Ingurumena

«Harrituta eta oso triste», ozeanoa zeharkatu zuten hiru elur hontzetako bat hil dela eta

Azaroan ikusi zuten lehenengoz, Asturiasen. Albaitariek nekropsia egingo diote zergatik hil den zehazteko.

Elur hontza, Santoñan (Kantabria). AITOR CASAS / EFE
Oihane Puertas ONA
2022ko martxoaren 4a
13:21
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru elur hontz ikusi zituzten azaro erdialdean Espainia iparraldean: haietako bi –arra eta emea– Asturiasen, eta bestea, Kantabrian. Asturiasko emea duela egun gutxi ikusi zuten Santoñan (Kantabria); azkenekoz, asteazken arratsaldean. Atzo goizean, ordea, hilda aurkitu zuten, azkenekoz ikusi zuten toki berean. Jesus Mari Lekuona biologoak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1968) eme hori bera ikusi zuen azaroaren 18an Asturiasen, eta «harrituta eta oso triste» hartu zuen berria.

Kantabriako Ingurumen Saileko natura inguruneko agenteek hontz hila fauna basatia oneratzeko zentrora eraman zuten. Bertan, albaitariek nekropsia egingo diote, eta, bide batez, zergatik hil den zehaztuko dute. Lekuonaren arabera, lehen begiratuan hontzak ez du «sintoma arrarorik», eta heriotza «naturala» izango zela uste du. Hala ere, baditu beste zenbait hipotesi: «Izan liteke pozoi pixka bat jan duen arratoiren bat jan izana». Nekropsia egin arte, ordea, ezingo dute jakin zergatik hil den.

Eme hori, baina, ez da azkenaldian hil den elur hontz bakarra: Kantabrian ikusi zutena azaroan hil zen. Lekuonak adierazi duenez, oraindik ez dakite hegazti horri nekropsia egin dioten ala ez, baina «litekeena» da egindako bidaiaren ondorioz oso ahul egotea, eta horregatik hil izana.

Ez da ohikoa Artikoko hegazti horiek hegoaldean ikustea, hau ez baita haien habitat naturala: «Espainian ikusten diren lehen aldia da». Horregatik, ikusmira handia sortu zuten hiru hontzek, eta, biologoaren arabera, «merezi du» hegaztia ikusteko bidaia luze bat egitea: «Zuzenean ikustea ikaragarria da». Lekuonak ez ezik, beste zenbait euskal herritarrek ez zuten galdu hegaztiak ikusteko aukera: «Behin izaten da elur hontza ikusteko aukera», zioen haietako batek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.