Baionako bestak

Hasi da eromena

Vincent Cassel aktoreak, Baionako errugbi taldeko jokalariek eta Yvan Levai kazetariak bota dituzte giltzak Baionako herriko etxetikLau haizeetatik milaka bestazale etorri dira, eta besten 80 urteak ospatuko dituzte aurten

Zuri gorriz jantzitako jende uholde batek hartu ditu Baionako herriko etxearen inguruak bestei hasiera ofiziala emateko. Irudian, Maddi Sarasua bertsoa botatzen. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gaueko hamarrak, Baionako herriko etxeko plaza bestariz beterik. Errobi eta Aturri beren ohetik atera balira bezala,jende uholde handi batek estali zituen barda herriko etxearen inguruak. Han ziren, elkarren gainean, oihuka, irriz, pozik, txaloka, punpaka, dantzan, zapi gorria zerurantz altxaturik, hamar ezkila ukaldien beha. Besta hasteko baimena izango balira bezala. Urtero bezala, milaka lagunek erantzun zioten Baionako besten hastapena izaten den txupinazorako gomitari. Jaiek laurogei urte bete izana ohoratzeko unea izan zen.

Aldarrikapenerako momentuaere izan zen. Euskal Herria askatzeko ingelesez eskatzen duen pankarta handi bat zabaldu zuten herriko etxearen parean. Herrira mugimenduak ere euskal preso eta iheslariekiko sostenguzko mezuak hedatu zituen.

Aurten, Vincent Cassel aktoreak, Baionako errugbi taldeko jokalariek eta Yvan Levai kazetariak bota zituzten giltzak, betiko euforia eraginez. Hiriko auzo nagusiak ordezkatzen dituzten hiru gakoak bota orduko, bakoitzak bere bidea hartu zuen Baiona txikirantz, handirantz ala Santizpiriturantz. Horra, bestak ofizialki hasiak dira,Leon erregearen ganberako erridauak irekirik, suziriak zeruan dantzan... bestazalea izanen da jaun-andere eta jabe Baionan. Lau egunez zuri-gorriz pintatua izanen da Baiona. Denak dira zuriz jantzirik. «Ez da uniformitatea, berdintasun kontu bat baizik», herriko etxearen ustez. Beste kolore batzuz janzteko hautua egiten dutenek jaso ohar eta kritikek zalantzan ezartzen dute, haatik, berdintasun balio hori.

Igandera bitarte, milioi batfestazale espero dira; 45.000 biztanleko hiria txiki geldituko da. Herritarrez gain, Ipar Euskal Herriko anitzek dute itzuliñoa egiten, lankideen, senideen edota lagunen arteko parranda gunea baita. Beste anitz dira Frantziatik etorriak,ferias de Bayonne delakoetara jindakoak. Baliteke horietariko anitzek euskaraz entzunen dituzten hitz bakarrak Maddi Sarasua Laskaraik kantaturikoak izatea. Guneka gordetzen den euskal giroa ez bada kausitzen, ohartu gabean pasa daitezkeelako lau egunak, Akizeko (Frantzia) festetan bagina bezala.

Haste ofizialari itxaron gabe

Ez pentsa haste ofizialaren beha egon zirenik guztiak. Goizetik lotu ziren bestari anitz, eta bihotz oneko eguzki beroak garagardoari lotzeko lana erraztu zien. Poliki-poliki bete ziren karrikak, eta alde guztietarik animazioak loratzen ari ziren. Jatetxeek karrikan ezarri mahaiak gainezka beterik ziren, jarririk ez zirenak aperitifa luzatuz freskatu nahian zebiltzala. Funtsean, egitarau ofizialak ere hainbat ekitaldi sartuak ditu egun guzirako. Piper eztiaren alde dabilen sindikatuak antolatzen duen moleta txapelketa, bestazalearen lasterketa, pilota partidak, arraunketa... Hori dela eta, 22:00etarako ator zuria zapia bezain gorria zuten anitzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.