Normalean baino hiru egun geroago hasi dira Iruñean entzierroetarako hesiak jartzeko lanetan. Aldaz Anaiak zurgindegiko langileak gaur hasi dira lanean —ekainaren 1ean hasi ohi dira normalean—, eta uztailaren 6rako amaitzea espero da. Jarri beharreko hesietatik lehenak dagoeneko jarri dituzte plazako sarreran. Han amaitutakoan, Santo Domingora igaroko dira, eta handik beherantz jarraituko dute.
Denera, 900 zutoin, 2.700 ohol eta 2.500 ziri jarri beharko dituzte, uztailaren 7tik aurrera zezenen eta lasterkarien ibilbidea mugatuko duen hesia osatzeko. Arduradunek azaldu dutenez, materialaren %2 inguru berritu egin behar izan dute, urteekin egurra hondatuz doalako.
Datozen egunetan, bestalde, entzierroen ibilbidean dauden ibilgailuak mugiaraziko ditu Udaltzaingoak. Horretaz gain, plazan ezkutaleku berri bat egiten hasiak dira, eta baita argindarraren instalazioa berritzen ere.
Iruña festazalez betetzeko hilabete eskas geratzen den honetan, prestakizunak aurrera doaz. Joan den maiatzaren 16an ezagutu zen lehen aldiz jaiak iragarriko dtuen kartela: Iruñea, argien hiria izenekoa. Bertan, lehen aldiz, ez da ez zezenik eta santurik ageri, aldiz, erraldoiak dira protagonista.
Kartel irabazlearen egileak, Adriana Eransusek BERRIAri azaldu zion moduan bat-batean sortutako ideia baten ondorio izan zen kartela: "Uste dut kartel hau irekia dela: irekitzen zaio zeruari, izarrei, eta irekitzen zaio munduari".
Horretaz gain, apurka apurka egitaraua ere argituz doa. Uztailaren 8an Berri Txarrak taldearen Infrasoinuak diskoa entzuteko aukera izango da Foruen plazan.
Txupinazoa nork?
Uztailaren 6an suziria botako duenaren izena jakitea falta da oraindik, hala ere. Lau hautagaien artean bat aukeratu beharko dute herritarrek hilaren 21a bitartean egingo den bozketan. Motxila 21 musika taldea, Chrisallys haur eta nerabe transexualen gurasoen elkartea, Los Amigos del Arte musika elkartea eta Miguel Araiz erretiratu berri den unaia dira hautagaiak.