Eider Ruiz de Agirre

«Hasieran, hanka sartzeko beldur nintzen»

BERRIA.
Nagore Etxeberria.
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ez bat, eta ez bi; hiru saiakera behar izan ditu Eider Ruiz de Agirrek (Bilbo, 1978) suhiltzaile lanposturako lan finkoa lortzeko. 2007an aurkeztu zen lehen oposizioetara, «zer zen jakiteko», baina ez zituen probak gainditu. 2009tik aurrera egin dituen oposizioak, baina, buru-belarri prestatu ditu. 2009koak gainditu zituen, eta lan poltsan sartu zen. Ordezkapenak egiten hasi zen 2010ean, eta sei urtez Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen taldeko kide izan da. Ez zuen etsi lanpostu finkoa lortzeko ahaleginean, eta Bilboko suhiltzaileetako postua eskuratzeko deialdira aurkeztu zen 2015ean. Hiru oposizio oso-osorik gainditu ostean, lanpostu finkoaren jabe da. Ia urtebete darama Bilboko suhiltzaile gisa.

Azkenean, «txikitako ilusioa» bete du. «Beti atentzioa eman didan lana da. Lan gogorra da, baina polita, esker onekoa eta besteei laguntzekoa». Biologiako lizentziaduna izanagatik, suhiltzaile lana izan du beti buruan bueltaka, eta amak animatu zuen ametsa egia bihurtzera.

Jakin bazekien gogor prestatu beharko zuela proba fisikoak gainditzeko, baina prest zegoen esfortzu hori egiteko. Kirolzale amorratua izanik, ez zuen arazo handirik izan fisikoki prestatzeko. «Betidanik nahiago izan dut aire zabalean kirola egin. Gimnasioa ez zait gustatzen, baina orduak sartu behar izan ditut gimnasioan oposizioak prestatzeko». Prestatzaile fisiko baten laguntzarekin aritu zen entrenatzen, eta argi du harengatik ez balitz lesionatuta amaituko zuela 2009ko proba haietan.

Bere «pasioa», surfa, albo batera utzi behar izan zuen beste prestaketa batzuk egiteko, baina «merezi izan zuen ahaleginak», lanpostu finkoa eskuratu baitzuen.

Bizkaiko Foru Aldundiko lehen emakumezkoa izan zen, baita Iurretako parkera lanera joan zen lehena ere, eta aitortu du «urduri» zegoela: «Neure buruaren presio handia sentitzen nuen. Hasieran, hanka sartzeko beldur nintzen». Lankideek, baina, «oso oso ondo» hartu zuten.

«Kalean kaskoa kendu izan dudanean harridura aurpegiak ikusi izan ditut, baina sekula ez didate ezer txarrik esan». Lankideen aldetik, berriz, ez da sekula baztertua sentitu. «Jendeak ez dio garrantzi berezirik ematen emakumezkoa izateari. Hasieran pentsatzen nuen gauzak egiteko gai nintzela erakusten aritu behar nuela. Baina nire gauza zen. Alde horretatik, lasaiago nabil orain».

Lankideekin ederki moldatzen da, eta gustura dabil gizonezkoen artean. Baina emakumezko suhiltzaile gehiago egoteak aparteko ilusio egiten dio: «Beti egoten naiz emakumezkoren bat iristeko irrikan. Apurka, gehiago animatzen dira, eta izugarri pozten naiz». Hala, lanbidea gustatzen zaien emakumeak animatu ditu: «Gustura lan egingo dutela uste badute, saia daitezela, lortu daiteke eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.