Udako proposamenak

Harrizko zubiaren inguruan badago besta

Harri Zubiko Pesta egingo dute gaur Lapurdiko Larresoro herrian, Ote Lore elkartearen eskutik.

Iazko Harrizko Zubiko Bestako argazki bat. BERRIA
Iazko Harrizko Zubiko Bestako argazki bat. BERRIA
urko iridoy alzelai
2025eko uztailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iaz 40 urte bete zituzten, eta aurten urte «lasaiago» bat nahi zuten. Baina Ote Lore elkartearen grina itzalezina da. Urteurren handia ospatu zuten iaz, eta ekitaldi asko egin zituzten. Orain, berriro jarri dira martxan. Urte osorako programazioa ixten dabiltza, eta horren barruan da Harri Zubiko Pesta, gaur egingo dutena. Larresoroko (Lapurdi) harrizko zubiaren ondoan izango dira Ote Lore elkarteko kideak, hainbat lagunez inguratuta, elkar topatzea ospatzen. Musika, bertsoak eta janaria ez dira faltako.

Aurreko urteetan egun handiagoa izan ohi zen Harrizko Zubiko Besta. «Pilota partidekin hasten genuen eguna, baina aurten egun lasaiagoa egingo dugu, aurreko urtean lan asko egin genuen eta», adierazi du Ote Loreko kide Marie Andree Ouretek. Halere, urtero uztailean egiten duten moduan, aurten berriro ere egitea erabaki dute. Larresoroko kanpoaldeko zelai «polit» batean egiten dute besta, errekaren alboan. Bertan, harrizko zubi bat dago, egunari izena ematen diona. «Bertan bazkaltzen dugu, eta bertan sortzen da giroa. Egun oso polita izaten da».

12:00etan hasiko dute eguna, toka txapelketarekin. «Toka txapelketa ttipi bat izango dugu, zintzurra bustitzen dugun bitartean. Bazkalaurretik izango da». Gero, harrizko zubiaren alboan dagoen belardian egingo dute bazkaria. Aurten, ehun lagun inguru elkartuko dira. «Buffet antzekoa izango da», bakoitzak bere erritmoan jateko. Pintxoak izango dituzte, eta ondoren oilaskoa, gasna eta bizkotxoa.

Lagun arteko topaketa bat da besta. Ote Lore elkarteko kideez gain, herriko jendea bertaratzen da. Baina ez Larresoroko jendea soilik. «Leaburuko [Gipuzkoa] gure lagunak urtero etortzen dira eguna gurekin pasatzera. 30 pertsona baino gehiago etorriko dira». Duela 30 urte inguru mendi martxa batean ezagutu zuten elkar Larresoroko eta Leaburuko batzuek. Geroztik, harreman berezia sortu da bi herrien artean. «Leaburura joaten gara gu ere, eta haiek hona etortzen dira». Bi herriak senidetu egin ziren 2019. urtean. Hura ospatzeko, bi herrietako biztanleek festa handia egin zuten Leaburun.

«Duela 40 urteko egoera ez zen oraingoa bezalakoa, eta, horregatik, Ote Lore sortu zuten kideen lana nabarmentzekoa dela uste dugu»

MARIE ANDREE OURET Ote Loreko kidea

Jaten duten bitartean, bertsoek girotuko dute Larresoroko ibaiertzeko zelaia. «Aurten bi bertsolari gazte izango ditugu: Elixabet Etxandi eta Pettan Trebende». Ondoren, musika ez da faltako. Denak batera kantuan aritzeko aukera izango dute, Larresoro inguruko Triolinak taldeari esker. «Hiru musikarik osatzen dute Triolinak taldea, eta ahalmen ikaragarria dute giroa alaitzeko eta jendea dantzan jartzeko». Egun osoko besta da Harrizko Zubiarena; beraz, berandu arte izango dira festa giroan.

Azaroa jomuga

Euskal kulturaz gozatzea dute helburu Ote Loreko kideek. «Herrian horrelako kultur eskaintza edukitzea oso garrantzitsua da, eta horregatik sortu zen Ote Lore duela 41 urte. Norbaitek sustatu behar zuen euskara, eta elkarteak hartu zuen zeregin hori», azaldu du Ouretek. Iaz, garrantzitsua iruditu zitzaien elkartekideei urteurrena nabarmentzea. «Duela 40 urteko egoera ez zen oraingoa bezalakoa, eta, horregatik, Ote Lore sortu zuten kideen lana nabarmentzekoa dela uste dugu». Hainbat ekitaldi garrantzitsu egin zituzten urte osoan, eta erakusketa nabarmendu du Ouretek. «Bagenituen elkarteko artxiboetan dokumentuak, hasierak kontatzen zituztenak. Argazkiak ere bai. Horiekin erakusketa bat egin genuen, elkartearen historia azaltzeko xedearekin».

2025ari begira, azaroan dute ikuspuntua. Urtero, Azaroa Lore egitasmoa gauzatzen dute, hilabeteko asteburuetan. «Lehen, herriko bestak sanmartinetan ospatzen ziren. Hori berreskuratu nahian, guk gure programazioa egiten dugu». Hori prestatzen ariko dira hurrengo hilabeteetan, baina badute aurreratutako lana. «Azaroaren 7an, Patxi Bidartek kontzertua emango du. 8an, antzerki eguna izango dugu: antzezlan bat eta pare bat bakarrizketa. 10ean, bertsoak izango dira protagonistak; eta 20an, Ekaitz Bergaretxek solasaldi bat emango du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.