Gauaren zain, giltzak eta suziriak jaurtikitzeko herriko etxeko balkoitik. Hor dago, besteak beste, Xala pilotaria. Iaz ere gonbidatu zuten, baina aldi honetan, izarrak dirdira handiagoa dauka, txapel bat gehiago baitauka soinean.
Aldarrikapenerako unea ere izan da bestaren hasiera ofiziala. Ingelesez Euskal Herria askatzeko eskatzen duen pankarta handi bat zabaldu dute hainbat lagunek herriko etxe pareko eraikin batean.
Bota dituzte giltzak, eta hasi da besta ofizialki, 22:00etan.
Dena dela, gero eta gehiago dira balkoiko baimenaren zain egon gabe bestan hasten direnak. Funtsean, egitarau ofizialak ere hainbat ekitaldi sartuak ditu egunean zehar. Bestazalearen lasterketa hasteko. Giharrak berotzeko hamabi kilometroko ibilaldia. Beti bezain arrakastatsu, maila guztietako kirolariak aurkitzen dira hor. Irria ezpainetan, behin Baionara heldu eta, gainera, moleta goxoak dituzte zain, tripa betetzeko gisan. Piper eztiaren alde dabilen sindikatuak antolatzen duen txapelketari 29 elkartek aurre egin diote aurten. Piper ezti, arrautza eta beste hamaika sekretu, moleta hoberena egiteko. Hor ere irria eta giro goxoa, ikusiz gainera azken egun eta asteetako aro txarrak aspaldiko partez eguzkiari utzi diola lekua.
Piper eztiaren behin-behineko arrakasta horretaz baliatu da sindikatua, gainera, ekoizpena ezagutarazteko. Sormarka Gorria lortu nahian dabiltza azken hiru urte hauetan. Horretarako, piperra «besteak baino hobea dela frogatu behar da», sindikatuko presidente Koldo Bizkaiek dioenez. Piperra bera, eztia izateaz gain, berde, luze eta fina da. Jadanik laborategietan eginak izan dituzte zenbait azterketa, dastatzaileekin, eta emaitza baikorrak izan dituzte. Hasteko, txapelketa kari eginak izan diren moletekin arrakasta ukaezina lortu du piperrak beste behin.
Moleten pintxoak jan, zintzurra busti eta bazkaltzera. Gero eta gehiago dira besten hasiera aitzineko atsedenaldiaz baliatzen direnak elkar aurkitu eta bazkaltzeko. Zuri eta gorriz, nolaz ez. Enpresetako langileen artean, lagunen artean, urteroko hitzorduak bilakatuak diren erritualak.
Hiri bat, eta hainbat besta mota, ororen buru. Gomita desberdinak ez dira falta. Horien artean, Baionako gazte talde batena. Baionako bestak «gizartearen bilakaera tragikoenaren erakusle dira», haien iduriko. «Mozkorkeria hutsa, bortizkeria alde guztietan, sexu jazarpena, bortxaketak eta beste hainbat ezaugarri behin betiko kendu behar direnak». Eta preseski, hori ikusirik, alternatiba batekin dator. Atzo bertan, ofizialaren tenore berdintsuetan hasiera alternatiboa egin zuten, Baiona Ttipiko Cordeliers karrikatik. Lehen aldikotz egin zutena. Gaur, poteo musikatua proposatzen dute.
Baionako bestak
Hasi da Baiona
Xalak jaurti ditu herriko etxetik hiriko giltzak, beste hainbat kirolarien laguntzarekin, eta Barrosok bota du bertsoaHerritar gehienak ez dira hasieraren beha egon besta giroan murgiltzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu