Harrotasun moduko bat

Hiriko gune berezietariko bat da Zaldi Zuria izenekoa, iruindarrek bisitariei maizen erakusten dizkietenetariko bat. Lasaitasuna eta edertasuna ditu alde, baita musika ere.

Zaldi Zuria izeneko ingurua eta San Jose plaza batzen ditu Redin kaleak, eta han dago hiriko etxetik etxerako pasabide bakarra. IDOIA ZABLETA / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Udako plaza

Zaila da xarma zer den zehaztea, eta, halere, zehatza izan liteke hitza Iruñeko Zaldi Zuria izeneko txokoa deskribatzeko. Ederra da eta lasaia, hiriko gune berezietariko bat, iruindarrek bisitariei harrotasun moduko batez erakusten dizkieten horietarikoa. Harresietatik atera baino lehen, hiriaren iparraldeko muturra zen inguru hori. Baina eguzkiarekin, ertz izandakoa aisialdirako erdigune bilakatzen da: jendea belarretan etzanda, tabernako terrazan zerbait edaten edo paseoan. Hiriko bistarik ederrenetarikoak ere han dira, gainera. Arrotxapea, Txantrea eta Sanduzelai auzoak eta Ezkaba mendia ere ikusten dira.

Taberna bat ere badago harresien bueltan; Zaldi Zuria izenekoa, hain zuzen ere. Eta ez da aitzakia txarra bertaratzeko asmoa dutenentzat. Zahar itxura du ostatuak, eta galdetuz gero, bisitariek argi izaten dute noizkoa den. Zehatz: «Erdi Arokoa edo». Modernoa da, ordea; garaikidea. 1960ko urteetan eraiki zuten, zehazki, baina ezin esan, halere, hasierako kalkulu horiek erabat okerrak diren, Kale Nagusian zegoen jauregi baten hondakinak erabiliz eraiki baitzuten jatetxe ere baden eraikina. Agerre jauregiko Erdi Aroko harriak erabiliz, alegia. Jauregi zahar harena da arku erdiko bobeda ere. Eta udan nahitaezkoa da, gainera, ostatua bisitatzea iruindar eta kanpokoentzat, ostegunetan terrazan egiten dituzten kontzertuengatik.

Redin kalea du alboan ostatuak. Ehun metro baino gutxiagoko txango labur, estu samar eta ederra. Eraikinetik eraikinera lurrik ukitu gabe doan hiriko pasabide bakarraren azpitik pasa, eta katedralaren albo batean dagoen plaza batera heltzen da kalea, San Jose plazara. Kapsula moduko bat da gune hori; barea. Beste garai bateko erritmoa darie hango horma eta harriei. Komentuak, katedralak eta garai bateko altzari eta tresnak saltzen dituen zaharkin dendak ematen diote giro berezi hori. Badu sakratutik zerbait hango isiltasunak, eta badira horren frogak: Nabarreria eta Caldereria kaleetatik metro gutxira egon arren, sanferminetan ere isila da ingurua. Isila, festen isiltasun parametroen arabera, baina isila, halere. Zehatz esanda: Isila edo. Ez da inolaz ere gutxi.

Atsegina egunez eta gauez

«Hiriko gunerik politenetariko bat da Zaldi Zurikoa», dio Isabel Eslabak. Iruindarra da bera. «Gunea oso ederra da. Xarma badu, historia ere bai, eta, gainera, oso bista ederrak ditu. Hiriko lekurik adierazgarrienetariko bat da». Giroak erakartzen du, halere, gehien. «Eguraldi ona egiten duenetan, jende gaztea izaten da beti hemen, eta are gehiago kontzertuak izaten direnetan. Oso giro atsegina izaten da, eta mugimendurik ez da falta».

«Eguzkia ateratzen denetan etortzen naiz», dio Mikel Ferreirok. Zaldi Zuriko belardietako batean dago eserita, eguzkiaz gozatzen. Gauez ezagutu zuen txokoa lehenengoz, ordea. «Beasaingoa naiz, eta ikastera etorri nintzenean ekarri ninduten hona, udaberrian edo. Gauez, egotera. Gero Alde Zaharrera joateko. Oso ongi egoten da hemen gauez ere». Iritzia eman du gero: «Iruñeko lekurik politena da hau. Erakusteko modukoa, bai». Hala ezagutu zuen ingurua Leire Legorburuk ere. «Leku polita zela, eta ekarri egin ninduten. Ez zitzaien arrazoirik falta».

Motorretan etorri dira, Alemaniatik, Frank Kostxevoski eta haren lau lagunak. Seigarren urtea dute Iruñean; lehena, ordea, Zaldi Zurian. «Alde Zaharra asko gustatzen zaigu, eta txoko hau ere ederra da», diote. Baduela bere xarma, alegia. Fama, ez hainbeste. Gogorra du lehia, izan ere. «Noiz hasten dira hemen zezenak kaleetan korrika?», galdetu du Kostxevoskik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.