Lazaro Larzabal. Arrantzako itsasontzi kapitain ohia

«Hasi nintzenean sestantea beste gauzarik ez zegoen»

Donostia
2011ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Donostian jaio zen Lazaro Larzabal (1935), baina 8 urterekin Ondarroara (Bizkaia) joan zen bizitzera. Gaztea zela hasi zen baxurako arrantzan. Orain Galizian bizi da, erretiratuta, belaontzi batean. Euskara ez duela erabiltzen eta asko galdu duela dio, baina euskaraz egin du elkarrizketan, Ondarroako hizkeran.

Zer sentitzen da norberaren bizitzaren inguruko liburu bat publikatuko dela jakitean?

Niretzat gauza handia izan da. Zortzi bat urte neuzkala Ondarroara iritsi nintzenekoa irakur daiteke. Eta, gero, karrera guztia han egin nuenekoa… Orain, Vigon bizi naiz (Galizia), eta proiektu hau egiteko etorri nintzenean, berria izan zen niretzat, eta oso polita.

50 urtetik gora ibili zara arrantzan. Nola aldatu da arrantza ordutik?

Aldaketa gogorra izan da. Gainera, ni itsasoan hasi nintzenean, sestantea beste gauzarik ez zegoen. Eta, jakina, tresna horrekin ordu zehatza behar izaten da, itsasoko zein tokitan geunden jakiteko; orduan, erloju ona egunean minutu bat edo bi atzeratzen zein aurreratzen zena zen. Aurrenengo aldiz irratia jarri genion itsasontzia Ben Hur izan genuen. Oraindik sestantearekin jarraitzen genuen, ordea, eta tripulazioko gazteena nintzen. Hasiera gogorra izan zen. Baina geldi-geldirik aurrera joan ginen eta begira.

Bakailaoa gutxitzen hasi zenean…

Gero eta gogorragoa izan zen. Hara heldu nintzenean, konturatu nintzen denak beti toki berean ibiltzen zirela arrantzan, eta ni iritsi nintzenean, esan nuen: «Ze arraio! Bakailaoa hemen bakarrik egongo al da, ba! Ba, banoa». Bakarrik ibiltzen nintzen beti, eta hango jendeari ez zitzaion hori gustatzen. Kontua zen bakarrik ibilita oraindik eta gehiago harrapatzen nuela eta, beraz, haiek guztiak kontra nituela.

Zer dauka itsasoak hainbeste gustatzeko?

Euskaldun asko ditugu mendiak igotzera joaten direnak. Haiei zergatia galdetutakoan diote mendi bat igotzen ari direnean gustura daudela. Niri berdina gertatzen zait, itsasoarekin. Itsasontzi batean bizi naiz. Jendeak galdetzen dit: «Aspertu egingo al zara?». Ni aspertu!? Itsasora ateratzen naiz belaontziarekin, arrantza ere egiten dut apur bat... Nire giroan nago, eta horri esker beste inor baino gusturago egoten naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.