Gose zegoen Gernika-Lumoko (Bizkaia) Gargantua. Hain gose, 79 urte baitzeramatzan haurrik jan gabe. Baina dieta alde batera utzi, eta apetitua berreskuratu du. Izan ere, ia zortzi hamarkadako hutsunearen ostean, Gargantua berria dauka Busturialdeko herri horrek. 1937ko bonbardaketan erre zuten aurrekoa, eta, orduz geroztik, hutsune hori izan dute hango jaiek eta haurrek. Baina Jose Mari Gorroño alkateak azaldu du «jaietako historia hori berreskuratzea lortu» dutela. Eta, horrekin, baita herriaren beraren historia ere.
Egun berezia izan zen atzokoa. Javier Alberdi, Jesus Kortabitarte eta Ricardo Agirrerentzat, duela ia laurogei urte erre zen Gargantua hura ezagutu zutelako, eta, herriarentzat, haren ordezkoari ongietorria egin ziotelako. Alberdik gogoratu du zazpi urte zituela 1934an, eta orduan jarri zutela azkenekoz Gargantua herriko jaietan. Gogoan du nola sartu zen gizontzarraren ahoaren barruan, eta ziztu bizian nola jaitsi zen txirristatik: «Ahotik behera joan, eta, atzeko aldetik ateratzean, galtzak apurtu nituen, amaieran iltze bat zuelako». Oraingoak iltzerik eduki ez arren ez zuela duela 82 urte egin zuen jaitsiera hura errepikatuko azaldu zuen, irri artean. Gustura zegoen, hala ere, herriko jaietako elementu bat berreskuratzea lortu duelako Gernika-Lumok. Are gusturago zegoen, gainera, Gargantuaren aurkezpen ibilbideari hasiera eman ziolako, Kortabitarte eta Agirrerekin batera zinta moztuta.
Poza ezkutatu ezin zuen beste bat Xabier Garate zen. Hark izan du Gargantua berria egiteko ardura, bere anaiarekin batera. «Sorpresaz hartu genuen lan hau egiteko eskaintza, eta, horregatik, gustu handiz egin dugu lan hau», aitortu zuen. Eta beste edozein Gargantua baino indar sinboliko handiagoko lana izan dela ere nabarmendu zuen: «Gerraren aurkako ezer baldin badago, hori festa da».
Baina inork gustura egon behar bazuen atzoko egunez, horiek haurrak ziren. «Udal ordezkariei eta gainerakoei gustatzea ongi dago, baina Gargantua haurrei gustatu behar zaie», zioen Garatek. Haien oniritzia zela gehien axola ziona zioen. Eta haurrek txoratzen erantzun zuten.
Arratsaldean egin zuten aurkezpen ibilaldia, sei erraldoi, zaldiko eta buruhandien laguntzarekin. Merkurio plazara noiz iritsiko zain zeuden denak iluntzerako. Ordubeteko ibilbidearen ondoren iritsi zen gizontzarra haurrak jateko gosez, eta berehala hasi zen horretan. Sartu zen lehen haurra haren ahoan, jaitsi zen txirristatik, eta Gargantuak ahoa eta begiak itxi zituen. Haurra irri artean eta pozik atera zen haren atzealdetik.
Hamabigarren Gargantua
Gernika-Lumokoa Gargantua aurkeztuta, hamabi dira mundu osoan dauden gizontzarrak. Itxura guztien arabera, XVI. mendeko kondaira batean oinarrituta dago pertsonaia hori. Istorio horrek haurrak jaten zituen gizon bat zuen protagonista, eta horretan oinarritu ziren 1854an lehen Gargantua egiteko. Bilbon egin zen hura, eta, orduz geroztik, mundu osoan ordezkari gehiago ditu pertsonaiak: Gasteizen, Laudion (Araba), Espainiako zenbait hiriburutan, baita Argentinako Mar del Plata eta Nocoechean ere. Bidean galdu zen anaia hori berreskuratu dute orain Gernika-Lumon, eta gaur hasiko diren jaiek haren historia berreskuratu dute.
ATZEKOZ AURRERA
Haur gosez itzuli da Gargantua
Gargantua propioa dauka Gernika-Lumok, 79 urteren ostean. 1937ko bonbardaketan erre zuten lehen zutena. Pertsonaia herrira ekarrita, jaien historia berreskuratu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu