Flintstones) telesaileko protagonistak; dinosauro, mamut eta gaur egun desagertuta dauden hainbat animaliaren artean.

50 urte bete berri ditu William Hanna eta Joseph Barberak sortutako telesailak, 1960. urteko irailaren bukaeran estreinatu baitzuen AEBetako ABC kateak. Geroztik, ikusle askorengana iritsi da, eta 80 hizkuntzatara baino gehiagotara itzuli dute, baita euskarara ere. «Itzulpena egiterakoan jatorrizkotik abiatu ginen, eta ez zen bereziki zaila izan harri-, harkaitz-, -arbeltz, -arri eta halako euskal osagaiekin», dio K2000 ekoizpen etxeko Tomas Ugaldek. K2000ko itzultzaile taldeak eta hizkuntza arduradunak ETBko euskara saileko kideekin elkarlanean itzuli zuen telesaila, eta 1988ko irailaren 12an emititu zuen lehen aldiz ETBk. Geroztik askotan ikusi ahal izan dira telebistan euskaraz hitz egiten.

Pedro eta Vilma bikotea eta haien bizilagun Pablo eta Betty ziren telesaileko protagonistak. 1960ko hamarkadako AEBetako erdi mailako gizartea islatzen zuten; Harri Aroan bizi arren, orduko aurrerapen guztiak zituzten: autoa, telefonoa... baina elektrizitatearen ordez, harria eta egurra ziren gailen. XX. mende erdiko edozein familiak zituen kezkak eta ohiturak ere bazituzten: barbakoak egiten zituzten, bola jokoan ibiltzen ziren, mendi irteerak egiten zituzten...

Marrazki bizidunak izan arren, gai serioak landu zituzten, eta horregatik haurren eta helduen gustukoak ziren. Besteren artean, ludopatia, kontsumismoa, eta ugalkortasun arazoak izan zituzten hizpide telesailean.

Kezkak, baina, umorearekin kontatu zituzten. Animaliak erabili zituzten gehienbat baliabide gisa. Kamerarekin argazkiak ateratzen zituztenean, adibidez, hegazti bat ikusten zen harriaren gainean irudia egiten. Animaliak ez ezik, garai hartako artisten karikaturak ere egin zituzten umorea egiteko. Harriketarrak izan zen halakoak egiten lehenengo telesaila. Besteak beste, Rock Hudson, Cary Grant, eta Tony Curtis izan zituzten gonbidatu Harri Aroan. Hori bai, izen eta abizenak garaiari egokituak.

Elementu horiei esker, arrakasta handia lortu zuten, hiru hamarkadatan telesail luzeena izan zen, harik eta The Simpsons iritsi zen arte. Eman izan dituzten guztietan, jarraitzaile andana lortu dute, baita Euskal Herrian ere, «haurrak eta hain haurrak ez direnen gustukoak dira», dio Koro Lasarte Euskal Telebistako Entretenigarri eta Gazte Saioetako Buruak.

Telebistatik zinemara

Baina haien oihartzuna ez zen telebistara mugatu. Laster iritsi ziren zinemara ere. Film asko egin izan dituzte: bai marrazki bizidunekin, bai eta hezur-haragizko aktoreekin ere. 1967an estreinatu zuten lehen film luzea: The Man Called Flintstone. James Bonden filmen parodia bat da. Jarraian etorri ziren beste asko. Eta horietako hainbat euskarara itzuli zituzten, besteak beste, Harriketarrak: Biba Rock Vegas, Harriketarrak: Arrokula eta Harrike, Harriketarrak: Pedroren azken parranda...

Harriketarren arrakasta ikusita, antzeko hainbat telesail sortu zituzten ondorengo urteetan, baina ez zuten espero bezalako emaitzarik lortu; esaterako, Harriketar txikiekin egindako The Flintstone Kids-ek. Haiek lortu ez zutena lortu dute urteetan Harriketarrek, eta 50 urte igaro diren arren, oraindik ikus daitezke haien abenturak. ETB3n, goizero. Pedrok, Vilmak, Pablok eta Bettyk oraindikHarri Aroan jarraitzen baitute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.