Marijaia eta Gargantuarekin batera, Aste Nagusiak bi pertsonaia berri ditu: Karpatxo eta Mekanitxin. Egiturak egiteko barrak eta ileorde urdina dute buruan, eta haurrei konpartsakideen izaera transmititzeko ardura hartu dute. Horrela, Konpartsakidetu! egitasmoaren barruan, haurrentzako hainbat tailer ematen ari dira: besteak beste, goitibeherak egiteko, txosna bat muntatzeko, eta su artifizialen ingurukoa. Atzo bertan, esaterako, Irrien Lagunak-eko Ane eta Piratekin parrandan ibili ziren.
Aste Nagusira iritsi zarete haurrei konpartsakide nola izan erakusteko. Beharrezkoa da?
KARPATXO: Nik uste du ezetz, haurrak dira jaiaren espiritua, eta ez dute ikasi behar nola pasa daitekeen ondo.
MEKANITXIN: Bai, nik uste dut guk gehiago ikasiko dugula eurengandik, alderantziz baino.
Zer erakusten dizuete haurrek jaietan ibiltzeko garaian?
MEKANITXIN: Dantzatzen.
KARPATXO: Jolasten.
MEKANITXIN: Abesten, eta dibertitzeko espiritua.
KARPATXO: Ondo bazkaltzea eta ondo afaltzea. Eta horren ondoren, baita atsedena hartzeko beharra ere.
MEKANITXIN: Tira, hori ez da hainbesterako ere, beti egon behar da prest parrandarako!
KARPATXO: Bueno, ez pasatu Mekanitxin. Atsedena hartu behar da noizean behin.
Zuen asmoa konpartsen espiritua haurrengana zabaltzea da. Zein da espiritu hori?
KARPATXO: Elkarlana bultzatzea, ondo pasatzea, eta, batez ere,errespetua.
MEKANITXIN: Hori da, jai herrikoiak eta herriarentzakoak nola egiten diren erakusten diegu txikienei.
Eta nola erantzuten dute?
KARPATXO: Oso ondo! Haurrak, baina baita helduak ere, ikusten gaituztenean, irribarrez inguratzen zaizkigu!
Hainbat tailer egiten ari zarete: txosnak muntatu, goitibeherak...
KARPATXO: Bai, oso ongi pasatzen dugu. Tailer batean kalejira nola egin erakutsiko dugu.
Eta hori nola erakusten da?
KARPATXO: Zarata egiten, dantzatzen eta ondo pasatzen.
Parranda egiten, alegia.
KARPATXO: Hori da, bai. Bihurrikeriak egiten ere ibiltzen gara, eta hori badakite ondo egiten!
Karpatxo eta Mekanitxin. Bilboko Aste Nagusiko pertsonaia berriak
«Haurrak dira jaiaren espiritua; ez dute ikasi behar nola pasatu ondo»
Festa giro betean dago Bilbo, eta haurrak dira protagonistetako batzuk. Konpartsen espiritua transmititzeko tailerrak ematen ari zaizkie Karpatxo eta Mekanitxin pertsonaiak; aurten iritsi dira lehen aldiz festetara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak