Hartu dute norabide berria

Pirinioetako Lan Komunitateak Belaguako aterpea berritzeko proiektua onartu du. Nafarroara ez ezik, Biarnora ere zabalduko da, eta Laberouat aterpea berrituko dute.

Belaguako aterpea erakusten duen seinalea, aparkaleku inguruan. I. URIZ / ARP.
Iker Tubia.
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Biribilagoa izango da». Elena Congetek begi onez ikusi du Belarouat proiektua. Belaguako (Nafarroa) Angel Oloron aterpean lanean aritu zen bederatzi urtez, 1994ra arte. Proiektuari esker, Belaguako aterpea berrituko dute, eta berriz ere garai bateko zerbitzua eskainiko du etxe horrek. Baina proiektua ez dagokio soilik aterpeari. Biarnoko Laberouat aterpea ere berrituko dute, eta inguruetako bideak hobetuko dituzte. Horregatik uste du Congetek biribilagoa izanen dela oraingoa.

Koldo Aldaz ere oso kontent dago «azkenean» aterpea berritzeko diru saila jasoko dutelako. Hura ere aterpearen arduradunetako bat izan zen 1981etik 1993ra. Gogoratu duenez, Nafarroan ehun mendi talde inguru daude, eta 10.000 lagunek dute mendi federazioaren lizentzia. «Zaletasun handia dago, eta behar da aterpea». Esan duenez, aterpearen alde egin dute federatutako mendizaleek. «Federaturik gauden guziok ilusio bera dugu, batzar orokor guzietan babesa eman diote proiektuari».

Azaroaren 9an onartu zuen proiektua Pirinioetako Lan Batzordeak, eta Potecfa 2014-2020 programaren diru laguntzak jasoko ditu. Hain zuzen ere, proiektuaren %65 ordainduko du Poctefak, Mendizale Federazioak %25 hartuko du bere gain, eta Nafarroako Gobernuak aurreratu du proiektua babestuko duela. Belarouat proiektua Belagua eta Laberouat hitzen elkarketaren emaitza Erronkari ibarrean eta Biarnon garatuko da, Pic d'Anie inguruari eta Larrako erreserba naturalari balioa emateko, eta Pirinioetako bi aldeetako aterpeen arteko lankidetza sustatzeko.

Proiektu osatua

Azpiegiturak egokitu eta berritzeaz gainera, inguruetako bideak hobetuko dituzte, ibarretako turismoa bultzatu nahi dute, eta mendiari buruzko ezagutza zabalduko dute gazteen artean, bai Nafarroan, bai Biarnon. Gainera, bi aldeetako gazteek elkarrekin parte hartuko dute hainbat egitasmotan. «Gazteentzako jarduera horiek ederrak eta erakargarriak dira, eta %90 lagunduko dituzte diruz», dio Aldazek. «Horiek aurrera eramateko ilusioz gainezka gaude».

Belaguako Aterpeari dagokionez, lotarako 50-60 leku eskainiko ditu 4-6 laguneko logeletan, eta elbarrientzako egokitutako bi gela izanen ditu. Jatetxea eta taberna ere jasoko ditu, Larrari buruzko informazioa banatzeko gunea izanen da, eta bertan eskainiko dira heziketa programak ere. Aterpearen ardura Nafarroako Mendizale Federazioak du 2015. urteaz geroztik, Erronkariko Batzarrak kudeatzeko ardura eman baitzion urte hartan. Sinatutako akordioa hogei urterako da. «Aterpea martxan jartzen dugunetik hogei urtez kudeatu ahal izanen dugu. Eraikina berritzeko proiektua hiru urtekoa da. Asmoa da lanak hurrengo udan hastea», zehaztu du Aldazek.

Mugaz gaindiko proiektua izanik, alde guzietako elkarteak batu dira: Nafarroako Mendizale Federazioa, Erronkaribarreko Batzarra, NUCDO Nafarroako enpresa publikoa, Pirinio Atlantikoetako Irakaskuntza Liga eta Laskuneko Udala. Nork bere alorrean eginen du lan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.